Patxi Zabaleta

Hizkuntza akademien akordioa eta diplomazia

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriak nazio arima izatekotan, artxibategi, liburutegi eta/edo euskarazko ekoizpenen euskarritegi bat beharko luke. Horixe da nolabait amestu zutena Arana-Martijak eta beste batzuek Euskaltzaindiaren liburutegiaz... Bestalde, gainera, egiazko eta ganorazko diplomazia ere beharrezkoa zaio nazio izan nahi duen edozein herriri. Diplomaziaren lehen agindua akordioen testuak beren bertsio guztietan aztertu eta irakurtzea da; bai sinatu aurretik, nola aztertzerakoan.

BERRIAk bere erreportajean eta Jose Manuel Odriozolak bere artikuluan Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeek izenpetutako akordioaren bertsioetan dauden ezberdintasunak ez dituzte ez aintzat hartu eta ezta aipatu ere. Niri berriz, guztiz esanguratsuak iruditzen zaizkit, ondoren azaltzen saiatuko naizen bezala. Hitzarmen hau ez zen Euskaltzaindiako Osoko Bilkuran eztabaidatua izan, baizik eta zuzendaritzak onartu eta erabakia. Hiru atal edo puntu dauzka akordioak eta bakoitzean badago zer pentsaturik.

Lehenengo atala, «autonomia printzipioarekin bat etorriz» hasten dena da. Zein da printzipio hori? Non dago idatzita? Nork promulgatu edo jarri du indarrean? Gogoan izan beharrekoa dirudi hiru akademia hauetatik bik beren onarpen legala Arias Navarro Espainiako Gobernuko presidente zela eskuratua zutela; Euskaltzaindiak 1976/02/26an eta Institut d'Estudis Catalans delakoak 1976/11/26an.

Akademia hauen arautegiak orduan onartuak dira, eta geroztik soilik aldaketa xumeak egin izan zaizkie; eta ez gehienetan onerako. Beraz, bitxia gertatzen da autonomia eta pre-autonomia baino lehenagoko lege jatorria daukaten erakundeok balizko autonomia printzipio batetik abiatzea. Edozeinek daki gaur egun ez litzatekeela holako arau-bide bat onargarria gertatuko. Zalantzarik gabe euskarak nazio-artekotasuna aldarrikatu behar du; gutxienez, naziotasuna legalki aldarrikatu ezin duen bitartean; eta hizkuntza eskubideetan oinarritu eta babestu.

Bigarren ataleko lehendabiziko esaldia da, bai BERRIAren azterketan nola Jose Manuel Odriozolaren idazlanean gogoeta-gai hartzen dena. Zera alegia, «hizkuntzetako bakoitzean eta gaztelanian gaitasun oso eta berdina izatea». Baina bigarren atal horretan hezurdura ideologikoa zoritxarrez beste esaldi batean dago; Katalunian edo Galizian behar bada nozitzen ez duten esaldi batean, baina hemen, Euskal Herrian, eta zehazkiago Iparraldean eta Nafarroan, samina, mingarria eta guztiz gogorra egiten zaigun esaldi edo konstatazio batean.

Bigarren atal horretako hirugarren puntuak hauxe dio hitzez-hitz: «Aipatutako erkidegoetako bakoitzaren lege-araudiak ezartzen du ikasleek ezagutu behar dituztela gaztelania eta dena delako erkidegoan dagoen hizkuntza berekia derrigorrezko irakaskuntzaren bukaeran». Esaldi hau zoritxarrez ez da egia. Nafarroako Amejoramenduak edo LORAFNAk eta Iparraldeko Euskal Elkargoaren legeztapenak eta haien garapenean eraikitako legediak, ez dute horrelakorik bermatzen. Zer nahiago genuke Tuteran edo Iruñean, edo Baionan baieztapen hori egia izatea baino?Zertan ari ziren pentsatzen hori sinatu dutenak? Europako hizkuntzarik zaharrena izateagatik europarrena den hizkuntzak, hau da, euskarak, bestelako errespetu eta begirunea mereziko luke; baina sumindurarik handiena, zalantzarik gabe, Nafarroako Erriberan euskararekiko eskubiderik gabe edo oso eskubide murritzekin egon arren euskaraz zer edo zer egiten saiatzen direnak ahaztu izanak ematen du.

Akordioaren hirugarren ataleko hirugarren perpausan, ezberdintasun sakon eta garrantzitsu bat dago. Euskarazko testuak dio hitzez hitz: «Hartara, nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea, estatu espainiarreko hizkuntza-erkidegoen eta hizkuntzen artean elkarri begirunea izateko eta haien arteko bizikidetza errazteko». Baina gailegozko testuak diona da «convivencia entre as comunidades lingüisticas e os/as falantes das diversas linguas do Estado español». Eta katalanezko testuak, berriz diona da, «la convivéncia entre les comunitats lingüistiques i els parlants de les diverses llengües de l´Estat espanyol». Agerikoa da hizkuntzen arloan eskubideduna, hau da, hizkuntza eskubidearen nor edo jabea, edo subjektua dena, hau da, hiztuna aipatu egiten dela testu galego eta katalanean baina ez euskarazkoan. Zergatik? Balizko itzultzaileari errua botatzea ez dirudi sinesgarria.

Jose Manuel Odriozolak bere artikulu bikainean, gutxienez zortzi aldiz soziolinguistika aipatzen du zehazki, baina zalantzarik gabe zuzenbide eta eskubide aipamenak, nahiz maila xumeago eta apalago batekoak irudi, ezin dira aipatu gabe gelditu. Hizkuntza eskubidea, giza eskubidea da,norberaren identitateari dagokion heinean eta nazio-arteko aitortza eta onarpena merezi duen hizkuntza europarrena den euskarak abiapuntu bezala hori eduki behar du. Jakina Jose Manuel Odriozolak defendatzen duen ondorioa egiazkoa dela; baina galegoek eta katalanek, falantes eta parlants aipatu dituzten bitartean, gurean euskal hiztunak ez dira aitatuak izan. Eta hortxe eta horietan dago edozein hizkuntza aldarrikapenaren arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.