Herrialdeak trabatuta daude klima larrialdiaren inguruko goi bileran

COP25ek ez du espero zitekeen emaitza izan, bi asteko negoziazioen ostean eta egun bat luzatuta ere. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute azken zirriborroa «erabat onartezina» izan dela

Fridays For Future plataformako kideek ostiralean Madrilen egindako elkarretaratzearen irudia. FERNANDO VILLAR / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Parisen duela lau urte, ozta-ozta izan bazen ere, klima larrialdiaren aurkako «lehen akordio unibertsala» adostu zuten estatuek. Nahiz eta hasieran uste baino lausoagoa izan, itunak, lehen aldiz, marra gorri bat ezarri zuen: mende amaierarako planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea. Parisko akordioa, baina, zaharkituta geratu da artean martxan jarri ez arren. Berez abiatzear dagoen urtean sartuko da indarrean, eta, data horren atarian, estatuak ohartu dira, adituek premiaz jokatzeko ohartarazi ondoren, isurketak murrizteko hartutako konpromisoak ez direla aski. Parisen adostutako neurriekin, 3,2 gradu igoko litzateke planetaren tenperatura mendearen amaierarako.

Parisko COP21 hartan, berez, igoera 1,5 gradukoa izateko ahalegina egiteko promesa baino ez zuten egin. Madrilgo COP25 goi bileran, bada, ezinbestean, promesetatik haratago joateko garaia zen. Bi asteko negoziazioen ostean ostiralean amaitu behar zuen goi bilerak, baina, beste egun bat luzatuta ere, ez du espero zitekeen emaitza izan.

Jarrera antagonikoak

Carolina Schmidt Txileko Ingurumen ministro eta goi bilerako presidenteak bezperan desadostasunak zeudela ikusita, gauean ere negoziazioetan aritzeko eskatu zien nazioarteko ordezkariei, goizalderako itun bat izango zuten itxaropenarekin. Goizean, baina, zirriborro bat baino ez zuten. Schimdtek aitortu zuen ordezkaritzek«lan handia» egin zutela, baina agerikoa da bi jarrera antagonikoekin ezin dela aurrera egin. Batzuek asmo handiagoko ekintzak eskatzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, malguago jokatzeko eskatzen zuten. Neurri batean, abiadura ezberdinetan garatu diren bi munduren ordezkariek talka egiten dute.

Atzo arratsaldean beste testu bat aurkeztu zuten. Haren gainean eztabaidan aritu ziren, baina adostu ezinik, eta gauerdira atzeratu zuten itxiera ekitaldia. Orotara 200 bat herrialdetako ordezkariak daude goi bileran, eta horietatik 84 prest agertu dira gas isurketak murrizteko konpromisoak areagotu eta nazio planak jada martxan jartzeko. Tartean daude Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Espainia. Txinak, Indiak eta Errusiak, aldiz, epeak luzatzeko eskatzen dute. Aintzat hartu behar da, gainera, Ameriketako Estatu Batuak Parisko akordiotik at daudela, eta lau herrialde horien emisioak batuz gero, berotegi gasen isurketen %55 direla. Afrikako hainbat estatuk, berriz, azkarrago garatu diren herrialdeek duten erantzukizuna handiagoa dela argudiatuz, eskatzen dute haiekiko eskakizunak malguagoak izateko.

Karbono merkatua

Karbono merkatuaren arauketa da negoziazioa zailtzen ari den beste puntuetako bat. Parisko Hitzarmeneko 6. artikuluaren tresneria juridikoa da negoziazioen traba handiena. Kyotoko Protokoloak 1997an aurreikusi zuen isurketak erosteko aukera, baina, salerosketa horretan herrialde batzuek kredituak pilatu dituzte, eta horiek erabiltzen jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. Brasil tesi horren alde dago, herrialde hori baita kreditu gehien pilatu dutenetako bat. Beste herrialde batzuek, ordea, uste dute horiek agortutzat eman behar direla, garai berri bat ekin behar zaiola. Costa Ricak, adibidez, mekanismo «justu eta egonkor» bat eskatu du, eta estatu horrek horren harira aurkeztutako printzipioekin bat egin dute beste 27 estatuk, horien artean Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Espainiak. Testuak jasotzen dituen 11 neurrien artean kontabilitate bikoitza ekiditeko neurria da aipagarriena, erosleek eta saltzaileek murrizketak puztea eragozteko.

Gobernuz kanpoko erakundeek kritika erabatekoa egin diete negoziazioei. Azken zirriborroa «erabat onartezina» zela salatu zuten: «Parisen duela lau urte hitzartutakoaren copy paste bat da. Txileren eginkizuna zen akordio hura babestea, zinismoak suntsitu ez zezan, baina horretan ere huts egin du kutsatzaileen alde jarrita». Zientziak esan eta gizarteak aldarrikatzen duenaren eta estatuek eskaintzen dutenaren arteko arrakala inoiz baino handiagoa dela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.