'Kontsolamendurako emakumeak', oraindik barkamenaren zain

Japoniak II. Mundu Gerran 200.000 emakume inguru soldaduentzako sexu esklabotzat hartu zituen; gehienak, Korean. Bizirik daudenek Tokiori exijitu diote «benetako barkamena» eskatzeko. Hego Korearen eta Japoniaren artean azken hilabeteotan tentsio diplomatikoa sortu du gai horrek.

Japoniari barkamena eska dezala exijitzeko joan den ostegunean eginiko protesta, Seulen duen enbaxadaren parean. YONHAP / EFE.
Olatz Urkia
Seul
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Seuldik ordu batera autoz, iparraldean, etxe handi lasai batean bederatzi emakume bizi dira. Leiho handiak ditu solairu bakar bateko eraikin handiak. Kanpotik, areto nagusian ikusten dira bi emakume zahar eserita, telebistari begira. Zaintzaile batek, kodea sartu, eta atea ireki du. Barnera sartzeko gonbita egiten du irribarrez, baina gertu-gertutik zelatatzen du bi emakumeetako batengana gerturatzen den edonor. Zaharra da, 90 bat urte izango ditu. Irribarretsu ageri da, eta barre egiten du kazetariei begira. «Begira, begira, buruan zauritu ninduten. Hemen atzean, ikusi. Leherketa bat izan zen, eztanda! Zentzua galdu nuen buruan kolpea jasota. Beste pertsona batzuek lagundu egin ninduten, horrela atera nintzen ni gerratik bizirik, bestela hilda egongo nintzen». Bigarren Mundu Gerran Japonia inperialaren sexu esklaboak izan ziren emakume horiek, kontsolamendurako emakumeak esan zietenak. Hego Korearen eta Japoniaren arteko harremanetan gaur egun eragin handia du gai horrek. 2015ean, akordioa egin zuten eztabaida «behin betiko» bukatzeko, baina bi herrialdeen arteko harremana gaiztotu egin da azken hilabeteotan, Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak uste baitu aurreko gobernuak egin zuen ituna ez dela bidezkoa.

Beste emakume bat gerturatu da ondoko aulki batean esertzeko, eta, bat-batean, altxatu egin da istorioa kontatzen ari zena. Ez du bestearen ondoan eserita egon nahi. Haserretu egin da; bere gelara doa. «Ez dira oso ondo konpontzen», esan du langileak. «Istorio zaila izan dute, badakizue; ez dira pertsona errazak».

Sexu esklaboak 200.000 izan zirela kalkulatzen da; gehienbat korearrak, baita txinatar asko ere. Bigarren Mundu Gerra garaian bahituak edo engainatuak burdel militarretara eraman zituzten. Japoniako armadaren arabera, «gerrako tentsioak askatzeko eta bortxaketa masiboak eragozteko» beharrezkoak zituzten emakume horiek; urteetan soldadu japoniarrekin harreman sexualak izatera behartu zituzten.

Yi Ok-seon-ek elkarrizketa asko onartu ditu. Bera da kontsolamendu emakumeen memoria historikoa babesteko gehien borrokatu duena. Orain, 90 urte beteta, indar gutxiago du. Gela txikia du, eta argazki asko ditu paretetan. Batean MoonHego Koreako presidentearekin ageri da, irribarretsu.

Galtza laranjak, jaka grisa eta handi geratzen zaion txaleko bat, erronboduna, beltza eta beixa. Ile zuria, nahasia eta motza. Gela piska bat nahasia, argazkiz betea. «Busanen jaio nintzen, herri txiro batean. Txikitan negar asko egin nuen eskolara joan nahi nuelako, baina gurasoek ez zuten horretarako dirurik. Behin 15 urte nituela, lanerako bidean, bi soldadu gerturatu ziren, eta kamioi batean sartu ninduten. Leku hartara iritsi ginenean, nik ez nuen ezer ulertzen, ez zidaten azaldu zertarako eraman ninduten hara. Neska gehienok gazteak ginen, ez genekien sexua zer zen ere».

