Alemanian bizi diren 400 ekintzaile kurduren aurkako ikerketa zabaldu du Turkiak

Elkarte kurduetan aritzen diren pertsonen kontrako operazioa da. Abokatuek salatu dute artxiboak «sekretuak» direla eta horrek eskubideak urratzen dituela

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen politiken kontrako protesta, Berlinen. OMER MESSINGER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Turkiak kurduen kontra abian duen borrokak mugak zeharkatzen ditu. Irakeko eta Siriako Kurdistanen egiten dituen bonbardaketak dira horren erakusle, baina, oraingoan beste urrats bat egin du, beste marra gorri bat zeharkatuz. Ankarako Fiskal Nagusiak Alemaniako elkarte kurduetan lan egiten duten edo elkarte horiek antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzen duten 400 lagunen aurkako ikerketa abiatu du. Jada hainbat lagun atxilotu dituzte Alemanian. Kadriye Imir da horietako bat, Nuram Imir HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko kidearen ama.

Alemanian bizi diren kurduen kontrako jazarpena ez da berria. 2019ko abuztuan zabaldutako txosten baten arabera, iaz, sei hilabetetan, 62 lagun atxilotu zituzten, tartean alemaniarrak eta alemaniar herritartasuna zuten kurduak.

Auzipetuei «erakunde terroristako» kide izatea leporatzen diete, soilik elkarteek antolatutako hitzaldietan edo ekitaldietan parte hartzeagatik. Abokatuek salatu dute, baina, ezin dutela auzien inguruko informazioa eskuratu, artxiboak «sekretuak» direlako. Alisan Sahin OHP Abokatu Libertarioen Plataformako kideak jakinarazi du konfidentzialtasun klausula legez kanpokoa dela: «Argi eta garbi eskubideak urratzen ari dira, ez baita legearen baitan egiten den ikerketa bat, baizik eta presio politikoen ondorioz egiten dena». Akusazioek oinarririk ez dutela ere salatu du abokatuak: «Familiak hautsita daude».

Sinboloak debekatuta

Alemanian milioi bat kurdu inguru bizi dira, asko eta asko jazarpenetik ihes egindakoak. Diasporan bizi diren kurduen artean komunitate sendoena da: ekintza kultural eta politiko ugari antolatzen dituzte, eta baita makina bat protesta ere. Turkiak iragan urriaren 9an Rojavan abiatutako operazioa salatzeko, esaterako, 20.000 lagun elkartu ziren hainbat hiritan egindako manifestazioetan eta elkarretaratzeetan.

Protesta horietan, baina, hainbat lagun atxilotu zituzten, izan ere, kurduen ikurrak debekatuta daude herrialdean. Barne Ministerioak 2017an debekatu zituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sinboloak, tartean PYD, YPG, YPJ ikurrak, hala nola Abdullah Ocalan PKKren sortzailearen irudia. Kontua da kurduentzat erresistentziaren ikur dela buruzagia, konfederalismo demokratikoaren aita, eta erruz erabiltzen dutela haren irudia.

Helmut Kohlen garaian debekatu zuten PKK. Manfred Kanther Barne ministroak 1993ko azaroaren 26an sinatu zuen dekretua, eta, orduz geroztik, ehun laguni baino gehiagori kartzela zigorrak ezarri dizkiete erakundeko kide izatea egotzita. Kurduek «genozidio politikoa» salatu izan dute, elkarteen egoitzetan sarekadak ere egin dituztelako. Iragan martxoaren 8an Mesopotamia argitaletxean hiru eguneko miaketa egin zuten eta milaka liburu konfiskatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.