Bidenek hitzeman du laguntza handiagoa emango diola Ukrainari

AEBetako presidentea Zelenskiren gobernuko Atzerri eta Defentsa ministroekin bildu da Varsovian. Errusiak bi misil jaurti ditu Lviven, eta erasoekin jarraitu du Mariupolen eta Txernobyl inguruan

Joe Biden AEBetako presidentea eta Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa, atzo, iheslari ukrainarrentzako zentro bat bisitatzen. KRYSTIAN MAJ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainaren kontrako erasoa hasi zuenetik lehenengoz, AEBetako Gobernuak eta Ukrainakoak bilera ofizial bat egin zuten atzo, aurrez aurre. Varsovian elkartu ziren Joe Biden AEBetako presidentea eta Antony Blinken Estatu idazkaria Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroarekin eta Oleksii Reznikov Defentsa ministroarekin. Etxe Zuriak jakinarazi zuenez, Washingtonek Kievi hitzeman zion handitu egingo duela orain arte arlo militarrean eman dion laguntza, baita laguntza ekonomikoa eta humanitarioa ere.

Kievek eskari zehatzak egin zizkion Washingtoni: gerrarako hegazkinak bidaltzeko, eta Ukrainan aire eremu babestua ezartzeko. Baina Bidenek irmo baztertu zuen hori. Ez dago prest halako neurriak hartzeko, haren esanetan horrek mundu mailako gerra bat eragingo lukeelako.AEBetako gobernuburuak nabarmendu zuen pausoak ematen ari dela Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainaren inbasioagatik kontuak eman ditzan, eta zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkiela Errusiako oligarka, politikari eta enpresa batzuei, ostegunean Bruselan iragarri bezala.

Ukrainako Defentsa eta Atzerri ministroekin bildu ostean, Biden Poloniako presidente Andrzej Dudarekin elkartu zen. Dudak adierazi zion Poloniako herritarrek «mehatxu sentsazio izugarria» dutela, arrisku errealtzat daukatelako Errusiak Poloniari ere eraso egitea. Halako egoera batean AEBek esku hartuko luketela ziurtatu du Bidenek. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kideak babesteko konpromisoa «sakratua» da, haren esanetan. «Zuen askatasuna gurea ere bada», adierazi zion Poloniako estatuburuari.

Dudarekin batzartu ostean, Varsoviako estadio nazionala bisitatu zuen AEBetako agintariak. Errefuxiatuentzako zentro bihurtu dute estadioa, gerratik ihes egin duten ukrainarrak hartzeko. Polonia da Ukrainako errefuxiatu gehien hartu duen estatua: 2,17 milioi iheslari. Orotara, 3,8 milioi ukrainarrek utzi dute etxea, Errusiak joan den otsailaren 24an erasoaldia hasi zuenetik. Bisita horretan, Bidenek ziurtatu zuen Putin «hiltzaile bat» dela, eta Kremlinek erantzun zion Errusiako estatuburuaren kontrako irainek estutu egiten dutela konponbiderako tartea.

Baina Bidenek Putinen kontrako diskurtsoa sakondu zuen arratsaldean, Varsoviako Errege Gazteluko ekitaldi politikoan. «Jainkoarren, gizon horrek ezin du agintean segitu», esan zien Errusiako herritarrei. Ondoren, Etxe Zuriak ohar bidez argitu zuen AEBetako presidenteak ez duela asmorik Errusian «erregimen aldaketa bat» bultzatzeko.

Bidenek ostegunean bidaiatu zuen Europara, eta G7arekin,NATOko kideekin eta Europar Kontseiluarekin bildu zen, Bruselan. Ostiralean, AEBetako tropak bisitatu zituen Polonian. Europako aliatuenganako hurbiltasuna irudikatu nahi izan du Etxe Zuriak bidaiarekin. Bidenek ziurtatu du Europaren egonkortasunak «garrantzi erabakigarria» duelaAEBentzat.

Energia hornidura, gako

Kievetik mugitu gabe, bilera sorta bat egiten ari da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere. Dohako Foroan parte hartu zuen atzo, telematikoki. Zelenskik hainbat estatutako ordezkariei ohartarazi zien Errusia «mundu osoarentzako arriskua» dela, eta gogorarazi Mosku prest agertu dela arma nuklearrak erabiltzeko, baldin eta atzerriko eragileren batek bere «existentzia» mehatxatzen badu. Zelenskik gaineratu zuen petrolio eta gas ekoizle handiak diren herrialdeek neurriak har ditzaketela Errusiari presio egiteko energia lehengaien ekoizpena handituta, Europari erraztu egingo bailiokete Errusiarekiko menpekotasun energetikotik askatzen. «Estatuek ez lukete aukerarik izan behar energia gerrarako eta xantaiarako baliabide gisa erabiltzeko».

Ukrainak berak lurpeko gas biltegiak eskaini zizkion atzoEB Europako Batasunari. Herman Haluxtxenko Energia ministroaren iritziz, «Ukraina Europarentzako kide fidagarria da oraindik ere arlo energetikoan, Errusia eraso militar handia egiten ari zaion arren».

Moskuk gerraren «lehen fasea» amaitutzat jo zuen ostiralean, eta iragarri zuen aurrerantzean Donbass osoa kontrolpean hartzea izango duela helburu. Erasoak, baina, ez ditu mugatu Ukraina ekialdeko eremu horretara.Mendebaldeko Lviv hiriaren inguruetan, bi misil lehertu zituen atzo. Lviveko alkateak adierazi zuenez, petrolio biltegi bat eta azpiegitura militar bat suntsitu zituen, eta gutxienez bost lagun zauritu ziren. Ukraina iparraldean, berriz, Errusiako tropek Slavutitx herria hartu zuten, Reuters berri agentziaren arabera. Bielorrusiako mugatik gertu dagoen herri horretan bizi dira Txernobylgo zentral nuklearreko langileak. Hegoaldeko kostaldean, borrokek ez dute etenik Mariupol hiriaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.