Milaka hungariarrek harrotasunez salatu dute Orbanen lege homofoboa

LGTBI kolektiboaren kontrako «kanpaina» gaitzetsi dute. Gobernua Hungariako gizartea «zatitzen» ari da, manifestarien iritziz. Lehen ministroaren jokabidea datorren urteko bozekin lotu dute

Milaka manifestari sexu eta genero askatasunaren aldeko Budapest Harro martxan, atzo, Hungariako hiriburuko erdigunean. ZOLTAN BALOGH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Festa» eta «protesta» batu nahi zituzten Hungarian Budapest Harro martxaren antolatzaileek, bereziki Viktor Orban herrialdeko lehen ministroak sustatu duen azken lege homofoboari eta transfoboari erantzuteko. Hala egin zuten. Festa giroan zeharkatu zituzten Budapest erdiguneko kaleak milaka lagunek, musikak lagunduta, dantzan, manifestazio koloretsuan. Bestalde, Orbanen azken lege polemikoaren kontrako mezu argia eman zuten. Martxan parte hartzeko bultzada berezi bat sentitu zuten askok, Hungariako Gobernuak LGTBI kolektiboaren kontra «abian duen kanpaina» salatzeko. «Haserre handia dago gizartean gertatzen ari denarengatik», Johanna Majercsik martxaren antolatzaileetako baten esanetan.

Hungariako Parlamentuak LGTBI kolektiboa baztertzen duen lege bat onartu zuen joan den ekainean, Orbanen Fidesz alderdiaren botoekin. Neurriak debekatu egin du eskoletan homosexualitatearekin eta sexu aldaketarekin lotutako edukiak lantzea. Telebistan ere ezin izango dira gai horiek jorratzen dituzten saioak eta iragarkiak eman egunez eta gaueko lehen orduetan. Gobernuaren esanetan, haurrak«LGTBI ekintzaileen sexu propagandatik babesteko» bultzatu du.

Helburu horretatik urrun dagoela uste du Europako Batzordeak. Neurriak Europako Batasunaren oinarrizko printzipioak urratzen dituela adierazi du, eta, horregatik, aurreko astean arau hausteen prozedura bat hasi zuen Hungariaren kontra. Prozedura horrek EBko Justizia Auzitegian amai dezake, eta, hala gertatuz gero, Europako diru laguntzak etengo lizkiokeen zigor bat jasotzeko arriskuan legoke Orbanen gobernua.

Lehen ministroak atzo esan zuen baztertu egingo duela pandemiatik suspertzeko diru laguntza, Bruselak trukean LGTBI kolektiboaren kontrako legea erretiratzeko eskatu behar badio. Bestalde, Europaren presioari aurre egin nahian, legeari buruzko erreferendum bat egingo duela adierazi zuen Orbanek, joan den asteazkenean. Galdeketa urte amaieran edo 2022 hasieran izango dela zehaztu zuen gobernuak.

Eztabaida «artifiziala»

Hungariako agintarien jarrera gizartea «zatitzen» ari dela ohartarazi du Balint Bertarrek, martxan zihoala. «Herrialdea suntsitu» dezakeen eztabaida «artifizial» bat piztea egotzi dio Boglarka Balazsek gobernuari. Haren iritziz, Orbanen hauteskunde interesak daude erabakiaren atzean.

Uste zabaldua da hori lege polemikoaren kontra daudenen artean. Bat dator Mate Deniel Szabo Askatasun Zibilen Hungariako Batasuneko kidea ere. Szaboren arabera, Fidesz alderdiak migrazioaren kontrako mezu gogorrei esker lortu du arrakasta azken bozetan, baina orain diskurtso horrek ez du lehen besteko pisua, eta Orbanek «gorrotatzeko talde berri bat behar du».

Lehia estua iragarri dute inkestek 2022ko bozetarako. Jokaleku horretan, lehen ministroak LGTBI kolektiboaren kontrako neurriekin nabarmendu nahi du, bere burua balio kristau eta kontserbadoreen defendatzaile sutsuenaren modura aurkeztuta.

Hungariak homosexualitateari eta genero aldaketari buruzko gaiak eskoletatik kanpo uzteak haurrengan izan ditzakeen ondorioengatik kezkatuta agertu da Rene van Hell Alemaniak Budapesten duen enbaxadorea manifestazioan. «Garrantzitsua da LGTBI haurrek eredu positiboak izatea, beren garapenerako eta hungariar izateaz harro egon daitezen».

Orbanek boterean segitzen badu herrialdea uzteko aukera «aztertu» beharko duela uste du Majercsikek. Homofoboak ahaldunduta dabiltzala nabarmendu du.

Eskoletako debekuaren aurretik, lege homofobo eta transfobo gehiago onartu ditu Hungariak. Iazko maiatzean, jaiotzatik egokitutako sexua aldatzeko aukera debekatu zuen. Abenduan, sexu bereko bikoteei haurrak adoptatzea eragotzi zien, legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.