Bidasoako sutea

Bidasoa, suzko mihiek janda

Sute batek ehunka hektarea erre ditu Nafarroaren, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugan. Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte Irunen, Azkainen eta Ibardinen

Larhun mendiko sutearen fokuetako bat, Azkainetik ateratako argazki batean (Lapurdi). BOB EDME.
Oihana Teyseyre-Koskarat - Maddi Ane Txoperena - Paulo Ostolaza - Ion Orzaiz
Azkaine
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Haizegoak hauspotu du ezbeharra. Atzo zakar zebilen goizean goizetik, eta Nafarroan emana zuten abisua: handia zen suteak izateko arriskua. Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan piztu zen txinparta: Berako Antzuzelaiko parajean (Nafarroa), Irungo Bidasoa auzorako bidean, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik hurbil.

Sugarrek berehala hartu zuten indarra, eta ke laino trinko bat barreiatu zen hainbat kilometro koadroko eremuan. Hori dela eta, Foruzaingoak N-121-A errepidea moztu zuen goizean, eta Ertzaintzak gauza bera egin zuen arratsaldean, Behobian. Gaur goizean jakinarazi dute zabalik dagoela jada. San Martzial mendiko errepidea eta Bidasoa ondotik doan bide berdea ere itxi egin zituzten. Atzo, edizio hau ixteko orduan, egoera «kontrolatu ezinik» zebiltzala jakinarazi zuten Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko arduradunek.

Biriatura, Urruñara eta Azkainera (Lapurdi) ere hedatu zen sutea, baserri, borda eta etxebizitzetatik hurbil. Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu zituztela jakinarazi zuen Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman zituzten; bertze hogei, mendian; eta azken zortziak Larhungo trenean jaitsi zituzten. Suprefetak azaldu zuenez, atzoko egoera ez zen sute bakarraren ondorio izan, bi foku piztu baitziren: bata, Beran sorturikoa, eta bertzea, Larhun mendikoa. Kezka agertu zuen, halaber, haizeak suhiltzaileen lana biziki zailduko zuelakoan: «Haizea gaizto dabil, eta zaila da jakitea egoeraren garapena zein izanen den».

Lapurdiko aldean, 96 suhiltzaile aritu ziren sutea amatatzeko ahaleginetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, dozena bat ibilgailu eta hogei bat suhiltzaile mobilizatu zituen. «Gipuzkoan 100 bat hektarea erre ditu suteak, eta erabaki dugu, badaezpada ere, Irungo Bidasoa auzoko 20 bat baserri hutsaraztea», jakinarazi zuen Eider Mendoza Gobernantza diputatuak, komunikatu batean. Foru aldundiak aginte postua ezarri zuen Irungo Zaisa poligonoan.

Nafarroan ere handia izan zen larrialdi zerbitzuen dispositiboa: Basoko Suteen Arrisku Planean aurreikusitako bigarren fasea ezarri zuen Nafarroako Gobernuak. Foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatzen zaionean ezartzen da fase hori. Atzo, zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu ziren lanean, goizean goizetik. Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan zituzten helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako ur hegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzeko galdegin zion Maria Txibiteren gobernuak Espainiako armadari. Horiek ere ez ziren iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» zirela ondorioztatu eta bide erdian buelta eman zuten Espainiako armadaren ibilgailuek.

Sute gehiago asteburuan

Aire bidezko laguntzarik gabe egin behar izan zuten lan Nafarroako suhiltzaileek: hainbat etxe hustu zituzten Ibardinen, eta Lesakako Eskolamendi mendi inguruan ere aritu ziren sugarrak itzaltzen, baina eremu malkartsuak eta, batez ere, haize ukaldiek ahalegin guztiak «izugarri zailtzen» zituztela adierazi zuten larrialdi zerbitzuek. Beran ez zuten ez etxebizitzarik hustu ez bizilagunik ebakuatu, suak «herritarrentzako arriskurik» ez zuela ondorioztatuta.

Nafarroako Gobernuak adierazi zuen «neguko suterik handiena» dela Berakoa. Ez zen bakarra izan, ordea: ostiral gauean Oteitzoianan (Narbarte) eta Gorostapolon (Erratzu) ere piztu ziren suak, eta jakinarazi zuten atzo oraindik bi foku piztuta zeudela. Altzürükün (Zuberoa) ere, hainbat hektarea erre zituen beste sute batek ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.