Albistea entzun

HARTZAREN BELDUR

Urte hasieran burtsak oso baikor zeuden, espero baitzen, iaz bezala, munduko eskualde nagusiak aurten aldi berean haztea. Dena den, otsailetik baikortasunari tentsioa gehitu zaio, eta merkatuen beherakada handi baten beldur dira inbertitzaileak. Egiazki, zenbatekoa da gertatzeko arriskua?
Hartz baten irudia, Frankfurteko Dax indizean.
Hartz baten irudia, Frankfurteko Dax indizean. FRANK RUMPENHORST/ EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko apirilak 15

Merkatuak inoiz ez daude pozik. Ustez, garairik oparoenean daude. Munduko eskualde nagusietan hazkunde ekonomikoa da nagusi, eta urte honetarako aurreikuspen makroekonomikoak itxuraz oso onak dira. Atlantikoaren bi aldeetako finantza merkatuek aurreko bi urteak igoerekin kateatu dituzte, eta, Wall Streeten kasuan, goranzko joerak kasik hamarkada bat iraun du. Akzioz akzio, merkatuetan salerosten duten enpresa gehienek irabaziak banatzen dituzte, eta aurtengo iragarpenak onak dira. Inbertitzaileen hiztegian aspaldi desagertu zen krisi adiera. Orduan..., zein da arazoa? Nondik datoz otsailetik burtsetan islatu diren aldakortasun handia eta ekaitz giroa? Zergatik dira merkatuak hartzaren beldur?

Euren ikusmoldean, ufaka eta bultzaka, gorantz indar handiz datorren merkatua ordezkatzen du zezenaren irudiak, euforiaren indarraren erakusgarri; aldiz, hartzaren orroak akzioen salmenta geldiezin eta izutia sinbolizatzen du. Gorabeherak burtsen etengabeko logika dira, baina, hartzak agertu ahal izateko, galera handiak nagusitu behar lirateke. Zenbatekoak? %20tik gorakoak.

Ehuneko horrek 1987ko urriaren 19ko Astelehen beltzeko jipoia adieraz dezake. Egun hartan, Wall Streeteko Dow Jones indizea %22 erori zen, eta mundu osoan neurri bereko kolpeak nagusitu ziren. Komunikabide espezializatuek, egun hartako zartakoa aipatuaren aipatuz, apurka, %20ko langa jarri dute hartza, beheranzko joera handia, adierazteko.

Kuriositatez, 1987ko efemeride horrek baditu antzekotasun batzuk gaur egungo egoerarekin, batez ere Ameriketako Estatu Batuenarekin; lurrikara hartako epizentroarekin, alegia. Ronald Reaganen agintaldi amaieran, AEBetako ekonomia osasuntsu zegoen, ia mende erdiz hazi eta gero. Garai hartan, gaur egun bezala, merkatuek beldurra zioten inflazioari, interes tasak uste baino gehiago igotzera behartuko zuelako Erreserba Federala (Fed), eta horrek, aldi berean, makineria ekonomikoa geldotu zezakeelako. Garai hartan, Erreserba Federalaren presidentetzara ezezagun bat ailegatu izanak —Alan Greenspan— espekulazio eta kezka giro hura hauspotu zuen. Gaur egun bezalaxe. Iragan otsail hasieran, Jerome Powersek Fedeko presidente kargua hartu zuenean, beherakada handiekin eman zion ongietorria Wall Streetek.

Hor hasten eta amaitzen dira bi garaien arteko kointzidentziak. Antzekotasun batzuk egonagatik, ezer ez baita berdin. Inork ezin dezake ziurtatu 1987ko urriaren 19ko egun beltzik errepikatuko denik, edo, are okerrago, 2008ko crash-aren pareko gainbehera itzuliko denik. Bai ziurtatu daiteke, ordea, urduritasuna itzuli dela merkatuetara. Azken bi urte arrakastatsu eta lasaiak igaro ostean, ur bareak urrundu eta haize zirimolak nagusitu dira.

Zergatik? Azken finean, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, mundu osorako aurreikuspen ekonomikoak oso baikorrak dira: 192 herrialdeetatik 179k hazkunde ekonomikoa izango dute; munduko barne produktu gordinaren %99 hazten ari da, alegia.

Trump efektua

Urduritasunak zerikusia izan dezake Donald Trump AEBetako presidentearen izaerarekin eta erabakiekin. Iaz, bere agintaldiko lehen urtean, burtsak pozik zituen: ekonomia ez zuen gehiegi ukitu, eta aberatsenen aldeko zerga erreforma iragarri zuen. Orain, bigarren urtean, egoera aldatu da.

