Manuel Rodriguez. Enerclusterreko zuzendaria

«Lortu behar dugu enpresarik handienak Nafarroatik ez joatea»»

2017an sortu zen Enercluster, sektore eolikoko enpresen arteko elkarlana sustatzeko helburua duen klusterra. Enpresa txikiei nazioartera hedatu eta lehiatzen laguntzea du erronka elkarteak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Teknologia eolikoari dagokionez, puntako lurraldea da Nafarroa Europan zein munduan», nabarmendu du Manuel Rodriguezek, Enercluster sektore eolikoko klusterreko zuzendariak.Nordex Accionaren eta Siemens Gamesaren lantokien inguruan hornidura kate bat antolatzen da, eta, krisi urteak atzean utzi ostean, lanez gainezka dago sektorea. Urtean 6.500 milioi fakturatzen ditu, eta 13.500 laguni ematen die lana. Aurten produkzioak markak haustea espero du Rodriguezek, eta etorkizunari baikor begiratzen dio.

Gaur egun, zer argazki aterako zenioke sektoreari?

Bultzada handia du. Sakanan asko nabari da fundizioetan eta metalmekanikako enpresetan. Beste indargune bat Lekunberri aldean dago, hango enpresen produkzioa gorantz doa. Irunberrin eta Agoitzen pala ekoizleak ditugu, eta, hegoaldean, Ingeteameko fabrikan txinpartak ateratzen ari dira, sektore eolikorako eta fotovoltaikorako egiten baitute lan.

Parke eolikoak ekoizteko proiektu ugari daude abian Nafarroan. Lana ziurtatuko dizue?

Bai, baina nahiko genuke gehiago izatea. Hala ere, kontuan hartu behar dugu argindar sarearen plangintza berritzeko dagoela. Parke baten kokagunea aukeratzeko, ezinbestekoa da haizeak jotzea, baina ekoitzitako argindar potentzia jaisteko ahalmena ere izan behar du sareak. Plangintza zentral baten arabera egiten da, eta, Nafarroako Gobernuak presio egiteko ahalmena badu ere, ez da erabaki autonomoa. Sarean argindar potentzia jakin batean jaulki ahal izateak ez du esan nahi sareak hori egiten utzi ahal dizunik. Sare berrien edo azpiestazioen eraikuntzaren arabera egiten da, eta muga teknikoak ditu.

Erreniegako parkeak 25 urte beteko ditu aurten, eta beste hainbat hogei urte betetzear dira. Eremu berean parkearen potentzia handitzeko aukera aztertzen ari dira.

Garai hartako parkeak dituztenentzako kezka iturri bat da, eta Nafarroan asko daude, eolikoaren hazkundea hemen hasi baitzen. EHNk asmatu zuen negozio eredu hori. Egungo haize errotekin, toki eta eremu berean, potentzia handitu dezake parkeak, baina, sarearen muga teknikoaz gain, ingurumen arloko arazoa dago: haize errotak handiagoak dira, eta, ondorioz, bestelako ingurumen baimenak behar dituzte.

Zergatik dago prezioen inguruan hain lehia handia?

Argindar enkanteen mekanismoak abantailak dakartza kontsumitzaileentzat, merkatuko prezioa gutxienekora hurbiltzea bermatzen baitu. Haize errota merkeenak irabazten du argindar eskaintza. Hala ere, gure arazoa da ez dela sektoreko lehiara mugatzen. Enkanteek orain arte bezala jarraituz gero, elkarrekin lehiatuko dira fotovoltaikoak eta eolikoak. Fotovoltaikoak kostuak murriztu ditu, eta hala egiten jarraituko du hurrengo urteetan. Enkanteek bien artean bereizten ez badute, haize erroten prezioan eragingo du. Lehenengo enkanteetan eolikoaren presentzia arrazoizkoa izan zen, baina, azkenekoetan, fotovoltaikoaren presentzia izugarria da.

Enkanteetan biak bereiztea proposatzen duzu?

