Kabul eta talibanak Dohan elkartu dira, talibanak erasoaldi betean direla

Pakistanekiko mugan liskarrak izan dira, talibanek kontrol postu garrantzitsu bat hartu ostean. Afganistanerako sarbideak kontrolatu nahi dituzte talibanek

Afganistango armadako soldaduak Kandahar probintziako postu batean, Afganistan hegoaldean. M. SADIQ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bake negoziazio oro burura eramateko borondateak bezainbat baldintzatzen du mahaiaren bueltan eseritako alde bakoitzak bestearekiko duen posizioak. Aldagai horri erreparatuta, oso egoera desberdinean iritsi ziren Afganistango Gobernua eta talibanak atzo Dohan berrartutako negoziazioetara. Aliatu izan dituen nazioarteko potentzien tropen erretiratzeak higatuta dago gobernua, eta erasoaldi eta hedapen betean talibanak, bestearen gabeziak baliatuta.

Bi aldeek esana dute Afganistanen bakea atzo berrartutako elkarrizketen bidez soilik lor daitekeela, baina alboratua izan dute bide hori, nor bere eskakizunetan gotortuta, eta gatazkaren gorakadak ez ditu hobetu baldintzak. Gobernuarentzat, baldintza da talibanek su etena ematea, eta talibanek, berriz, herrialdeko sistema politikoan ordezkatuak izan nahi dute, gutxienez. Horrez gain, 7.000 preso taliban askatzea eta NBE Nazio Batuen Erakundeak talibanen izenak zerrenda beltzetik ateratzea ere eskatzen dute, besteak beste.

Ikusteko dago egunotako operazio militarrek zer eragin izango duten gaitegian, baina agerikoa da erasoaldi betean direla talibanak, eta horrek kontzesio gutxiago egitera eraman ditzake negoziazio mahaian. Elkarrizketen atarian, Baradar Akhund talibanen ordezkariak esan zuen azken lau hamarkadetan «sistema islamiko eta subirano bat» ezartzen saiatu direla, eta helburu hori «lortzeko zorian» daudela.

Izan ere, talibanek 130 barruti baino gehiago bereganatu dituzte —herrialdearen azaleraren %50 baino gehiago, Al Jazeera hedabidearen arabera—; gehienak, iparraldean. Herrialdeko 34 probintzietatik gutxienez hamabostetan liskar armatuak izan zirela jakinarazi zuen herenegun Afganistango Defentsa Ministerioak, eta gobernuaren aldeko indarrek Saighan barrutia «askatzea» lortu zutela. Liskar handienak Kandahar probintzian izan dira azken egunotan, ordea. Waesheko kontrol postua bereganatu zuten talibanek asteartean, Afganistan eta Pakistan artean dagoena eta merkantzien garraiorako oso garrantzitsua dena. Halaber, Pakistango Gobernuak jakinarazi zuen mugaren bere aldeko eremuaren zati bat ere hartu zutela.

Mugakideak diren bi herrialdeetako gobernuen arteko tirabira eragin du gatazka inguru horretara mugitu izanak. Amrullah Saleh Afganistango presidenteordeak Islamabadi leporatu zion talibanei aireko babes militarra eman izana. Haren arabera, Pakistango aireko indarrek Afganistangoei ohartarazi zieten erantzun egingo zutela talibanei eraso eginez gero. Akusazio horri erantzun zion atzo Pakistango Atzerri Ministerioak, eta gezurtatu egin zuen Afganistango aire indarrei ezer komunikatu izana. Aitzitik, Kabulek operazio militar bat egingo zuela jakinarazi ziela esan zuen, eta ez ziotela horri trabarik jarri.

Iran, Uzbekistan eta Tajikistanekiko mugako zenbait postu ere bereganatu dituzte talibanek azken asteetan. Afganistanen alboko herrialdeetatik irits daitezkeen merkantziak kontrolatu nahi dituzte. Modu horretan, Kabul bakartu nahi dute, eta gobernuarekiko posizioa indartu.

Talibanen erasoek migrazio oldea eragingo dutela dirudi, eta Turkia hasia da horri aurre egiteko neurriak hartzen. Iranekiko mugara 20.000 soldadu bidali zituela jakinarazi zuten herrialde horretako hedabideek, herrialde hori zeharkatu ostean Turkiara sartzeko asmoa duten migratzaileak geldiarazteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.