Zerga aitorpena eta eliza katolikoa

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Hasia da zerga aitorpen epea, eta, urtero bezala, hemen ditugu sekula ordaintzen ez dutenak, hots, eliza katolikoa, denon artean betetzen dugun kutxatik zerbait lortu nahian. Mezuaren leloa, «hainbesterengatik» (xtantos), eta estetika ez da aldatu urteetan: jende gaztea adinduekin, gaztetxoekin, elbarrituekin lanean guztiz irribarretsu, badirudi estatuak zor dien justizia soziala ukatu eta baztertu dituenak direla eliza katolikoen lan eta gastu nagusiena.

Eliza katolikoak ez ditu bere diruaren joan-etorriak argitaratzen; beraz, sinets genezake hala dela, baina beste erakundeek bere kontuak bai argitaratzen dituztela, eta, horrela, badakigu beti aurretik botatzen duten Caritasen gastuetatik elizak apenas %2 ordaintzen duela; beraz, Caritasi lagundu nahi diozuenak, EZ markatu elizaren laukitxoa. Kontuak argitaratzen dituzte, baita ere ministerioak, beraien artean kulturakoak aipatuz zenbat diru joaten den eliza, katedral, seo, kolegiata, ermita eta abar berritzen, txukuntzen eta mantentzen, nahiz eta gero elizak sarrera kobratzen duen sartzeagatik. Adibide bat jartzearren: Kordobako Meskita elizaren izenean jartzea —immatrikulatzea— 30 € kostatu zitzaien, eta 2016an 18 milioi euro eskuratu zituzten bisitek «emandako» limosnatxoekin; limosnatxoa deitzen diote zeren sarrerak salduko balituzte BEZa ordaindu beharko lukete. Hori bai, limosnarik ez bada ematen ezin da sartu. Era berean, defentsak esaten digu zenbat diru joaten den apaiz militarrak ordaintzen; osasunekoak eritegi publikoetakoak —hain zuzen, Aragoin—, horrekin arazoak dituzte ministerioak eliza berak baino gehiago ordaintzen duelako eta nahiago dutelako bertan segitzea herri txikietara joatea baino; hezkuntza ministerioak ordaintzen die soldata erlijioko irakasleei; beraz, zer egiten du Elizak jasotzen dituen 250 milioi (hori da elizak esaten duena) eurorekin?

Esaten zaigu, era berean, «ez zaigula ezer kostatzen», eta egia da, elizaren laukitxoa markatzen duenak ez du bestela ordainduko lukeen baino sos bat gehiago eman beharko edo gutxiago kobratuko, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den lez. Hemen, batzuk erabakitzen dute zer egin denon diruarekin, zeren katolikoek ez dute bestelako kutxa bat betetzen eta hortik ateratzen dirua; ez, denon arte bete dugun kutxatik ateratzen da. Gutxi gorabehera honela kalkulatzen da: lehenengo kontatzen dira «x»-k, eta, gero ,kalkulatzen da ixa markatu dutenak ordaindu duten dirua, eta horren %­0,7 elizari ematen zaio; baina berriro diot, diru hori denon artean bete dugun kutxatik irten da. Nahi ala ez, denok gara eliza katolikoaren sustatzaile.

Zer gertatzen da beste laukitxoarekin? Ba, askotan, elizari lotuta dauden elkarteetara bideratzen dela, lehen aipaturiko Caritasera (estatutik elizatik baino hamar aldiz gehiago jasotzen du) edo Manos Unidasera. Gerta daiteke horietako erakunde batzuk zuzenbide kanonikoaren araberakoak izatea eta emakumeak diskriminatzea edo konstituzioaren oinarrien kontrako zerbait lantzea.

Egia da asko daudela laguntzaren beharrean, baina baita ere milaka boluntario ari direla besteen bizimodua hobetze aldera lan egiten, eta eskertzekoa da, baina egoera larrietan daudenen laguntza estatuko aurrekontuetan prestatua egon behar da. Gizartearen helburuak hain garrantzitsuak izanik, parlamentuari eta estatu-politikari dagokio haiek definitzea, finantzatzea eta kudeatzea. Justizia soziala da zor zaiguna, eta, horretarako, 250 milioi horiek erabiltzea askoz ere zuzenagoa iruditzen zaigu.

Horrengatik guztiagatik, Laikotasunetik inolako laukitxorik ez markatzeko eskatzen dizuegu. Are, Batzar Nagusiei exijitzen diegu datorren urtetik aurrera zerga aitorpen eskuorrietatik laukitxoak kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.