Adineko eta mendekoen egoitzetako orbainak

Madalen Ibañez - Gipuzkoako Senideak elkartea

2021eko urtarrilak 14

Gipuzkoako Senideak elkartetik, 2020ak adinekoen egoitzetan ekarri duenaren balorazioa egitera gatoz. Gipuzkoako Senideak elkartea egoitza publiko eta itunduetan bizi diren pertsonen senitartekoen elkartea da, Gipuzkoako adinekoen arretarekin eta zaintzarekin sentsibilizatuta, duela bi urte inguru sortu zena. 2020. urtea hasterako, langileek dagoeneko 243 greba egun eginak zituzten, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Egoera honen ondorioak egoiliarrek pairatu dituzte. Jarraian, COVID-19aren pandemia iritsi zen. Martxoko konfinamendu orokorra iristerako, egoitzetan segurtasuna bermatze aldera, bisitetarako higiene eta murrizketa neurriak hartzen hasiak ziren, berehala guztiz itxita geratu arte. Honekin batera, inkomunikazioa, isolamendua eta bakardadea iritsi ziren.

Pixkanaka, bideo deiei esker, komunikazioa berreskuratzen hasi ginen, baina zentro bakoitzean erritmo eta baldintza ezberdinetan. Aste Santuan hainbat pertsona bideo deirik gabe geratu ziren, langileen oporraldia zela eta. Maiatzaren hasieran, Amaren Egunean hainbat familiak opariarekin etxera itzuli behar izan zuten, egoitzetan ez zituztelako jaso nahi izan. Halako batean, bisitak berreskuratu genituen ilusio handiz. Kasu gehienetan, ilusioa lehenengo bisita egin orduko zapuztu zen, baldintzak ez zirelako batere egokiak izan: bisita mordo bat aldi berean ongi isolatu gabeko espazioetan, senitartekoen arteko distantzia izugarria, adinekoen entzuteko zailtasunak, oihuak...

Komunikazio zailtasunez ari garela, areagotu egiten da adinekoren batek positibo eman eta erreferentzia zentroetara mugitzen dituztenean. Han, noski, bisitak egiteko aukerarik ez dago, eta komunikazioa asteko bideo dei batera mugatzen da. Lekualdatze horietan, familia bat edo beste hainbat orduz egon da bere senitartekoa non zegoen ez zekiela.

Hilabete hauetan zehar, senideok pentsatzen dugu desinformazioa handia izan dela. Komunikabideetan etengabeko zifra dantza egon da, baina zenbaki huts bezala aipatzen ziren horiek pertsonak dira, eta sekulako egonezina eragin izan digu, zentroetatik zuzenean jasotzen genuen informazioa eskasa izan delako. Are gehiago egunkarietako zenbaki horietako bakoitza familiarentzat, bakardadean, gertukoen agurra eta goxotasuna jaso gabe joan den norbait izan den kasuetan. Hala ere, argi utzi nahi dugu ulertzen dugula egoera honetan neurriak hartu beharra zegoela. Baina argi ikusten dugu, osasun fisikoa babesteko nahi horretan, osasun psikiko eta emozionalaz ahaztu egin garela.

Aurtengoan bakardadea da nagusi Eguberri garaian. Familiekin egoteko ezintasuna, garai honetan egoitzetan antolatu ohi ziren girotze jarduerarik ere ez baitute izan: ez kontzertu, ez gabon kanta, ez auzoko haur taldeen bisitarik... Astean bi bisita besterik ez izatea, familientzat hain bereziak izan ohi diren data hauetan, gutxitxo iruditzen zaigu. Garai honetan gertutasunik, oparitxo bat emateko aukerarik ez izatea tristea da benetan. Egoiliarrak urtean behin soilik etorri eta bisitatzeko aukera duten senideek ezin dituzte ikusi, musukatu, besarkatu.

Hurrengo urtean aukera izango dela esaten digutenean, badirudi ez direla ohartzen askorentzat akaso ez dela beste aukerarik izango: ez dakigu gure senideek beste urtebete iraungo duten. Eguberrietan etxera joateko aukera arriskutsua izateaz gain, bueltan, prebentzio neurri gisa, berriro isolatuta egon beharra ondorio oso tristea zatekeen. Gainera, pertsona eta familia guztietan ez da posible, baldintza eta egoera ezberdin asko baitaude.

Garai honetan egoitzetatik irten ahal izateko prestatuta dauden eremu seguru horiek erabiltzeko aukerarik ere ez dugu izan. Izan ere, paseatzen ibiltzeko girorik ere ez da. Neguan gaude eta eguraldiak ez du laguntzen.

COVID-19aren kontrako txertoa Gabonetan iritsi da. Esan beharra dago urte osoan egoitzetan bizi diren pertsonei eta haien senideei erabaki edo parte hartzeko eskaini zaigun aukera bakarra izan dela, txertoa hartu ala ez. Gai korapilatsua bada ere, baliagarria izango den itxaropenean gaude, isolamendu egoera amaitu eta gure senideekin egoteko aukera izango dugulakoan.

Bukatzeko, ezinbestekoa da bai egoitzetako erabiltzaileek eta baita haien senideek ere adineko pertsonen eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzari dagozkion erabakietan parte hartzea. Guztien ekarpenak kontuan hartuta gauza asko hobetu daitezke. Izan ere, zaintza gizarte osoaren ardura da. Bidean geratzen ez garen guztiak iritsiko gara zahartzarora; horregatik eskatzen diogu gizarteari egoitzetako bizi baldintzak hobetzeko laguntza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna