AEBek ez diete Txinari eta Errusiari «hutsune bat» utzi nahi Ekialde Hurbilean

Washingtonek Israelen eta Persiar golkoko herrialdeen arteko harremanak sustatzearen alde egin du, eskualde hartan Iranek duen eragina murrizte aldera

Joe Biden eta Mohammed bin Salman —irudiaren erdian—, atzo, eskualdeko beste agintari batzuekin batera, Jiddan egin zuten goi bileran. BANDAR ALJALOUD / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
AEBek Irakeko eta Afganistango gerrak amaitutzat eman badituzte ere, Joe Biden herrialdeko presidenteak argi utzi du Washingtonek zeresana izan nahi duela aurrerantzean ere Ekialde Hurbilaren antolaketan. «Ez gara joango, eta ez dugu utziko Txinak, Errusiak edo Iranek bete dezaketen hutsune bat». Bidenek Saudi Arabian egin zituen adierazpenok, atzo, eskualde hartako herrialde batzuekin egin zuen goi bileran. Iranen eragina mugatzeko harremanak sustatu nahi dituzte AEBek, eta, horretarako, garrantzi handia aitortzen diote Israel eskualdean integratzeari.

Lau eguneko bidaia batean, Israel, Palestina eta Saudi Arabia bisitatu ditu Bidenek. Saudi Arabiako Jidda hirian bildu zen atzo GCC Golkoaren Kooperaziorako Kontseiluko kideekin —Qatar, Bahrain, Kuwait, Oman, Arabiar Emirerri Batuak etaSaudi Arabia— eta bilkurara gonbidatu zituzten Jordaniako, Egiptoko eta Irakeko agintariekin.

Bidenek ez du ageriko emaitzarik lortu bidaia horretan, Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoari egin zion agur lagunkoiak eragin duen polemikatik harago. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren ondorio ekonomikoak arindu eta erregaiaren prezioak apaltzeko helburuarekin Riadi petrolio ekoizpena handitzeko egin dion eskariak ere ez du berehalako erantzunik jaso —Saudi Arabia da munduko petrolio esportatzailerik handiena—.

Baina Biden epe luzeagora begirako uztaren bila ere joan da Persiar golkora, eta oraingo mugimenduek badute eskualdearen egitura geopolitikoan eragiten jarraitzeko xedea. AEBen helburua da Persiar golkoan Iranek daukan eragina mugatuko duen aliantza bat eratzea, eta, haren bidez, Txinari eta Errusiari ere eskualdean lortzen ari diren sarbidea oztopatzea.

Horrekin batera, Washingtonen helburu nagusietako bat da Israel integratzea golkoan Iranen inguruko kezkak ardaztu dezakeen sare batean. Reuters albiste agentziak adierazi duenez, Etxe Zuriko iturriek nabarmendu dute Israelek «aire eta defentsa misilen baliabide nabarmenak» dituela, eta «oso baliotsua» litzatekeela eskualdeak «ahalik eta baliabide gehien biltzea».

AEBen bitartekaritzari esker, Israelek harremanak normalizatzeko itunak sinatu zituen Arabiar Emirerri Batuekin, Bahrainekin eta Marokorekin 2020an. Saudi Arabiak keinu bat egin zuen ostiralean bide horretan, bere aire eremua garraio konpainia guztiei irekiko ziela iragarrita. Israelen jatorria edo helmuga duten hegaldiak ugaritzeari bidea zabaldu dio erabaki horrekin.

Hala ere, Israelekin loturarik ez duten herrialde arabiarrek salmenta zaileko erabakia izango lukete eta estatu juduarekin beraien defentsa baliabideak eta misil sistemak konektatzea, Israelek Palestinaren lurrak okupatzen dituenez gero. Bestalde, Iranen aurkako sare batean parte hartzeko urratsa egingo balute, eskualdeko herrialde gehienek tentsio ugariri egin beharko liekete aurre, Iranek aliatu sare zabal bat baitu Ekialde Hurbilean; bereziki, Iraken, Libanon eta Yemenen. AEBak zailtasunen jakitun daude, baina ez dute asmorik beren eragina baliatzeari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.