Hiru kilometrotik beherako joan-etorriak oinez zein bizikletaz egitea nahi du Bizik

Bizi mugimenduak kanpaina bat abiatu du herritarrak hiru kilometrotik beherako joan-etorriak oinez egitera bultzatzeko. Bionaztasunik gabe bizitzarik ez dagoela aldarrikatu zuen atzo Ekologistan Martxan taldeak, Bilbon

Bizi mugimenduko hainbat kide, atzo, Baionan egindako kanpainaren aurkezpenean. PATXI BELZAIZ.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Autoak, autoak eta autoak. Datuek argi diote: egun, Baionako, Angeluko eta Miarritzeko (Lapurdi) hirigunean [BAB] hiru kilometro baino gutxiago dituzten joan-etorrien %40 bakarkako motordun ibiligailuz egindakoak dira. Autoak alde batera utzi, eta egoera horri buelta eman nahi dio Bizi mugimenduak. Herritarrak oinez eta bizikletaz ibiltzera bultzatu nahi dituzte, eta kanpaina bat abiatu dute horretarako: «Hirian, bizi eta mugi! 3 km bestela egiteko, engaia zaitez!». Atzo goizean aurkeztu zuten, Baionan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean.

Herritarrak ibilbide laburretan oinez zein bizikletaz ibiltzera bultzatzea da mugimenduaren nahia, eta, horretarako, engaiamendu kanpaina bat abiatu du. Asmoa da herritarrek hiru kilometrotik beherako joan-etorrietan oinez zein bizikletaz ibiltzeko konpromisoa hartzea. Horretarako manifestua kaleratu du mugimenduak, eta herritarrei beren atxikimendua emateko eskatu die. Biziren webgunean dago bat egiteko aukera.

Manifestuan nabarmentzen dutenez, oinez zein bizikletaz ibiltzeak onurak ditu osasunerako:«Eguneroko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteak arrisku kardiobaskularrak ttipitzen ditu, eta muskuluak bizkortzen; autoa gutiago erabiltzeak asma, biriketako zenbait minbizi edo gisa horretako arnas eritasunak ekartzen dituzten partikula finen kutsadura murrizten du».

Halaber, mugimenduaren hitzetan, oinez zein bizikletaz ibiltzeak herritarren gastu ekonomikoa murrizten du, eta garraioei lotuak zaizkien eta klima aldaketa sortzen duten berotegiko gasen isurketen murriztea ere ekartzen du. Autoak errepidetik ahalik eta gehien kenduta, ingurune «lasaiago, sanoago eta seguruagoa» sortuko litzatekeela dio mugimenduak, eta horrek mesede eginen liekeela datozen belaunaldiei.

Mugimenduaren hitzetan, egun, ibilbide motzetan azkarragoa da oinez zein bizikletaz ibiltzea. Hala, Baiona, Miarritze eta Angelu arteko hirigunea aztertuta, kilometro bat baino gutiago duten ibibideetan oinez ibiltzea da modurik azkarrena. Kilometro bat eta bortz kilometro artean, berriz, bizikleta da garraiobiderik azkarrena. Bortz eta hamar kilometro arteko ibilbidetan, berriz, autoa litzake azkarrena; bizikletarekin paretsu hala ere. Hori hala dela adierazten duten denbora mapak kaleratu ditu Bizik. Horien bidez, herritarrei erakutsi nahi diete, bizikleta zein oinez ibiltzea autoz ibiltzea baino osasuntsuagoa izateaz gain, azkarragoa ere badela.

Herritarren konpromisoa bultzatzea ezinbertzeko da Biziren ustez: «Jendarteak joan-etorrientzat motordun ibilgailuen alternatibak erabiltzeko gogo gehiago erakusten badu, tokiko politiken eta kolektibitateen gaineko presioa handiagoa izanen da eta, horren ondorioz, tokiko kolektibitateek autoaz aparte diren garraiobide alternatiboen aldeko antolaketen alde ekiten ahalko dute».

Kanpainaren bidez, herritarrak kontzientziatu nahi ditu Bizik, beren ustez beharrezkoa baita bizikleta bezalako garraio moldeen, garraio publikoarenedo oinez ibiltzearen aldeko gizarte eraldaketa bat ematea. Herritarrez gaindi, ordea, erakundeengana ere zuzendu zuen begirada: Euskal Elkargoari eta herriko etxeei eskatu zien neurriak hartzeko oinez zein bizikletaz ibiltzea sustatzeko.

Bioaniztasunaren alde

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna kari, Bioaniztasunik gabe, bizitzarik ez lelopean protesta egin zuen atzo Ekologistak Martxan elkarteak, Bilboko Arriaga plazaren aitzinean. Atzo egindako protestan gizakiak kaltetutako lurrak lehenbailehen leheneratzeko eta lur basatiak eta bioaniztasuna errespetatzeko eskatu zuen talde ekologistak. Gainera, ekosistemak neurriz kanpo ustiatzeko jarduerak bertan behera uzteko eskatu zuten, eta natura errespetatzen duten eredu ekonomikoetara bideratzeko. Hain zuzen ere, irmo salatu zuten egungo eredu ekonomikoa dela natura eta hainbat espezieren suntsiketa eragiten duena.

Donostian, berriz, Eguzki talde ekologistak antolatuta, Gladys del Estal militante ekologistari omenaldia egin zioten atzo hiriko Gladys Enea parkean. Ortzegunean bete ziren 42 urte Guardia Zibilak del Estal hil zuela Tuteran (Nafarroa) nuklearren kontrako manifestazio batean parte hartzen ari zela. Del Estal gogoan, lehenik, bizikletaz itzulia egin zuten Donostiako Egia auzoan zehar, eta, ondotik, kantuz, eta dantzaz oroitu zuten militante ekologista. Salatu zuten hilketatik 42 urte pasa ondotik ere, del Estalek ez duela aitortza ofizialik izan oraindik, eta udalari arduragabekeria egotzi zioten haren omenezko murala ezabatzen uztegatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.