Espainiako inbestidura saioa. Espainiako alderdiak
Sanchezek elkarrizketa eskaini dio Kataluniari, eta diskurtso soziala egin du

Kataluniari eta politika sozialei begira jarri zen atzo Pedro Sanchez Espainiako presidentegaia, inbestidurako lehenbiziko saioan. Eskuineko alderdietan urduritasun handia nabaritu zen: irainak eta etorkizun apokaliptikoa iragartzen zuten mezuak jaso zituen Sanchezek eskuin hegaletik. Presidentegaiak aurrea hartu, eta Espainia ez dela apurtuko iragarri zuen mikrofonora gerturatu bezain pronto: «Hemen, apurtuko dugun bakarra espainiarrei inposatutako blokeoa da».
Kataluniakoa gatazka politikoa dela esan zuen behin eta berriro, eta afera politikaren bidez konpontzeko nahia agertu zuen: «Aurretik datorren krisiari leialtasun konstituzionalez eta erabateko ardura instituzionalez helduko diogu, gatazka politikoa politikara itzul dadin. Horrela, atzean utziko dugu Kataluniako eta Espainiako gizartearen zati handi batean hainbeste min eta banaketa sortu duen deriba judiziala». Horretarako, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia martxan jarriko dutela iragarri zuen.
Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ariko dela adierazi zuen Sanchezek, gaur egungo estatutuan jasotzen diren transferentziak betetzeko. Gainera, estatutua berritzeko babesa ere adierazi zuen, baina, betiere, Espainiako Konstituzioaren mugen barnean egiten bada.
Sanchezen inbestidurarako saioak gaur jarraituko du. EH Bilduko eta Talde Mistoko bozeramaileek hitz egingo dute Kongresuko hemizikloan, eta ondoren bozkatu egingo dute diputatuek. Presidente aukeratua izateko, lehen bozketan gehiengo osoa lortu beharko luke sozialisten hautagaiak, baina ez du lortuko. Bigarren bozketa etzi dira egitekoak, eta orduan nahikoa izango du gehiengo sinplearekin. Alderdien boto asmoaren arabera, 167k alde bozkatuko dute; 165ek, kontra, eta hemezortzi abstenitu egingo dira.
Diskurtso soziala egin zuen Sanchezek atzoko saioan, eta zerbitzu publikoen defentsa sutsua. UP Unidas Podemosekin osatu nahi duen gobernuak lau balio nagusi izanen dituela azaldu zuen: justizia soziala, zerbitzu publikoen defentsa, askatasuna eta kohesio soziala. Espainiako gizartean dagoen berdintasunik ezari aurre egin nahi dio, diru sarrera txikienak handituz eta aberastasunaren banaketa eginez.
Zerbitzu publikoei dagokienez, merkatuko ekonomia soziala defendatu zuen. Askatasunaren alde ere mintzatu zen: «Askatasuna ez da bateragarria mozal legearekin, alderdi politikoak legez kanporatzearekin edo komunikabideak ixtearekin». Hala, matxismoaren, homofobiaren, xenofobiaren eta arrazakeriaren kontrako gobernua eratu nahi duela aipatu zuen Sanchezek.
Espainiaren aniztasunaz mintzatu zen arren, bere espainiartasuna nabarmendu nahi izan zuen diskurtsoaren hasieran: «PSOE, bere siglek esaten duten moduan, alderdi espainiarra da, aberkideek osatutakoa. Errepikatuko dut: espainiar alderdia da».
Pablo Iglesias UPko bozeramaileak herri mugimenduak izan zituen gogoan, eta eskari bat egin zien: «Gobernuak herri mugimenduen kritika eta presioa beharko ditu gauzak ongi egiteko». Kataluniako preso eta erbesteratuak ere gogoan izan zituen: «Haien sineste demokratikoak ezin dira zalantzan jarri. Haietako batzuek kartzelatik lan egin dute akordioa eta elkarrizketa defendatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet, apaltasun osoz».
Eskuinaren hitz gogorrak
Denetarik bota zion Pablo Casado PPren bozeramaileak Sanchezi: bere gobernua «amesgaiztoa», «estatuaren kontrakoa», «arimarik gabekoa» eta «gaitz kronikoa» izanen dela esan zion. Gezurretan aritzea ere leporatu zion: «Gezurti hutsa zara, presidente fake bat». Hitzari ekin bezain pronto eskatu zuen 155. artikulua martxan jartzeko, eta mehatxua bota zion presidentegaiari: «Zure kontra eginen dugu, Torraren kontra egin dugun bezain irmo».
Bide beretik jo zuen Santiago Abascal Voxeko bozeramaileak. Espainiari traizio egitea egotzi zion Sanchezi behin eta berriro, eta irain zerrenda luzea eskaini: «pertsonaia», «iruzurgilea», «hitzontzia»... «Ezin dugu zilegitzat jo asmo totalitarioak dituen gobernu bat, benetako diputatu ez direnen botoekin osatutakoa». Casadok esan zuen Sanchezen epitafio politikoa izanen dela legegintzaldia. «Ez izan dudarik. Irabaziko dugu, eta zuek galdu».
Ines Arrimadas Ciudadanosekoak eskatu zuen PSOEko diputatuen artean egon dadila «ausarten bat» Sanchezen inbestiduraren kontra bozkatuko duena. «Izan ere, soldata publiko batek ezin du hainbesteko umiliazioa justifikatu». Sozialisten eta UPren arteko akordioa «ezin txarragoa» iruditzen zaio.
Coalicion Canaria alderdiarena izan zen ezustekoa: inbestidura saioaren erdian ezetz bozkatuko duela iragarri zuen, bezperan esan ondoren abstenitu egingo zela.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.