Fotovoltaikoa egonkorra da, badakizu zer eguzki ordu izango dituen eta noiz egongo den lainotsu. Era berean, badakizu noiz izango duzun energia, eta hori ez datorrela beti bat kontsumoarekin. Ikerketa teknikoek diote nolabaiteko oreka bat egon behar duela bien artean.

Irena Nazioarteko Energia Berriztagarrien Agentziaren arabera, sektore eolikoak hasieratik hona %70 murriztu ditu kostuak, eta 2025era arte beste %25 gutxitzea aurreikusten du. Errentagarritasuna hobetuko du?

Ez, kostu murrizketa beste teknologien erritmoan egiten baita. Berriztagarrien onena ez da oso errentagarriak direla, baizik eta inbertsio seguruak direla. Energia kontsumoak gorantz egingo du, eta, munduko ekonomia hondoratzen ez bada, merkatu hori segurua da.

Teknologian hobetzeko zer tarte du eolikoak?

Tamaina handituz hobetu liteke. Errotek iraupena bera izango dute, araudiak hala zehazten baitu. Duela hamar urte 2 MWeko makinak ekoizten ziren, eta gaur egun 5 MWean gaude. Bilakaera hori off shore itsas parkeei loturik dago. Itsasorako, 10 MWeko makina oso handiak egiten dituzte, eta horrek ekarri du teknologia garatu eta osagai handiagoak ekoiztea. Gaur egun, 150 metroko altuerako errotoreak egiten dira.

Klusterrak ia bi urte ditu. Zer erronka ditu?

Plan estrategiko bat egin genuen, eta, lehenik eta behin, lortu behar dugu ekoizle handiak Nafarroatik ez joatea. Enpresek kostua jaisteko presioa dute, eta, nazioartera atera direnez, osagai asko kanpoan erosteko joera areagotuko da. Azkenean, lortu behar dugu produkzio teknologikoena hemen egitea eta ikerketa eta garapenerako zentro teknologikoari eustea. Industria Nafarroan ainguratuta egotea lortu behar dugu. Ekoizle horiek galduz gero, dena galduko genuke bestela.

Ekoizle handiak bi dira, baina hornidura kateko enpresa gehienek txikiak dira.

Bai, klusterraren beste helburuetako bat da, hain zuzen, txikienek handien menpeko izateari uztea. Handiei loturik izanez gero soilik, ez dira gai izango nazioarteko merkatuan lehiatzeko. Lortu behar dugu kanpoko lehiakide handiak ere hornitzea, nahiz eta horiek bertakoekin lehiatu. Bestela, ezingo dute iraun. Enpresa batzuk oso aurreratuta daude helburu horretan. Adibidez, Sakanako fundizioak osagai handiak prezio lehiakorrean egiteko gauza dira. Lekunberriko enpresak ere toki onean dira, adibidez burdinola handiena baitute, eta, Nordexi eta Siemens Gamesari saltzeaz gain, Vestasi eta General Electrici ere saltzen diote. Ingeteam ere leku onean dago, argindarra ekoizten espezializatu delako. Akaso, torloju ekoizleak egoera zailagoan daude, lehia handiagoa baitute. Hala ere, badira euren artean posizio onean diren enpresak, kalitatearen arabera ekoitziz; azken batean, torlojuek luze iraun behar baitute. Ekoitzitako produktua balizko erosleen ahalmenarekin uztartu behar da, eta, horren arabera, hainbat estrategia gara ditzakete enpresa txikiek.

Sektore eolikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere badu presentzia indartsua. Nolakoa da harremana?

Industriak ez du mugarik. Jabe nafarrez osatutako enpresak daude Gipuzkoan, eta alderantziz. Eraginkortasunagatik eta logistikagatik elkarlana ezinbestekoa da Bilboko Portuarekin, eta garraio logistikoak bere berezitasunak ditu. Nafarroan 70 metroko palak ekoizten ditugu, eta horiek garraiatzea arazo bat da. Gehienak Bilbotik ateratzen dira, baina baita Zaragozatik ere. Nafarroako produkzioa bideratzeko, zailtasun guztiak kentzen ahalegindu gara, eta Nafarroako Gobernuarekin arrazoizko akordioak egin ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.