Albistea entzun

Bere ideiak defendatzen jarraituko duela berretsi du Puigdemontek Algheron

Generalitateko presidente Pere Aragones eta Carles Puigdemont buruzagi independentista, atzo, Algheron, Sardinian.
Generalitateko presidente Pere Aragones eta Carles Puigdemont buruzagi independentista, atzo, Algheron, Sardinian. LAURA SERRANO-CONDE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko irailak 26

Jai giroan igaro zuten atzo eguna Sardiniako Alghero hirian. Bezperako tentsioa eta protestak ahaztuta, garaipen usaina zen nagusi hirian. Espainiako Auzitegi Gorenak haren aurka zabaldutako auzia oraindik argitzeke dagoen arren, aske da Carles Puigdemont presidente ohia. Ez du zertan Sardinian geratu, Sassariko Helegite Auzitegiak ez baitzuen arrazoirik ikusi haren askatasunari inolako baldintzarik ezartzeko. Soilik eskatu zion urriaren 4an uhartera itzultzeko, deklaratzera. «Ohituta nago Espainiaren jazarpenarekin, baina azkenean beti berdina da: libre naiz», esan zuen atzo, Algheroko alkate Mario Conocirekin bildu berritan. Hala, bihar itzuliko da Bruselara Puigdemont.

Indartuta irten da beste behin buruzagi independentista. Ostiraleko orduak gogorrak izan ziren harentzat, atzo egindako agerraldian aitortu zuenez, baina ez zuen itxaropena inoiz galdu: «Espainiaren ibilbidea ezagututa, espero izatekoa zen halako zerbait gertatzea». Ostegun gauean atxilotu zuten Puigdemont, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako euroagindu bati kasu eginez. Buruzagiaren abokatu Gonzalo Boyek zehaztu zuenez, atxiloketaren unean han ziren Espainiako bi polizia ere. Generalitateko presidente ohia arratsaldean utzi zuten aske.

«Pozik nago emaitzarekin, frogatuta geratu delako gure argudio politiko-juridikoak sendoak direla. Italiako justiziak ordu gutxi batzuk nahikoak izan ditu erabaki bat hartzeko. Aurrez Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak egin duten moduan», esan zuen Puigdemontek, eta berretsi borrokan eta Europan bidaiatzen jarraituko dutela.

Presidente ohiak bera atxilotzea helburu izatea leporatu zion Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, eta aitortu zuen bere abokatuek ohartarazi ziotela «gau txar bat» igaro zezakeela Europako hiriren batean, baina azkenean aske utziko zutela. «Agian Europako espetxe guztiak ezagutu beharko ditut, baina nire ideiak defendatzen jarraituko dut. Borrokan jarraituko dugu, eta ez dugu amore emango», esan zuen buruzagi independentistak, irmo.

Puigdemonten atxiloketak hautsak harrotu zituen Katalunian. Goizean goiz jendetza bildu zen Italiak Bartzelonan duen kontsulatuaren aurrean, eta egunean zehar hitz gogorrak izan zituzten politikari independentistek, Generalitateak eta Espainiako Gobernuak abian jarritako elkarrizketa mahaia kolokan jartzeraino. Generalitatearen erabakiak ez dituela kritikatu nahi esan arren, Puigdemontek berak gogorarazi zuen mahai horretan ez direla alderdi independentista guztiak esertzen.

Errepresioa

Generalitateko presidente Pere Aragones ere Sardinian izan zen, Puigdemontekin biltzeko. Aragonesek salatu zuen mugimendu independentistaren aurkako errepresioak bere horretan jarraitzen duela: «Amnistia inoiz baino beharrezkoagoa da, hori baita egoera hau amaitzeko modu bakarra. Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearekiko errespetua behar da, eta independentziari buruzko erreferendum bat autodeterminazio eskubidea egikaritzeko». Generalitateko burua Espainiari ere zuzendu zitzaion, gazteleraz, eta atxilotze aginduak bertan behera uzteko eta irtenbide politiko bat aurkezteko eskatu zion.

Katalunian giroa bareago zegoen atzo, Puigdemont aske zela jakin eta gero. Gaurko Bartzelonan deitutako manifestazioa ere bertan behera uztea erabaki zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gizon bat tabberna bateko ataria garbitzen, Vienan, iazko azaroko itxialdiaren hasieran. / ©CHRISTIAN BRUNA, EFE

Otsailetik aurrera, Austriak 3.600 eurorainoko isuna jarriko die txertatuta ez daudenei

Arantxa Elizegi Egilegor

Parlamentuak gaur bozkatuko du lege proposamena. Otsailaren 1etik aurrera, txertatzera derrigortuta egongo dira 18 urtetik gorako herritarrak.

Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik Espainiako Auzitegi Gorenak espetxeratutako bederatzi buruzagi katalanetako zazpi, iazko ekainean, espetxetik irteten. ©Qique Garcia, EFE

Indultuen kontrako helegiteak bertan behera utzi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

PPk, Ciudadanosek eta Voxek errekurtsoa jarri zioten buruzagi independentista katalanak aske uzteko neurriari, baina auzitegiak ebatzi du ez dutela horretarako gaitasunik.

Ratzinger, 2020ko ekainean Regensburgen (Alemania) ©PHILIPP GUELLAND / EFE

Municheko artzapezpiku zela abusuen aurka ezer egin ez izana egotzi diote aita santu emerituari

Arantxa Elizegi Egilegor-Igor Susaeta

Joseph Ratzingerrek lau sexu abusuren berri izan zuen, artzapezpiku zela. Abokatu talde batek egin du ikerketa, artzapezpikutzak berak eskatuta. Gerraostetik 2019ra arte salatutako abusuak jasotzen dira bertan. Marx Municheko kardinalak nabarmendu du Elizak ez dituela serio hartu izan sexu abusuak.

 ©ANGEL MADINA G. / EFE

«Deskolonizazioaz ari ote garen argitu behar du NBEk»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Nazioartearen babespean» ezkutatzea leporatu dio Arabik Espainiari. Polisarioko kidearen esanetan, Madrilek «erantzukizun politiko eta juridikoa» du gatazkan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.