Hungariako oposizioa, Viktor Orbani aurre egiteko hautagai bila

Ezkerretik eskuinera, sei alderdi elkartu egin dira 2022an lehen ministroa garaitzeko. Primarioen bigarren itzulia bihartik datorren igandera egingo dute: Budapest hiriburuko alkatea da faboritoa

Gergely Karacsony Budapesteko alkatea, iragan uztaileko ekitaldi batean, Hungariako hiriburuan. TIBOR ILLYES / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Hungariako oposizioarentzat, itxaropen izpi bat agertu da bat-batean: bada aukerarik Viktor Orban herrialdeko lehen ministroa agintetik botatzeko. Hala uste dute behintzat paisaia politikoaren ezkerrean eta eskuinean dauden sei alderdik, gobernuburuari aurre egiteko elkartzea erabaki zutenetik; irabazteko asmorik ez zuten lehen, baina Orbanen Fidesz alderdiak adinako babesa jaso dute orain inkestetan, eta, hamarkada batean lehenengoz, lehen ministroak kezka iturri bat izan lezake. Orain, plurala eta desberdina den aliantza horri zailena geratzen zaio: programaren inguruan ados jartzea, eta datorren astean aukeratuko duten hautagaia aho batez babestea 2022ko udazkeneko bozetara arte.

2010etik hona egindako parlamenturako hiru hauteskundeetan garaipena eztabaidaezina izan da Orbanen Fidesz alderdiak eta KDNP Alderdi Popular Kristau Demokratak osatzen duten koalizioarentzat, hiruretan aulkien gehiengo osoa lortu baitu; egun, aliantza horrek 133 diputatu ditu 199 eserlekuko Asanblea Nazionalean. Azken bozetan, 2018koetan, %49,3ko babesa lortu zuen, eta inkestek antzeko kopurua aurreikusten diote datorren urtekoetarako.

Hori ikusita, oposizioarentzat elkarrekin ados jarri eta hautagai bateratua aurkeztea bilakatu da Orban garaitzeko aukera bakarra; hortaz, pauso hori ematea erabaki zuten indar politiko hauek, iragan abenduan: DK Koalizio Demokratikoak (liberala); Jobbik-ek (kontserbadorea); LMP Hungariako Alderdi Berdeak (ekologista); Momentum Mugimenduak (liberala); MSZP Hungariako Alderdi Sozialistak (sozialdemokrata); eta PM Hungariarentzako Elkarrizketak (ekologista).

Koalizio horren berri eman zutenetik, oposizio batuari %47-49ko babesa iragarri diote inkestek, eta 2019an Budapest hiribururako bozetan Fideszeko hautagaia alde txikiaz (%50,86) garaitu izanak are gehiago indartu du sei alderdi horien dinamika. Harrezkeroztik, Gergely Karacsony oposizioaren ahots ezagunetako bat bilakatu da, eta, urteotan eskuratu duen joera baliatuta, primarioetan aurkeztea erabaki zuen, hura baita lehen ministrogaia izateko faboritoa.

Barne prozesuaren lehen itzulia asteon egin dute, eta babes handiena bildu duten hautagaietan bigarrena izan da Karacsony (%27,31), Europako Parlamentuko presidenteorde Klara Dobreven atzetik (%34,76). Haiekin batera pasatu da bigarren itzulira hegoaldeko Hodmezovasarhely hiriko alkate eta hautagai independente Peter Marki-Zay (%20,43), baina bihartik datorren igandera arte egingo duten lehia horretatik atera beharko luke, Budapesteko alkatearen alde bozkatzera deitzeko; horretaz negoziatzen ari dira egunotan.

Arrazoia zera da: oposizioko alderdi horietako batzuen artean badela kezkarik Dobrevek irabaztearekin, Orbanek haren profila balia dezakeelakoan berriz irabazteko. Izan ere, Ferenc Gyurcsany da haren senarra, 2004tik 2009ra lehen ministro izandakoa, egun DK-ko buruzagia eta herritarren artean iritzi kontrajarriak sortzen dituena —Fideszek haren kontrako kanpaina gogorrak egin izan ditu—.

Horretaz jakitun dagoela, Europako Parlamentuko presidenteordeak ahalegina egin du kanpainan Gyurcsanyren legatutik aldentzeko eta profil propioa finkatzeko, baina ez du erabateko arrakasta izan horretan; halere, lehen itzulian boto gehien biltzea lortu du, eta bide onean da emakumezko lehen buruzagi eta oposizioaren hautagaia bilakatzeko.

EB eta eskubideak

Hungariako lehen ministroaren urteotako joera euroeszeptikoaren aurrean, Karacsony eta Dobreve kanpaina europazalea egiten ari dira, eta horrek agerian utzi du 2022ko bozak ere EB Europako Batasunari buruzkoak izango direla.

Baina hauteskundeak ez dira soilik horren ingurukoak izango, herritarren eskubideei eta zuzenbide estatuari buruzko auziak lehen lerroan baitaude aspaldidanik; urte amaiera eta 2022 hasiera artean egingo dute, esaterako, Orbanen lege homofoboari buruzko erreferenduma, eta oraindik ikusteko dago herrialdeak suspertze funtseko dirua jasoko duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.