Txinarekin merkataritza gerra bat hasteko hautuak tentsioa handitu du. AEBen aspaldiko egiturazko desorekak konpondu gabe jarraitzen du: bai arlo publikoak eta bai pribatuak ez dute nahikoa aurrezten bere jarduera finantzatzeko, eta horregatik zorpetu beharra dute. AEBen zor publikoa, egun, BPGaren %103 da eta pribatua, %200. Hain zuzen ere, AEBek munduko 102 herrialderekin dute merkataritza defizita, baina guztien artean Txina gailentzen da. Txinatarrak dira hartzekodun nagusiak, eta, finantza harreman desorekatu horretan, batzuek zein besteek elkarren menpekotasuna badute ere, ez dirudi oso zentzuzkoa Txina mehatxatzea.

Gainera, Trumpen eguneroko txio zaparradak ez dira sendabiderik egokiena merkatuen ohiko antsietatea baretzeko. Asteon bertan, Sirian, Errusiaren aurka «arma on, berri eta adimentsuak» erabiltzeko mehatxuaren aurrean, burtsek galerekin erantzun zuten. Orduero, munduko gizonik boteretsuena nondik aterako den antzematerik ez dagoenez, haren aipuek berehalako erantzuna dute kotizazioetan.

Ezinegonaren atzean, arrazoi sakonagoak egon daitezke. Europan zein AEBetan, hainbat artikulu ekonomikotan badago burbuila bat sortzen ari ote den irudipena, eta zenbaitek beste finantza krisi baten arriskuaz ohartarazi dute.

2007ko finantza krisian gertatutakoak itzal luzea du, oraindik ere. Izan ere, duela hamar urte zientzia ekonomikoak huts egin zuen. Ahots bakan batzuk salbu, inork ez zuen antzeman subprime hipoteken arriskua eta Europako hainbat herrialdetako higiezin burbuila. Ondorioz, oker larri horrek gerora arrastoa utzi du: eta berriro huts eginez gero?

Finantza krisiari aurre egiteko, Atlantikoaren bi aldeetako banku zentral nagusiek ezohiko diru politika erabili zuten, eta milaka milioi euro isuri zituzten finantza sisteman. Onuradun nagusiak finantza erakundeak izan ziren. Banku zentralen helburua izan zen finantza sistemaren gainbeherak ekonomia errealari ahalik eta gutxiena eragitea, eta, Europa hegoaldeko herrialdeetan izan ezik, gainerakoetan eragotzi zen Depresio Handiaren pareko krisian erortzea. Dena den, finantza erakundeek burtsan zein zor merkatuetan berrinbertitu zuten dirutza horren zatirik handiena.

Egun, joerak aldatu dira. Erreserba Federalak ezohiko diru politika alboratu du, eta apurka interes tasak igotzen ari da; Europako Banku Zentrala, berriz, ezohiko diru politikaren azeleragailutik hanka, apurka-apurka, altxatzen ari da, eta 2019 erdialderako uztea espero da. Barra-barra dirua isuri zeneko itsasgora amaitzen ari da, eta, itsasbeheraren garaia helduta, burbuilak sortu ote diren kezka nagusitu da.

Burtsak, ustez, badu lotura bat ekonomia errealarekin. Bertan kotizatzen duten enpresek hiru hiletik behin aurkezten dituzten emaitzek unean uneko egoera zein etorkizun hurbileko perspektiba islatzen badute, akzioen prezioak egoera horri erantzun behar lioke. Alta, historiak maiz erakutsi duen legez, euforia eta diru gosea zorroztasun arrazionalari nagusitzen zaio, eta nola jakin daiteke orduan burbuilarik ba ote den?

Aspaldidanik, PER ratioak prezioen eta irabazien arteko erlazioa aztertzen du, eta kotizazio bat merke edo garesti dagoen neurtzeko balio du, besteak beste. 1988an, Robert Shiller eta John Y. Campbell ekonomista estatubatuarrek, ratio hori hartu, eta CAPE izeneko adierazlea garatu zuten: burtsaren indizea erreala (inflaziora doituta) hamar urteko batez besteko enpresen irabaziekin erlazionatzen du. Zenbat eta garestiago atera, orduan eta garestiago legoke burtsaren balioa, eta historiako beste garaiekin alderatzeko ere balio du.

AEBetako S&P indizeak, historikoki, 17ko balioa izan du batez beste —hots, indizearen eta enpresen arteko irabaziaren arteko aldea hamazazpi bider handiagoa izan da 137 urteko historian—; gaur egun, berriz, 30etik gorakoa du. Goiko irudian ikus daitekeen bezala, 1929ko burtsaren pare legoke, eta soilik 2000ko burbuila teknologikoak gaindituko luke egungo maila. Ez dira lasaitasuna emateko moduko aurrekariak, eta, horregatik, datu horietan oinarrituta, hainbat komunikabidek crash baten arriskuaz ohartarazi dute.

