Eskuin muturra sozialdemokraten aurretik gera daiteke gaur Suedian

'Suediako Demokratak' izenarekin jatorri neonazia arindu nahi izan duen alderdiak bost bototik bat bereganatu dezake. Zentro-eskuineko koalizioak eskuin muturra babestuko ote duen da galdera
Stefan Lofven Suediako lehen ministro sozialdemokrata, kanpaina ekitaldi batean, Stockholmen.
Stefan Lofven Suediako lehen ministro sozialdemokrata, kanpaina ekitaldi batean, Stockholmen. SORE ANDERSSON / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko irailak 9
Suedian gaur egitekoak diren bozek zeharo alda dezakete orain arte eta mende batez zentro-ezker zentro-eskuin dikotomian ulertu den panorama politikoa. Inkesta batzuek iragarri dutena benetan gauzatzen bada, eskuin muturraren esku gera daiteke gaur-gaurkoz sozialdemokraten esku dagoen agintea. Suediako Demokratak izenarekin euren jatorri neonazia arindu nahi izan du eskuin muturrak, eta, segurtasunaren izenean, mezu xenofoboak zabalduz, bost herritarretik baten botoa bereganatu dezakete. Jimmie Akesson hautagaiak biderkatu egingo lituzke horrela azken bozetako emaitzak: botoen %12,9 lortu zituen 2014an. 1998an ozta-ozta eskuratu zuen %0,4.

Alderdi Sozial Demokratak, berriz, historiako emaitzarik okerrenak eskuratu ditzake, azken ehun urteetan beti garaile izan dela aintzat hartuta. Tarteka, zentro-eskuineko alderdiez osatutako koalizioak ere egon dira agintean, 2006tik 2014ra azkenekoz, baina azken lau urteetan ezkerreko koalizioa egon da boterean. Stefan Lofven lehen ministro sozialdemokratak ekologisten babesa behar izan zuen azken bozen ostean gobernu koalizioa osatzeko, eta, orain, formula horri eutsi nahi dio, berriz ere gutxiengoan aritzeko bada ere. Ezkerreko Alderdiaren babesa ere izan dute, neurri jakin batzuk aurrera eraman ahal izateko.

Marra gorria

Inkestek botoen %24 ematen dizkiete sozialdemokratei. Ikusteko dago Suediako Demokratak euren aurretik geratuko den edo ez, baina ia ziurtzat jotzen da zentro-eskuinaren aurretik geratuko dela, betiere, inkestei erreparatuz; botoen %20 ematen dizkiete. Zentro-eskuineko koalizioa osatzen duten lau alderdiak, beraz, hirugarren lekuan gera daitezke. Ulk Kristersson moderatuak zuzentzen du, kontserbadoreez gain, liberalek, zentrokoek eta demokrata-kristauek osatzen duten koalizio zabala. Gakoa da, aurrekoetan ez bezala, oraingoan eskuin muturrarekin bat egiteko prest ote dauden; gobernua eratzeko negoziazioetan euren sostengua jasotzeko prest, alegia. Eta, dirudienez, eskuin muturra alboratzeko zentro-eskuinaren asmoa ez da orain arte bezain irmoa. Aliantzako iturriek jakinarazi dute ez diotela berriz ere zentro-ezkerrari gutxiengoan agintzen utziko, iradokiz eskuin muturraren botoak ere ongi etorriak izango direla.

Kristersson, zuhur, ez da horren argi mintzatu. Hauteskunde kanpainako amaiera ekitaldian zentro-ezkerra garaitzeko alternatiba bakarra direla adierazi zuen hautagai kontserbadoreak, sozialdemokraziarenak egin duela nabarmenduz, baina eskuin muturra behin ere aipatu gabe.

Eskuin muturra bakartzeko marra gorria, beraz, lausotu egin da, eta horrek zehaztu dezake eratzea inoiz baino zailagoa izango den gobernu koalizioaren kolorea. Akessonek, baina, jakinarazi du ez diola «automatikoki» babesa emango zentro-eskuineko koalizioari.

Errefuxiatuen krisia

Orotara 7,3 milioi herritarrek daukate gaur botoa emateko aukera, eta parte hartze handia izatea espero da; izan ere, kultura demokratiko sendoko herrialdea da Suedia —%80 ingurukoa izan ohi da parte hartzea—. Riksdag Parlamentuak 349 eserleku ditu, eta ordezkaritza horretatik eratortzen da gobernua.

Europako beste estatuetan aurretik islatu den joera iparraldeko herrialdetara iritsi da orain. Norvegian, Finlandian eta Danimarkan ere eskuin muturrak gora egin du, eta, orain, sozialdemokraziaren aurretik jar daiteke Suedian.

Berez, 2015era egin behar da atzera gaur egungo egoera ulertzeko. Azken hauteskundeak egin eta urtebetera, 200.000 errefuxiatu iritsi ziren herrialdera, eta 160.000 laguni eman zieten asilo politikoa. Lofvenen malgutasunak, baina ez zuen harrera ona izan, eta, immigrazioaren kontrako diskurtsoen aurrean, ongizatearen estatua hausten ari zela ziotenen aurrean, politika zorrotzagoak hartzeari ekin zion lehen ministroak, eta mugak itxi zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna