urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Mississippiko memoria

2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Estatu Batuen arima, historia eta nortasuna biltzen dituen ibairik bada, Mississippi da hori. Ia Kanadako mugatik Mexikoko golkoraino egiten du bidea, eta ekialdetik mendebaldera datozkion ibaiadarrak Atlantikoko estatuetatik, Pazifikotik bereizten duen Mendi Harritsuetaraino doaz, Montanan Idahotik hur sortzen den Missouri ibaiaren bidez. Herrialdea bera bereizteko lerroa da Mississippi, mugaren sinonimo izateraino XIX. mendeko zati handi batean: lurralde berriak lortu ahala, bertan ziren «indiar basatiak» ere kanporatzea etorri zen. Mississippitik mendebaldera joan behar izan zuten «malkoen ibilbidean».

Twin cities edo hiri bikoitzak (Minneapolis eta Saint Paul) daude ibaiaren iturburutik hurbil iparraldean. Hegoaldean, New Orleans dauka ibaiaren deltaren hasieran. Bien artean, bi mila kilometro nazioaren aldartea punpatzen duen zain nagusian, indarkeriatik eta bazterketatik sortutako amorruaren erakusle. Duela hamabost urte geratu zen argien: New Orleanseko dikeak zeinen hauskorrak ziren erakutsi zuen Katrina urakanak; horrekin batera, George W. Bushen gobernuaren utzikeria eta beltz izatea, pobrezia, etxe duinik ez izatea eta osasun-sistema negargarri batek milaka lagun baztertzeak ekarri zituen ondorioak.

Katrina-k New Orleans jo eta urtetako utzikeriak, pobreziak eta arrazismoak hondamendia ekarri zutenetik hamabost urtera iritsi da Laura Mexikoko golkotik, Texas eta Louisiana estatuetatik. K-atrina orduan, L-aura orain, alfabetoan letra bat atzetik, orduan baino ekaitz tropikal edo urakan bat gehiago egon den seinale —maiatz-ekainean sortzen dira lehena eta A letradun izena hartzen du, hurrengoek alfabetikoki hartzen dute izena, gizon-emakume izenak tartekatuz, urri-azaro inguruan azken ekaitza pasatu arte—. Udaberrian ibaian gora, Minneapolisen lehertu zen amorrua uda amaierako urakanetan heldu da golkora.

Ez, edonola, horratik. Laku handietatik hornitu da oraingoan amorrua, alderdi errepublikanoaren konbentzioaren erdian. Eskuin muturreraino joan den «alderdi zahar handia» erabat kontrolpean dauka Donald Trumpek, duela lau urte kritikatzen zutenak ere otzan-otzan ibiltzeraino. Baten batek esan zuen: konbentzioko hizlarien zerrenda ikusi, eta familia-bazkari bat zirudien, Melania emaztea, Ivanka alaba hainbeste «Trump» ageri baitziren.

Familia bilkura ia intimo behar zuen konbentzioaren erdian, baina, Kenosha lehertu zen, Wisconsinen, Chicago eta Milwaukee artean. Umeen eta kameren aurrean, polizia batek zazpi tiro eman zizkion Jacob Blake-ri. Behingoagatik ez zuen hil, baina elbarri geldituko da. Atzo arte, ospitaleko ohera lotuta egon zen eskuburdinekin. Protestak lehertu eta biharamunean, berriz geratu zen argi zeinen gutxi balio duen beltzen edo arrazismoaren aurkakoen biziak, eta zeinen erraza zaien eskuin muturreko ekintzaileei erabateko zigorgabetasunez tiro egitea.

Edozein arduradun politiko arazoa konpontzen edo, gutxienean, tentsioa apaltzen eta giroa baretzen saiatuko litzateke. Baina ez Donald Trump. Mississippi ertzeko indarkeria eta arrazismoan igeri egitea erabaki zuen: Saint Louiseko manifestariei etxe aurrean armekin mehatxu egin zieten senar-emazteak gonbidatu zituen konbentziora. Trumpen helburua ez da eskuin muturrari keinu egitea soilik, ondo daki badaukala sektore horren babesa.

Trumpen polarizazioaren estrategia, langile klase zuriaren beldurra hauspotzea du helburu. Manifestariak kriminalak baldin badira, edozein negozio txiki daukan estatubatuarra, zuri, latino zein asiar, arriskuan dago. Eta Trump dute babes bakar krimenari aurre egiteko. Planteamendua bera arrazista eta zatikatzailea dela? Bai, noski. Baina lehen ere ondo irten izan zaio. Iaz Perun izan ginela, urteetan paperik gabe New Jerseyn mekaniko ibilitako gizon bat ezagutu genuen. Lana gogor egin, dirua bildu eta Limara itzulita, ez zuen ezkutatzen Trumpekiko sinpatia: «Paperik gabe, baina lanean eta zergak ordaintzen, ez beste asko bezala, ez lan ez onurarik inorentzat. Nik ere kanporatu nahiko nituzke estatubatuarra banintz».

Mississippik leku printzipala dauka AEBetako iruditerian. Migrazioaren memoria ere bai, beti dago presente estatubatuarretan. Rafael Anchia Texasko ordezkarien ganberako kide demokratak Julio aita pilotariaren argazkia jarri du egunotan sarean, NBAko taldeen greba babesteko: «1968an greba egin zuten, kaleratu egin zuten, eta Jai Alai karrera amaitu zitzaion. Baina zuzena zegoen alde egin zuen».

Beste kritika interesgarri bat ere egin du Anchiak egunotan, «etxe barrura», Trumpen aurka daudenengana: Melania Trumpek hitza hartu zuenean, sareetan burla handia egon zen, presidentearen emaztearen azentuagatik. Euskal jatorriko ordezkariak gogora ekarri zien baduela Trumpek zer kritikatu baina sekula ez zaiola inori azentuagatik burla egin behar, «gure aitak ere halaxe egiten zuen ingelesez». Eta azentu hori daukanak, azken batean, nabarmen uzten duelako burla egiten dioten elebakarrek ez dakiten beste hizkuntza bat ere badakiela. Gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.