Pentsiodunek Jaurlaritzaren «borondate falta» salatu dute

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eskatu dituzte «pentsio duinak», eta adierazi dute gobernuei «presio egiten» jarraituko dutela kalean, beren eskakizunak bete arte. Bideoa albistearen amaieran. 
Milaka pertsonak egin zuten bat Donostian, atzo, pentsio duinen aldeko manifestaziorekin.
Milaka pertsonak egin zuten bat Donostian, atzo, pentsio duinen aldeko manifestaziorekin. JON URBE / FOKU

Jon Fernandez -

2018ko abenduak 16
Eusko Jaurlaritzaren jarreraz «desengainatuta» agertu ziren pentsiodun asko, atzo, Donostian, Bilbon eta Gasteizen «pentsio duinen alde» egindako manifestazioetan. Asteetan Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak negoziatzen ibili eta gero, ostegunean EAJk hautsitzat eman zuen negoziazioa EH Bildurekin, eta Jaurlaritzak 2018ko aurrekontuak luzatzea erabaki du: desadostasunaren arrazoi nagusietako bat gutxieneko pentsioen igoeraren ingurukoa izan da. DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez 2019an gutxieneko pentsioa hilean 858ra igotzea eskatu zuen ezkerreko koalizioak, baina EAJk eskaini zion hilean 783 eurora igotzea 2019an —orain baino 50 euro gehiago—, 830era 2020an, eta 856ra 2021ean. Ezerezean geratu da negoziazioa, eta haserre daude pentsiodunak.

«Inoiz baino aberastasun gehiago dago gaur egun, baina desberdintasunak gora doaz. Beraz, ez da arazo tekniko bat, baizik eta duintasun eta borondate politikoaren kontu bat», defendatu zuen Maria Luisa Lizartzak, Gipuzkoako pentsiodunen Duintasuna elkarteko kideak, milaka manifestariren aurrean, Donostiako Bulebarrean.

Hilabete barru beteko da urtebete pentsiodunek asteleheneroko protestak hasi zituztenetik, eta atzo beste indar erakustaldi bat egin zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat hiritan. Urtebetean ez dituzte eskariak aldatu: gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea, Europako Gutun Sozialak ezarritako pobreziaren mugara; pentsioak, legez, KPIaren arabera eguneratzea; pentsio sistema publiko eta propio bat izatea; iraunkortasun faktorea ezabatzea; emakumeen eta gizonen arteko arrakala ezabatzea pentsioetan ere; eta enplegu prekarioari aurre egitea 1.200 euroko gutxieneko soldatak ezarrita.

Lorpenak bai, baina ez aski

«Konbentzituta gaude gure eskariak bidezkoak direla, eta denbora daukagu kalean presio egiteko. Solidarioak garelako gaude hemen», zioten atzo, Donostian, Ines Bello eta Isabel Arnaiz pentsiodunek. «Presio egitea ezinbestekoa delako» ateratzen dira kalera astelehenero, «eta oso inportantea delako desberdintasunik ez egotea gizonen eta emakumeen pentsioen artean». Hain zuzen, Duintasuna elkarteak salatu du emakumeen pentsioak gizonezkoenak baino %41 apalagoak direla batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ia urtebetez plazak eta kaleak bete dituzten pentsiodunak konbentzituta daude presio sozialak bakarrik eragiten dituela aldaketak. Aitortu dute lortu dituztela aurrerapauso batzuk mobilizazioei esker: 2018an eta 2019an pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea, PPren eta EAJren maiatzeko itunari esker; eta iraunkortasun faktorea 2019tik 2023ra atzeratzea. Baina lorpen horiek ez dira aski, atzo azaldu zutenez.

«Sumindu gaitezen!»

Dirua badagoela aldarrikatu dute beste behin pentsiodunek: Nafarroako Gobernuak 121 milioi euro gehiago izango ditu 2019ko aurrekontuetan, eta Jaurlaritzak ia 300 milioi gehiago. Pentsiodunen plataformek nabarmendu dutenez, «politika zuzen eta bidezkoago bat izanez gero, bai zergak biltzean, bai aberastasuna banatzean, kalitatezko pentsioak berma daitezke gaur eta etorkizunean». Horregatik, eta pentsioena gizarte osoari eragiten dion auzi bat dela iritzita, aktibatzeko deia egin diote gizarteari.«Sumindu gaitezen, konprometitu gaitezen!», oihukatu zuten Donostian.

Atzoko manifestazioetan pentsiodunen artean gazte gutxi zeudela eta, penaz zeuden manifestari batzuk. Lierni Arregik 45 urte ditu, eta Donostiako manifestaziora joan zen atzo, iritzita pentsioen auzia transbertsala dela, eta lotuta dagoela lan merkatuaren egoerarekin ere: «Pentsiodunei elkartasuna erakusteko gaude hemen, eta gure etorkizuna hain beltza ez izateko».

Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata 900 eurora igoko duela eta, Nafarroako pentsiodunen elkarteek eskatu dute gutxieneko pentsioa ere kopuru berera igotzea, «1.080ko gutxieneko pentsiorako bidean urrats gisa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna