Siriako parlamentua hautatuko dute krisi eta pandemia betean

Al-Assadek agintea berrestea espero da. Gobernua eta oposizioa konstituzio berri bat adosteko negoziazioetan ari dira. 2021ean egingo dira presidentetzarako bozak

Baxar Al-Assad Siriako presidentearen aldeko manifestariak, Damaskoko Umayyad plazan, joan den ekainean. YOUSSEF BADAWI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gaur, gerra hasi zenetik hirugarrenez egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak Sirian. Bederatzi urte baino gehiago dira gatazka armatua piztu zela, eta berriro ere gerrak baldintzatutako testuinguruan bozkatuko dute herritarrek. Soilik gobernuak kontrolatzen dituen lurraldeetan eman ahalko dute botoa. Herrialdearen zatitik handienean izango da hori, Damaskoren esku baitago Siriako lurraldearen %70. Talde islamistek kontrolatzen dituzte ipar-mendebaldeko Idlib probintzia, eta Alepo eta Hama hiri inguruak; indar kurduen agintepean da ipar-ekialdea. Baina, gerraz gain, koronabirusaren pandemiak, krisi ekonomikoak eta haren harira sortu diren protestek ere baldintzatuko dute bozketa. Baxar Al-Assad presidenteak hogei urte bete berri ditu boterean, eta gaurko bozketan bere agintea berretsiko duela espero da, datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak zerumugan direla.

 

Siriako herritarrek Herri Batzarra osatuko duten 250 ordezkariak hautatuko dituzte gaur. Bi mila hautagai baino gehiago izango diren arren, oposizioko hainbat buruzagiri bozetara aurkezteko aukera ukatu diete. Horien artean, 2016ko bozetan lehiatzeko aukera izan zuten hainbat hautagaitza.

Baliteke parlamentuaren gaineko kontrola ohi baino are garrantzitsuagoa izatea Al-Assadentzat nahiz oposizioarentzat, Siriako etorkizuneko agertoki politikoan eragite aldera, bi aldeak eta gizarte zibileko hainbat eragile Konstituzio berri bat adosteko elkarrizketetan ari baitira Genevan (Suitza), NBE Nazio Batuen Erakundearen babesarekin. Konstituzio berri baterako mahai gainean den eztabaidagaietako bat da presidentearen agintaldien luzera legez mugatzeko aukera.

Akordiorik balego, hitzartutakoaren mamitze prozesua eta haren denborak kontrolatzeko aukera izango du parlamentuan gehiengoa duenak, eta, esaterako, aginte mugatzeari buruzko irizpidea 2021eko bozen ostean ezartzeko egoera hobean egongo litzateke.

Iazko urrian hasi zituzten negoziazioak Siriako Gobernuak eta oposizioak. Ahaleginak ez du uztarik eman oraindik, baina badirudi nagusitzen ari dela garaipen militar erabatekoa ezinezkoa izango den ideia. Hala adierazi dute, behintzat, gerran aldeei babesa ematen dieten herrialdeek: batetik, Errusiak eta Iranek —Al-Assaden aliatuek—, eta, bestetik, Turkiak —oposizioko talde islamisten aliatuak—. Hirurak uztailaren 1ean bildu ziren azkenengoz, eta Idlib probintziako su-etenari eustearen beharra nabarmendu zuten.

Zigor ekonomikoek itota

Borroka militarren intentsitatea apalduta baina ez guztiz etenda—, krisi ekonomikoaren ondorioak dira orain herritar askoren kezkarik handiena. 2019 urtearen hasieraz geroztik, nabarmen garestitu dira oinarrizko produktuak eta elikagaiak, eta egoera ekonomikoak behar larrian utzi ditu herritarrak, lehenagotik irauteko ere zailtasunak baitzituzten. Siriako biztanleriaren %80 pobreziaren mugatik beherako baldintzetan bizi da.

AEBek Irani ezarri zizkioten zigor ekonomikoek eragin zuzena izan dute Sirian, nabarmen murriztu baitu Irandik inporta dezakeen petrolio kopurua, eta menpekotasun handia baitute harekin. Horrez gain, herrialdeak lotura ekonomiko estua du Libanorekin, eta herrialde hartako krisi ekonomikoak ere zigortu egin ditu gerrarengatik Libanoko bankuetan beren aurrezkiak gorde dituzten herritarrak edota ondoko herrialdera jo duten Siriako enpresak.

Hori gutxi balitz, AEBek Siriako Gobernuaren kontrako zigor ekonomikoak jarri zituen indarrean ekainean. Damaskok «terrorismo ekonomikoa» bultzatzea leporatu dio Etxe Zuriari.

Egoera ekonomikoa salatzeko protestak izan ziren joan den hilean Siriako hiri eta eskualde ugaritan. Erreforma ekonomikoak abian jartzea eta ustelkeriaren kontrako neurriak hartzea galdegin diote gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.