Naval ontziola erosteko eskatu diete langileek gobernuei berriro

Manifestazioa egin dute Bilbon, Navalen itxieraren aurka. Abenduaren 7an hasiko da likidazio fasea, eta hogei egun barru kaleratuko dituzte langileak. Epe horretan enpresa publiko egitea nahi dute

Navalen itxieraren aurkako manifestazioa, atzo, Bilboko Kale Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Denbora gutxi geratzen zaigu».Navaleko langile batzordeko idazkari Juanjo Llordenek berba egiteko modu zuzenarekin ere adierazi zuen Sestaoko (Bizkaia) ontziolako langileek sentitzen duten premia. Datorren ostiralean, hilaren 7an, enpresa likidatzeko bost hileko epea hasiko da. Orduan egin ahal izango dira ontziola erosteko proposamenak. Orain, langileen kaleratzeak negoziatzen ari dira. Hogei egunen buruan geratuko dira lanik gabe. Bihar, 12:30ean dute hirugarren bilera. Lanpostuak salbatzeko azken aukera dutela uste dute. Horregatik, beren aldarrikapenak eroan zituzten Bilbora, atzo.

Ezkerraldetik gerturatutako milaka herritarren babesa jaso zuten, La Naval ez itxi lelopean egin zuten manifestazioan. Ezkerraldearen industria berpizteko ere eskatu zuten, azken urteetan eskualdean zarratu diren enpresak gogoratuz. Naval ixteak 3.000 lanpostu inguru galtzea ekarriko duela ohartarazi zuten.

Jesusen Bihotzaren plazatik abiatu zen martxa, Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko ordezkaritzaren paretik. Kale Nagusi osoa txilibituekin txistuka zeharkatu zuten. Oihuak ere entzun ziren: «Naval publikoa» eta «Lehendakari, zoaz zu Cadizera», besteak beste. Hogei egun barru, kaleratze gutunarekin batera, Navantia Espainiako ontziola publikoko langile izateko aukera jasoko dute 177 beharginek. Hau da, Cadizera (Espainia) edo Ferrolera (Galizia) lanera joateko aukera izango dute. Eta orduan langilerik gabeko enpresa erosi ahal izango du inbertitzaile pribaturen batek.

Hori saihestu nahi dute. Horregatik, bideragarritasun plan bat eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Bietako batek enpresaren gehiengoa erostea nahi dute, eta inbertitzaile pribatu bat bilatu dezatela, bazkide izateko. Lan karga ere falta dute. Orain, hogei hilerako lana izango luketela esan zuen Llordenek. «Erakunde publikoek bilatu beharko dute gehiago. Badakigu, adibidez, Frantziako ontziola bat lanez gainezka dagoela. Mugitu daitezela, eta bilatu dezatela».

Langile, haien senide eta herritarrekin batera, politikariak ere izan ziren atzoko manifestazioan. EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PPk Eusko Jaurlaritza kritikatu zuten. «Erreskate publikoa» eskatu zuten Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak eta Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. PSEk eta PPk, ordea, enpresa erosiko duen inbertitzaile pribatua nahi dute. Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialistak esan zuen bi gobernuak haren bila dabiltzala. EAJk ez zuen ordezkaritzarik bidali, baina manifestarien artean Josu Bergara eta Aintzane Urkijo Sestao eta Santurtziko alkateak egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.