Orban beltz bat Amazonian

Ekuadorko Amazonian petrolioa ustiatzen duten enpresen eta gobernuaren utzikeria salatu dute herri indigenek. Jakinarazi dutenez, apirilean izandako isuri batek kalte egin die 97.000 indigenari

Apirilean izandako petrolio isuriak utzitako arrastoak, Napo ibaian, Ekuadorko Amazonian. TELMO IBARBURU.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Apirilean gertatu zen azkenengoz. Lur mugimendu baten ondorioz, Amazonian, Coca ibaiaren inguruan zeuden bi oliobideren hainbat hodi lehertu ziren, eta petrolioa ibaira isuri zen, inguruan bizi diren nekazari eta herri indigenen kalterako. Azkena izan zen, baina ez lehena. Aurretik, otsailean, San Rafael ur jauzia desagertu zen beste lurrikara baten ondorioz. Ekuadorko natur ondare nagusietako bat zen ur jauzi hura.

Inguru hartan petrolioa ustiatzen ari den Petroecuador enpresa publikoari eta Ekuadorko Gobernuari egozten diete herri indigenek erantzukizuna. Isuritik hainbat hilabete igaro diren arren, oraindik ez dago argi zenbatekoa izan zen hura; izan ere, handik igarotzen diren bi oliobideek egunean 360.000 eta 180.000 petrolio upel garraiatzeko gaitasuna dute. Han lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen arabera, bestelakoak izango ziren ondorioak baldin eta gobernuak oliobideak «egoki kudeatu» izan balitu.

Mende erdia darama Amazonian Jose Miguel Goldaraz nafarrak. Tarte horretan indigenekin aritu da lanean, eta hala jarraitzen du orain ere. «Egia da petrolioa eta egurra ustiatzera etorri diren enpresek aurrerapen asko ekarri dituztela: besteak beste, haurrak eskolara bidaltzeko aukera. Baina kaltea ere handia egin dute. Azken hilabeteotako isuriak, esaterako, haiek egindakoak dira».

Hilabeteak joan eta gero, ibaira eta nekazaritza lurretara isuritako petrolioaren parte bat garbitua dago dagoeneko, baina hark eragindako hondamendia ezin izan dute konpondu. «Oraindik ikus daitezke ondorioak ibai bazterretan. Gainera, isuria inguruko baratze eta nekazaritza eremuetara heldu zen, eta ura erretiratu zenean ere han geratu zen zikinkeria guztia», azaldu du. Komunitate indigena batzuetan egoera larriagoa da; izan ere, hainbat herrik beren burua bakartu zuten COVID-19aren pandemia zela medio, eta arrantza bilakatu zuten euren bizibide bakar. Isuriak, ordea, ibaiko bizitza suntsitu zuen. Ekuadorko Amazoniako Herri Indigenen Konfederazioaren esanetan, 97.000 pertsonari egin die kalte isuriak.

Coca ibaira ez ezik, Napo ibaira ere heldu ziren petrolio orbanak. Kalteak ikustera joandako gobernuz kanpoko erakundeetako kideen arabera, hainbat kilometro koadroko eremua hartu zuen isuriak.

Goldarazek azaldu duenez, petrolioa eta egurra ustiatzera doazen enpresek «garai bateko kolonoen antzera» jokatzen dute: «Orduan bezala, orain ere oparitxoak eskaintzen dizkiete bertako aberastasuna eramatearen truke. Lehen, ispiluak eta alkohola ematen zizkieten, eta urrea eramaten zuten; eta orain, berriz, petrolioa eta egurra. Ez da ezer asko aldatu».

Justizia bila

Berez, legeak jasotzen duenez, herri indigenei kontsulta egin beharko liekete haien lurretan lanean hasi aurretik, baina, Goldarazen esanetan, ez da halakorik egiten. «Badira 40 urte inguru hau indigenen lurralde gisa onartua izan zela. Horrek esan nahi du eremu hau komunitate osoarena dela, eta guztien onespenik gabe ezinezkoa behar lukeela inork ezer ustiatzeak. Baina agintariek ez dute errespetatzen euren legea, nahiz eta guri hori bera egiteko eskatu. Enpresei onartzen diete hemen nahi dutena egitea».

Azken istripuaren ostean, justiziara jotzea erabaki dute herri indigenek, eta gobernuz kanpoko erakundeen eta elizaren ordezkarien laguntza bilatu dute horretarako. «GKE asko daude inguru honetan, eta lan handia egiten dute, baina betiko arazoa da: horiek gobernuen diru laguntzei esker egiten dute lan, eta denok dakigu zer gertatzen den jaten ematen dizun eskuari hozka egiten diozunean, ezta?».

Goldarazen iritziz, indigenek eurek konpondu behar dute arazoa, agintarientzat eta enpresentzat beti izango direlako «bigarren edo hirugarren mailako herritarrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.