Iranek aitortu du Ukrainako hegazkina bota zuela: «Giza akats baten ondorio izan zen»

Rohanik jakinarazi du epaitu egingo dituztela «akats barkaezin» horren egileak. Ibilgailuak Teheranen jo zuen lurra, iragan asteazkenean, eta 176 lagun hil ziren

Hegazkinaren hondakinak, iragan asteazkenean, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Presioari amore eman dio Iranek: hiru egunez ukatzen aritu eta gero, armadak atzo aitortu zuen Ukrainako hegazkina bota zuela, eta hori «nahi gabe» gertatu zela, «giza akats baten ondorioz». Ibilgailua iragan asteazkenean erori zenetik atzo arte, Teheranek behin eta berriz ukatu zuen misil batek bota zuela; are, hori «ezinezkoa» zela esan zuen. Egunak pasatu ahala, Ukrainako, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Kanadako agintariak beste bertsio bat zabaltzen hasi ziren, eta armadari ez zaio geratu gertaturikoa aitortzea beste aukerarik.

Atzo emandako bertsioaren arabera, hegazkina Iraultzaren Zaindarien zentro batetik oso gertu zegoen, «etsaia jarriko litzatekeen altueran eta lekuan», eta horrek eragindako nahasmenaren ondorio izan zen akatsa. Amir-Ali Hajizadeh komandantea arduratu zen xehetasunak emateaz: «Operadoreak hamar segundo zituen erabakia hartzeko. Komunikazio sisteman akats bat egon zen, ez zuen [hegazkinaren] baieztapenik jaso, eta erabaki lazgarri hori hartu zuen».

Ezbeharraren egunean bertan, Iranek erantzun zuen bera arduratuko zela gertaturikoa ikertzeaz, eta une oro bertsio berari eutsi zion: hegazkinak «arazo tekniko baten» ondorioz jo zuela lurra. Nazioartearen presioa eta AEBekin duen gatazka, ordea, pisu handiegia izan dira Teheranentzat, eta, azkenean, armadak aitortu du errudunak direla.

Hassan Rohani presidentea izan zen atzo barkamena eskatu zuten Irango agintarietako bat, eta iragarri zuen epaitu egingo dituztela «akats barkaezin» horren egileak: «Geure burua AEBen armadaren balizko erasoez defendatzeko, Irango Islamiar Errepublikaren indar armatuak alertan zeuden. Tamalez, jarrera horrek hondamendi hori eragin zuen». Ali Khamenei aiatolak ere «barkaezintzat» jo zuen gertaturikoa: «Tragedia handi bat eta hutsegite barkaezin bat da. Irregulartasunak ikertzeko agindu dut».

Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jeneralaren heriotzaren harira, egun gatazkatsuak izan dituzte Ekialde Hurbilean, eta ezbeharra Teheranen eta Washingtonen tentsio militar nahasiaren erdian gertatu zen. Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak egoera hori jarri zuen mahai gainean armadaren jarrera azaltzeko: «Istripua giza akats batek eta AEBen ausardiak eragin dute».

Ukraine International Airlines aire konpainiaren Boeing 737 hegazkina Teherandik 30 kilometrora erori zen, iragan asteazkenean; 176 pertsona zeuden barruan, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta, eta denak hil ziren.

Hegaldiak Irango eta Ukrainako hiriburuak lotzen ditu, eta bide hori egiteko asmoa zuten hegazkina aireratu zenean. Bidaiari gehienak eskala egiten ari ziren Irango hiriburuan, eta erdiak baino gehiago atzerritarrak ziren, tartean Ukrainakoak, Kanadakoak eta Suediakoak.

Hain justu, hegazkin hori bota aurretik, Teheranek lehen erantzun militarra eman zion Washingtoni Soleimaniren hilketagatik: 22 misil jaurti zituen AEBek Iraken erabiltzen dituzten bi base militarren kontra. Horren ondoren, Washingtonen enbaxadari eraso zioten, Bagdaden.

Erreakzio zaparrada

Teheranen aitorpenak erreakzio zaparrada bat eragin zuen. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak barkamen ofizial bat exijitu zion Teherani —atzokoak Twitter bidez jaso zituen—, eta eskatu zion Ukrainatik Iranera joan diren 45 adituek aukera izan dezatela frogak aztertzeko: «Espero dugu Iranek bermatzea ikerketa osoa eta irekia izango dela, hildakoen gorpuak itzuliko dituztela, kalte-ordainak jasoko ditugula, eta barkamen ofiziala bide diplomatikoen bidez eskatuko duela».

Iragan asteazkenean, Teheranek uko egin zion hegazkinaren kutxa beltzak Boeingi emateari—AEBetako enpresa bat da—, baina atzo jakinarazi zuen Frantziara bidaliko dituela, han azter ditzaten. Zelenski ados agertu zen horrekin, eta, hortaz, aditu frantsesak arduratuko dira kutxak aztertzeaz. Horren inguruan, Europako Batasunak «lankidetza» eskatu zion Teherani; Josep Borrell diplomaziaburuaren arabera, Iranek ikerketa «oso eta garden bat» egin behar du, betiere «nazioarteko estandarrei» jarraituta.

Islamiar errepublikaren hurrengo pausoei adi erreparatuko diete nazioartean: AEBekiko tentsioa pixka bat bat baretu den arren, barne presioak bere horretan jarraitzen du. Atzo, milaka herritar kalera atera ziren aiatolaren aurka, hegazkinaren auziagatik protesta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.