Greziak Segurtasun Kontseilura eramango du Turkiarekiko auzia

Turkiak ostegunera arte egingo ditu maniobra militarrak. Atenasek ohartarazi du ez duela elkarrizketarik hasiko Ankararekin hark «gerraontziak» erretiratu ezean. Bruselak irailaren 24an aztertuko du auzia

Turkiako Fatih ontzia gasa bilatzeko lanetan, Marmara itsasoan. ERDEM SAHIN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Mediterraneo ekialdearen kontrola lortzeko lehia ez da eten. NATOk iragarri zuen herenegun bi herrialdeen arteko elkarrizketak hasiak zirela, baina soilik «aurrez aurrekorik» gerta ez dadin Mediterraneoan egiten ari diren maniobra militarretan. Bruselak ere abiatu ditu ahalegin diplomatikoak, bi aldeek elkarrizketak has ditzaten. Baina Turkiaren jarrerarekin kexu, Greziak gorago jotzea erabaki du, eta auzia Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eramango du.

Greziako Atzerri idazkari Nikos Dendiasek NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Antonio Guterresengana jo zuen atzo, eta salatu Turkiak «kolokan» jarri duela Mediterraneo ekialdeko «egonkortasuna eta bakea», eta eskatu zion Segurtasun Kontseilura eraman zezala auzia. «Argi utzi nahi dut Grezia ez dela Turkiarekin negoziatzen ari. Guk argi eta garbi esan dugu ez garela harekin hitz egitera eseriko, harik eta bere gerraontziak Greziaren plataforma kontinentaletik ateratzen dituen arte, ez lehenago», berretsi zuen Dendiasek. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergekin bildu aurretik.

Turkiak, ordea, ez du halako asmorik agertu, alderantziz baizik. Bere itsas eremua aldarrikatzeko asmoz, maniobra militar gehiago egingo dituela iragarri du, gaur hasi eta datorren osteguna bitartean, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako militarrekin batera eta uhartearen iparraldeko uretan. Mevlut Cavusoglu Trukiako Atzerri ministroaren hitzetan, haien helburua da Turkiaren eta Ipar Zipreko turkiarren «eskubideak defendatzea». Atzerri ministroak ukatu egin du inoren eskubideak urratzeko asmoa dutela, eta nabarmendu Mediterraneoko beste herrialdeekin elkarlanean aritzeko prest daudela, baina «elkarlanik ez dagoenez» maniobra militarrei euren kabuz ekitea erabaki dutela. «Gure asmoen argigarri da, hain zuzen, NATOk Greziarekin batera elkarrizketa teknikoetan parte hartzera gonbidatu gintuenean baietz esan genuela; berdin egin zuen Greziak ere, baina azken orduan uko egin zion gurekin biltzeari. Ez da lehen aldia Greziak gezurra esaten duena halako auzietan», salatu du Cavusogluk.

Turkiak ofizialki Greziarena den itsas eremuan gas putzu handi bat aurkitu izanak eragin du bi estatuen arteko azken gatazka. Nazioarteko legediaren arabera, herrialde bakoitzeko itsas eremua kostaldetik 200 militara zabaltzen da (370 kilometro inguru); herrialde horrek uharteak baditu, baina, haien kostaldea ere aintzat hartuko litzateke itsas eremua neurtzeko garaian. Greziaren kasuan, Atenasek beretzat jotzen du Kastelorizo irlatik Turkiako kostaldetik bi kilometro eskasera hasi eta kontinentetik 520 kilometroraino zabaltzen den eremua. Ankarak, baina, ez du halakorik onartzen, eta dio herrialdeen plataforma kontinentala hartu behar dela aintzat estatu bakoitzaren itsas eremua neurtzean; hori hala balitz, eremu handiagoa izango luke Turkiak. Hala, nazioarteak onartu ez arren, Ankarak beretzat aldarrikatzen du Mediterraneo ekialdeko zati handi bat, eta baita Egeo itsasoa ere.

Errusiaren babesa

Errusia izan da gaur-gaurkoz Turkiaren defentsan irten diren herrialdetatik bakanetakoa. Ankarak iragarri duenez, Moskuk ere ariketa militarrak egingo ditu irailaren 8tik 25era, Turkia gasa bilatzen ari den eremuetan. Errusiak, dena den, ez du auziari buruzko adierazpen ofizialik egin.

Recep Tayyip Erdogan presidenteak Greziari eta Frantziari egotzi die Mediterraneoan tentsioa areagotu izana, biek maniobra militarrak iragarri zituztelako Zipre hegoaldeko kostaldetik gertu. Izan ere, Erdoganen esanetan, itsasoko baliabideak «modu bidezkoan» banatzea da Turkiaren asmoa. Alemaniak, bestalde, bi estatuen arteko liskarra baretzeko ahalegina egin du aste honetan, bi aldeei elkarrizketa mahaira itzultzeko esanez. Bruselak, irailaren 24an aztertuko du auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.