Noizko txertoa gure adinekoentzat?

Maria S. Berakoetxea
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gure osasuna zaintzeko ardura duten osasun-arduradunei zuzenduta:Euskal herritarra naizen aldetik, eta pairatzen ari garen informazio falta nabarmena dela eta —agian nahita egina—, nire haserrea erakutsi nahi dut, eta dagokionari publikoki eskatzen diot mesedez argitu diezazkigula sortzen zaizkidan zalantza hauek, COVID-19aren aurkako txertoaren kudeaketari dagozkionak.

Lehenik eta behin, hedabideetan irakurri dudan bezala, jakin nahi nuke zergatik ezin izan diren topatu txertoa eskaintzeko 100 urteko 800 pertsona.

Bigarrenik, jakin nahi nuke zer gertatu den 800 txerto-dosi horiekin: jarri diren ala ez, eta, hala bada, nori.

Hirugarrenik, jakin nahi nuke zergatik ez dugun egutegi argi eta zehatz bat, txertaketa nola egingo den aurreikuspenekin: datak, epeak eta datuak.

Nire familia-gunean hainbat kasuistika daude, baina gehien kezkatzen nautenak 90 urtetik gorako bi pertsona dira. Hauek gaur egun oraindik ez dute jaso inolako informaziorik txertoa noiz jarriko zaien jakiteko. Nola da posible, Euskadin bizi izanda, 90 urte baino gehiago izanik, txertoa noiz jarriko dieten inolako informaziorik ez izatea? Ez dut ulertzen. Zuek, txertaketaren arduradunek, argitu beharko diguzue.

Horietako bat, 94 urtekoa, une honetan kutsatua, hasiera batean sintomarik gabekoa, Donostiako ospitalean sartu zuten, bertan egon zen hainbat egunez, eta handik Matia egoitzara aldatu zuten. Pertsona horrek dementzia du, baita beste gaitz batzuk ere, eta erabateko mendekotasun fisikoa du. Logikoa denez, isolamendu-egoeran egoteak erabateko nahasmena eragiten dio eta, egoera horren aurrean, sedatu egiten dute. Matia egoitzan, medikuek telefono bidezko partea ematen digute astearte eta ostegunetan, hau da, asteko zazpi egunetatik bitan. Gainerako bost egunetan ez dugu informaziorik jasotzen. Ezin diogu bisitarik egin, eta pertsona hori ez dago telefono-dei bat egiteko moduan, nola dagoen esateko. Puntu honetan, telefono-partea egunero zergatik ezin den izan galdetzen dut. Familiak beharrezkotzat jotzen du, ezinbestekotzat.

Osakidetzako erabiltzaile gisa, Osakidetzak Matia egoitzara bideratu baitu, tratu lotsagarria iruditzen zait, bai paziente batentzat, bai guretzat, gertuko familiarentzat. Idaztea erabaki badut, Euskadin COVID-19agatik ospitaleratutako agure batzuen errealitatea mundu guztiak ezagutzea nahi dudalako izan da. Azken egunetan pertsona horrek okerrera egin du. Sukarra eta arnasteko zailtasunak izaten hasi da. Baina mediku partea astearte eta ostegunetan iristen zaigu oraindik; hau da, okerrera egin arren, familiari ez zaio informazio gehiago ematen.

Egia esan, Osakidetzarengandik ez nuen inoiz esperoko tratu hori ematea pazienteei edo erabiltzaileei, mundu mailako pandemiarengatik izanik ere. Horrek ez du gizatasun falta justifikatzen. Gizatasuna, orain, inoiz baino gehiago eskaini beharko luke.

Bestalde, nire familia-gunean gaur egun 92 urte dituen beste pertsona bat dago, patologia asko dituena, eta aurrez aipatu senideak bezala, ez du inolako berririk txertoa noiz emango dioten. Normala al da hori? Hau da euskaldunok merezi dugun zerbitzua? Koherentea eta onargarria da Osakidetzaren jokabide hori?

Nola liteke txertoa abenduaren 26an iritsi bada, gaur, 65 egun geroago, txertoa nola jarriko den informazio garbirik ez jakitea, batez ere arrisku-taldeetan? Adarra jotzen ari al zatzaizkigute? Norbaitek nire zalantzak argitzeko eskatzen dut. Euskal herritarra naizen aldetik, haserre eta nahastuta nago nire ustez bidegabekeria soziala eta, aldi berean, baliabideen kudeaketa txarra den honen aurrean.

Nire galderen erantzunaren zain nagoen bitartean, zauriak miazkatzen ditut, aipatutako senide horrengan pentsatuz. Familiako kide bakar batek ere ezin diogu lagundu bere bizitza jokoan dagoen une honetan, eta galtzeko aukera guztiak dituen bitartean, bera isolatuta eta bakarrik dago, dementziarekin eta erabateko mendekotasun fisikoarekin. Inoiz baino gehiago bakarrik. Izan daitekeen bakardaderik garratzena. Laztanduko duen eskurik gabe, suspertuko duen hitzik gabe, maitasunezko ahotsik gabe. Bakarrik, erabat bakarrik, agian bakarrik hiltzen.

A ze paradoxa, 94 urteko bizitza, denetarik pasatu duena. Lana, sufrimendua, ez du bizimodu erraza izan. Badakigu nolakoak izan diren gure aitona-amonen bizitzak oro har, bizitza oso gogorrak. Horrexegatik orain, 94 urte izanik, eta gaur egun duen egoeran, bizitzak gizatasun pixka bat gehiago eman beharko lioke. Guk, bere familiak, ezintasunetik eman ezin diogun gizatasuna.

Batek daki txertoa iritsiko ote zaion. Edo bere txanda beranduegi iritsiko ote zaion. Egia esan, ez gaitzatela engainatu, txertoa aspaldi heldu behar izan baitzitzaion berari eta bere adineko guztiei.

Beraz, oinazetik, amorrutik, suminduratik, ulertezintasunetik, baina ez etsipenetik, espero dut txertaketaren kudeaketa honen arduradunek, beren erantzukizunak betez, nire zalantzak argitzea, puntuz puntu. Agian horrela bakarrik ulertu ahal izango dut, ados ez izan arren.

Erantzunaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.