KAFE BAT EUROPA ORDAINTZEKO

Erresuma Batuaren irteerak behartuta, estatu kideek eztabaida hasiko dute otsailean Europako Batasuneko aurrekontuaren geroari buruz. Erronka zahar eta berriak nola uztartu, eta diru gehien jartzen eta diru gehien jasotzen dutenen arteko tentsioak nola konpondu erabaki beharko dute.

KAFE BAT EUROPA ORDAINTZEKO.
Ivan Santamaria.
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Egunero kafe bat erostea baino merkeagoa». Ideia horrekin defendatu du Guenther Oettinger Europako Batzordeko komisarioak batasuneko aurrekontuaren balioa. Baina kafe laburra edo luzea behar du? Hutsa, ebakia, edo esnearekin? Cappuccino bat? Kafe pattardun bat? Biztanle bakoitzak 0,78 euro jarri beharko lituzke egunero aurrekontu hori finantzatzeko, baina horretan ere katilua ez da denentzat berdina, herrialde bakoitzak diru ekarpen ezberdina egiten duelako.

Europako eraikuntza prozesuan iturgintza lanen parekoa litzateke aurrekontua adostea. Gai handien distirarik gabekoa, baina ezinbestekoa. Erresuma Batuko IFS Ikerketa Fiskaletarako Institutuak «konplexu eta opaku» deitu zion kontuak arautzeko prozedurari, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Arrazionaltasun ekonomikoa duen itxuraren azpian benetako enkante bat ezkutatzen da. Nork jarriko du dirua? Nork jasoko du? Negoziazio mahaian trukerako karta gisa erabiltzen diren elementu guztiak islatuta agertzen dira aurrekontuan.

Negoziazio bakoitza mundu bat da. Urtez urteko aurrekontuak baino gehiago, benetan garrantzia duena da epe ertainerako esparrua zehaztea, MFF ingelesezko siglak dituen araua. Horretan finkatzen da gehienez ere zenbat gastatuko den EBko politikak garatzeko, nondik aterako den dirua, eta horren parte handi samar bat zein herrialdetara joango den. Indarrean dagoen MFF 2014-2020 eperako adostu zen, hamazortzi hilabete iraun zuten eztabaida gordinen ondoren.

Esparru hori negoziatzea beti da lan gogorra, baina hurrengoa ezohikoa izango da. Erresuma Batuaren agurrarekin ezinezkoa da orain arte bezala jarraitzea. Trantsizio faserako hartuko diren akordioen esperoan, 12.000 milioi euroko zulo bat irekiko zaio aurrekontuari. Lehen hurbilketan, zuloaren erdia aurrezkien bidez estaltzea proposatu du Bruselak, baina, beste erdia berdintzeko, diru gehiago jarri beharko da. Gainera, batasunak migrazioa, defentsa eta halako erronka berri batzuk bere gain hartu nahi baditu, finantzaketa handiagoa beharko du. Hori da borrokarako jokalekua.

Otsailaren 23an EBko estatuburuek bilera informala egingo dute Bruselan. Epe ertaineko aurrekontu berriak izan beharko dituen lehentasun politikoak eztabaidatuko dituzte. Maiatzean, berriz, aurrekontua erreformatzeko proposamena aurkeztuko du Europako Batzordeak. 2019rako ituna lortzea da helburua.

Aurrekontu berezia

EBkoa ez da beste erakundeena bezalako aurrekontua. Lehenik eta behin, ez da zuzenean finantzatzen. Hau da, EBk ezin dizkie herritarrei zuzenean zergarik kobratu. Aurrekontuak alderantziz funtzionatzen du. Asko jota zenbatekoa izan behar duen arautzen da —EBko errenta nazional gordinaren %1—, eta ondoren ikusten da dirua nondik atera.

Tradizional deitzen zaien baliabide propioak daude. Barruko aduanak ezabatu dituen eremua izanik, kanpora begirako aduana horietan biltzen den diruaren %80 ematen diote gobernuek. Halaber, herrialde bakoitzeko BEZ bilketaren %0,3 bidaltzen zaio EBri. Tasa hori BEZa Europan koordinatutako zerga bezala garatu nahi zen garaiari dagokio. Ez da horrela gertatu, eta amesgaizto burokratikoa da tasa hori era homogeneoan kobratzea. Azkenik, herrialdeen diru ekarpen zuzena dago, bakoitzaren errentaren araberakoa. Beste baliabideekin lortu ez dena osatzea da ekarpen horren zeregin ofiziala, baina denborarekin diru iturri nagusia bilakatu da: hamar eurotik zazpi gobernuen kutxatik ateratzen dira.