Hala ere, alderatze kezkagarria izanagatik, tentuz hartu behar da. Robert Shiller berak ohartarazi duenez, «horrek ez du esan nahi CAPE ratio handi bat derrigorrez beheranzko merkatu batekin erlazionatuta dagoela». Haren arabera, 1881etik enpresen irabaziak batez beste %1,8 handitu dira urtero; 2016tik, berriz, %13. «Epe motzera, AEBetako burtsak historian izandako beste hamahiru beherakada handien aurreko egoeran dagoela dirudi. Horrek ez du esan nahi hartza etorriko dela: halako gertaerei aurrea hartzea zaila da, eta hurrengoa iristeko, akaso, oraindik denbora asko falta da».

«Bi burbuila»

Horregatik, zuhur jokatu behar da, baina arriskua egon badago. Eta ez soilik burtsan. Alan Greenspan Fedeko presidente ohiak (1987-2006), Bloombergi urtarrilean eskainitako elkarrizketa batean, adierazi zuen «bi burbuila» daudela, bata burtsan eta bestea errenta finkoan: «Azken batean, bonuen merkatua izango da gai erabakigarria», azaldu zuen. Greenspanen arabera, AEBetako defizita «geroz eta handiagoa da», eta, arazo hori aurrekoengandik jaso badu ere, Trumpek ez du argitu nola bideratu nahi duen finantza publikoen desoreka. Zor publikoa (eta pribatua) handitzen ari diren heinean, Greenspanen arabera, «ez zaio gai horri behar besteko garrantzirik eman». Haren hitzetan, «inflazioa handitzera doa; galdera da noiz».

Gertatuz gero, ikusi egin beharko da nolako ondorioak dituen bai errenta finkoan bai burtsan. Baina otsailaz geroztiko urduritasunak, neurri batean, beldur horri erantzuten dio.

Europan, egoera ekonomikoa bestelakoa da. Indizeen CAPE ratioa AEBetakoa baino apalagoa da, baina horrek ez du esan nahi arriskutik at daudela. Azken asteetako urduritasunak mundu osoko burtsak kutsatu baditu, AEBetan balizko akzioen erorketa batek ere Europan eragina luke, nahitaez. Kezkagarriena da merkatuen beherakada handiek ia gehienetan eragin zuzena dutela ekonomian, eta, gainera, 2008arekin alderatuta bai banku zentralen bai gobernuan erantzuteko gaitasuna txikiagoa dela.

Zenbatekoa da arriskua? Mohamed El Erian aholkulari ekonomikoa ausartu da probabilitatea neurtzera. «Auzia ez da lehen lau hilabeteetako gorabeherek jarraituko ote duten. Ziurrenik, bai. Auzia da honek guztiak zertan amaituko duen: epe erdira goranzko joera sendo batekin, edo finantza ezegonkortasun handiago batekin. Nire ustez, lehenengoa gertatzeko aukera %65 da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Agintari politikoak, asteazken honetan Karrantzan eginiko ekitaldian. ©Berria

Esne kooperatibek 100 milioi inbertituko dituzte isuriak murrizteko

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Kantabriako 603 etxaldek parte hartuko dute egitasmoan. Europako funtsak erakarri nahi dituzte.

Elma Saiz Ekonomia kontseilaria Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak pandemia aurreko urtean baino %5,8 gehiago bildu du 2021ean

Xabier Martin

2020an baino %15 gehiago bildu du ogasunak: 4.170,4 milioi euro; alegia, 543,3 milioi gehiago. Zorra ere kitatu du Foru Gobernuak: 465 milioi euro arindu du, eta gaur egun 3.152 milioi euroko zor publikoa dauka.

Langraitzeko enpresaren sarrera. ©FIASA

Langile bati egindako jazarpen sexuala salatu du Fiasako batzordeak

Xabier Martin

ELAk, LABek eta UGTk esan dute enpresak «abusu sexuala ezkutatu» nahi izan duela, eta ez duela «arduraz» jokatu zuzendaritzako kide batek emakume langile bati egindako jazarpenaren aurrean.

Bizkaia dorrea, Bilboko Plaza Biribilean. ©juanan ruiz / foku

Neguriko familien bi funtsek Bizkaia dorrea erosi dute

Iker Aranburu

165 milioi eurotik gora ordainduko dizkiote oraingo jabeari. Solarpacken salmentari esker, 445 milioi euro patrikaratu zituzten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.