Errusia zenbait gune estrategiko bereganatzen ari da Donbassen

Kremlinen arabera, Lyman hiria eskuratu du, eta erasoa indartu Sievierodonetsken. Macronek eta Scholzek su etena eskatu diote Putini. Kiev armaz hornitzearen «arriskuez» ohartarazi du Moskuk

Ukrainako soldaduak, Donetsk eskualdeko Bakhmut hiritik gertu. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Errusiak beste aurrerapauso bat eman zuen atzo, Ukraina ekialdeko Donbass eremua kontrolpean hartzeko helbururantz.Kremlinek jakinarazi zuenez, Lyman hiri estrategikoa eskuratu zuen Donetsk eskualdean. Hiria garrantzitsua da militarki, Lymango geltokia hainbat trenbideren lotunea delako, batetik, eta Donetsk ibaiaren ertzean dagoelako, bestetik. Tropa errusiarrek datozen egunetan ibaia zeharkatuko dutela iragarri du Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak. Ukrainako Defentsa ministrorde Hanna Maliarrek ukatu egin zuen Errusiak hiria erabat hartu duela. Ukrainako indarrak oraindik borrokan ari zirela adierazi zion atzo Ukrainako hedabide bati, Moskuren oharrari erantzunez.

Lymanetik 60 kilometro ingurura, Errusiak erasoa indartu du Luhansk eskualdeko Sievierodonetsk hirian, Ukrainako indarrek Donbassen kontrolpean duten hiririk handienean. Lyman bezala, hura ere Donetsk ibaiaren ertzean dago. «Sievierodonetsk etsaiaren etengabeko suaren pean dago», adierazi zuen Ukrainako Poliziak sare sozialetan zabaldu zuen mezuetako batean. Poliziak gaineratu zuen kalteak «esanguratsuak» direla Sievierodonetsketik mendebaldera, ibaiaz bestalde, Bakhmuterantz doan errepidean. Errusiako artilleria hura bonbardatzen aritu zen atzo. Bidean aurrera egiteak modua emango lieke tropa errusiarrei Ukrainako indarrak inguratzeko.

Errusiak ez zituen bere helburuak lortu Ukrainaren kontrako erasoaren lehen asteetan, huts egin baitzuen Kieven aurkako oldarraldi azkarrean. Gerraren norabidea aldatu, tropak hiriburutik erretiratu eta Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean finkatu zuen lehentasuna. Eta han, lortzen ari da aurrera egitea azken egunetan, poliki baina irmo.

Ukraina ekialdeko Donbass eskualdea bereganatzea da Errusiak gerra hasi zuenean bere buruari jarri zizkion helburu nagusietako bat. Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak atzo kaleratu zuen txostenaren arabera, helburu hori betez gero, «oso gertagarria da Kremlinek lorpen politiko esanguratsu gisa hartzea, eta Errusiako herritarrei inbasioa justifikatuko lukeen gertaera gisa aurkeztea».

Errusiaren babesa duen Donetskeko Herri Errepublikako buru Denis Puxilinen esanetan, Moskuk Donetsk eta Luhansk eskualdeen lurralde osoa kontrolpean hartuko balu, matxino errusiazaleek erreferendum bat antolatuko dute eremu guztia Ukrainatik banatzeko —egun, zati bat bakarrik kontrolatzen dute—.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak herenegun aitortu zuen egoera «oso zaila» dela Donbassen, eta Errusiak artilleria ugari pilatu duela bertan. Halere, ziurtatu zuen Ukrainak ez duela amore emango. «Okupatzaileek pentsatzen badute Lyman eta Sievierodonetsk haienak izango direla, guztiz oker daude. Donbass ukrainarra izango da».

Bi hilabete negoziatu gabe

Arlo diplomatikoan, egoera blokeatuta dago oraindik Errusiaren eta Ukrainaren artean. Bi aldeak martxoaren 29an bildu ziren azkenekoz negoziazioetarako, eta ordutik ez dituzte bilera gehiago egin, uste dutelako ez direla hitz egiteko gutxieneko baldintzak betetzen. Moskuk Kievi leporatzen dio elkarrizketak «izoztea», eta irtenbide egingarriak aztertzeari uko egitea. Ukrainaren aldetik, Mikhail Podoliak negoziazio taldeko buruak atzo nabarmendu zuen ez dagoela aukerarik gatazka akordio bidez konpontzeko, Errusiarekin akordio bat egiteak ez duelako «xentimo bat ere balio», haren esanetan beti «gezurretan» ari baita.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin zuten atzo telefonoz, eta Kremlineko agintariari eskatu zioten berrekin diezaiela elkarrizketei. Zelenskirekin «negoziazio serio eta zuzena» izateko galdegin zioten. Kremlinek ohar bidez azaldu zuenez, Putin prest agertu zen elkarrizketei berriro ekiteko, eta Moskuk Kievi egotzi zion negoziazioak eten izanaren ardura. Putin prest agertu zen Ukrainako zerealen esportazioa bermatuko duen irtenbide bat bilatzeko ere, munduko hainbat herrialdetan elikagai krisia arintze aldera.

Bestalde, Errusiako presidenteak gaitzetsi egin zuen Mendebaldea Ukraina armaz hornitzen aritzea. Haren esanetan, politika horrek «egoera desegonkortzen du». Berdintsu mintzatu zen Anatoli Antonov Errusiak AEBetan duen enbaxadorea. Pentagonoa Ukrainara irismen handiko misilak bidaltzeko aukera aztertzen ari dela eta, nabarmendu zuen arma horiek erraztu egingo luketela Ukrainak Errusiari bere lurretan eraso egitea, 300 kilometrora dauden helburuak suntsitzeko gai direlako. AEBen urrats horrek «aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak» ekar ditzake «segurtasun globalarentzat», Antonoven esanetan. Egun berean, Errusiak mila kilometroko irismena duen Tsirkon misil hipersonikoa probatu zuen Barents itsasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.