Diru ekarpen horrek salbuespen ugari ditu indarrean. Ezagunena da Erresuma Batuak lortutako diru itzultzea. 1984. urtetik aurrera Erresuma Batuak egin beharko lukeen ekarpen garbiari beherapen bat egin zaio. Herrialdeko BEZ oinarri handia eta nekazaritza produkzio eskasa argudiatuta, Thatcherrek batasuneko sistema kaltegarri zitzaiela salatu zuen.Tirabira askoren ondoren, beherapen bat lortu zuen —%30 aurreztu zuen 2016an—, eta, harrezkero, gainerako herrialdeek jarri dute itzulketatik falta dena.

Denborak aurrera egin ahala, diru itzultzeari lotutako bestelako murrizketa eta beherapen batzuk sortuz joan dira. Alemaniari, Austriari, Herbehereei eta Suediari beherapen bat egin zaie, itzultzeari lotuta. 2014-2020 MFFrako beste murrizketa bat lortu zuten Austriak, Danimarkak, Herbehereek, eta Suediak. Azkenik, Alemaniak, Herbehereek eta Suediak gutxiago ordaintzen dute BEZaren bilketatik (%0,15).

Erresuma Batua bloketik aterako dela aprobetxatuz, salbuespen guztiak amaitzea da asmoa, baina kontrakoa ere gerta daiteke: tratu berezi gehiago behar izatea itzultzeari lotutako kalte-ordain sistema desagertuko delako. Aurrekontua finantzatzeko baliabide propio gehiago ere proposatu ditu Bruselak —plastikoei zerga bat, esaterako—, eta herrialdeak limurtzeko asmoz agindu du tasa horiekin lortutako dirua ekarpen nazionaletatik aurreztuko dela.

Dirua biltzeko badago lana, baina ondoren diru hori zertan gastatu erabaki behar da, eta horrek korapiloa estutzen du. Gaur-gaurkoz, oraindik ere hamar eurotik zazpi nekazaritzan eta kohesio politiketan gastatzen dira. Gastua ez da ariketa abstraktu bat. Erabaki behar da euro bakoitza zertan gastatuko den, baina, era berean, non gastatu, eta horrek bitan banatzen ditu herrialdeak, ezinbestean: diru gehien jartzen dutenak eta gehien jasotzen dutenak.

Bloke talka batasunean

Oettinger komisarioak argudio «merke eta populista» deitu dio banaketa horri, baina praktikak erakusten du tentsio hori beti azaleratzen dela eztabaidan. Sor daitezkeen blokeak aurreikusten ahalegindu dira Jorg Haas eta Eulalia Rubio Jacques Delors institutuko ikertzaileak. Brexit-ak joera argi bat islatzen du. Zuloa estaltzeko herrialdeek diru gehiago jartzea beharrezkoa bada, faktura hori orain ere ordaintzaile garbiak direnen gainean eroriko da. Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek eta Suediak agenda erreformazale argia dute. «Aurrekontu murrizketak edo gastu lehentasunak aldatzeko bultza egin dezakete», ikertzaileen ustez.

Beste aldean leudeke gaur egun kohesio funtsetatik eta nekazaritza politikatik diru gehien eskuratzen dutenak. Polonia buru, baina batez ere batasuna ekialdera zabaldu zenean sartu ziren herrialdeak, eta Grezia.

Gakoa, egileen ustez, erdibideko multzo batean egon daiteke. Baliteke Espainiak eta Irlandak, dirua jaso ordez, ekarpen garbia egin behar izatea. Italiaren kasuan diru gutxiago jasoko luke kohesio funtsetatik, eta Frantziak nekazaritza politikan egiten duen ekarpen garbia handituko litzateke. Lau herrialde horiek erreforma sakon baten alde lerratzea posible da, ondorioz.

Aurrekontua konpromiso zabalago baten barruan kokatu du Jorg Haas ikertzaileak, hala ere: «Giro politiko egonkorra, merkatu erraldoi baterako sarrera, eta nazioarteko eragina ematen dio EBk Alemaniari, esaterako. Horren truke egiten duen ekarpena erabat justifikatuta dago».

Oraingo honetan eztabaidak ekonomiatik harago joko du, gainera. Migrazio krisian EBko funts ugari jasotzen dituzten hainbat herrialdek —Poloniak eta Hungariak, bereziki— hartu duten jarrerarekin gogaituta daude Bruselan eta beste herrialde batzuetan. Poloniak arlo judizialean egin dituen erreformak ere kezka handia eragin dute.

Batasuneko dirua herrialde horiek estutzeko bide gisa erabiltzeko aukerak indarra hartu du azken hilabeteotan, eta etorkizunera begirako aurrekontuaren eztabaida baliatu nahi du batzordeak proposamen zehatz bat egiteko. Dirua jasotzeko, justizia sistema «independenteak» bermatu beharko dituzte herrialdeek. Arau hori betetzen dela egiaztatuko duen formularen bila dabil Brusela orain. Poloniak 115.000 milioi euro jasoko ditu 2014-2020 epean, %70 kohesio funtsen bidez. Diru gehien jasoko duen herrialdea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.