Ahotsa ahula du, eskuak motelak, ubelduraz beteak, begiradan haserrea. Nekatuta dirudi, eta ez du pazientzia handirik; galderei jaramon asko egin gabe, bere istorioa kontatzen du, argi eta garbi, inguruka ibili gabe. «Soldaduek ez zuten preserbatiborik erabili nahi izaten. Guk esaten genien: 'Ez baduzu erabiltzen gaixotu egingo gara, ez bakarrik ni, baita zu ere'. Baina ez zuten gustuko horrelakoak entzutea, eta jo egiten gintuzten. Leku haiek ez ziren soilik burdel militarrak, hildako neskez betetako zuloak baizik. Bizitza gogorregia zen; askok, mendira joan, eta handik salto egin zuteN; beren burua urkatu edo ibaian ito egiten ziren. Ni gogor saiatu nintzen bizirik ateratzen, eta lortu dut gainditzea».

2015eko akordioa, ezbaian

Baina burdel militarrean igaro zituen hiru urteek bizitza guztiz aldatu zioten. Orban asko ditu Yik, handienak psikologikoak. «Japoniak oraindik esaten du gu leku haietara gure kabuz joan ginela, dirua irabazteko. Gezurra da! Nor joango litzateke horrelako leku batera han aurkituko zuenaz jabetuta? Errugabeak gara. Nire bizitza suntsitu zuten. Nire gorputza eta burua suntsitu zituzten. Ihes egiten saiatu nintzenean, harrapatu eta torturatu egin ninduten. Gazteegia nintzen hori guztia jasateko, baina bizirik atera nintzen. Orain Japoniak barkamena eskatzea nahi dut; benetako barkamena, guri pertsonalki, ez paperak bakarrik».

Japoniari kostatu zaio gai deseroso hori onartzea. Shinzo Abe lehen ministroak, lehen aldiz boterera iritsi zenean (2006-2007) sexu esklaboak existitzen ez direla ere esan zuen. Japoniak 1990eko hamarkadan onartu zuen haien existentzia, baina urteak behar izan zituen barkamena eskatzeko; oraindik ere behar den moduan ez duela eskatu salatzen dute hego korearrek.

2015eko akordioa Park Geun-hye presidenteak eta Abek sinatu zuten. Japoniak sexu esklaboei zortzi milioi euroko kalte-ordaina eman zien, baina politikarien arteko akordio bat izan zen, biktimei ezer esan gabe hartutako erabakia. Arrazoi horregatik, Moonek hauteskundeak irabazi ondoren akordioa berrikusiko zuela hitzeman zuen, eta oraindik amaitu ez den tentsio diplomatikoa sortu zuen Tokiorekin. Kang Kyung-wha Hego Koreako Atzerri ministroak joan den urtarrilaren 9an adierazi zuen ituna ez dutela bertan behera utziko, baina Moonek jarrera gogorrari eutsi dio. «Gizateriaren aurkako gerra krimenak ezin dira ezkutatu konponduta daudela esanda», adierazi zuen joan den ostegunean, Independentzia Mugimenduaren Egunean eginiko hitzaldian. Japoniari «gogoeta eta barkamen zintzo bat» egiteko eskatu zion.

Aulkiak enbaxada parean

Dena den, Hego Koreak Japoniari egunero oroitarazten dio sexu esklaboen afera, Tokiok Seulen duen enbaxadaren parean dagoen eskultura baten bidez. Polita da eskultura: altuera gutxiko neskato bat aulki batean eserita dago, aurrera begira, serio. Bere alboan beste aulki bat dago, hutsik. «Enpatiarako deia da aulkia. Emakume hauek oraindik laguntza asko behar dutela sinbolizatzen du», esan du Sunghyuk Kimek. 19 urteko ikaslea lagun batzuekin batera hurbildu da enbaxada parera, pankarta bat eskuan, protesta egitera. «Oraindik emakume hauek prostitutak zirela esaten duen jendea badago, eta abenduan eskulturak bandalizatzen hasi ziren. Horregatik gaude hemen, ez dugu inork kontsolamendurako emakumeen memoriari mina egitea onartuko».

Bere ondoan kanpadenda bat dago, barnean pare bat pertsona, ordenagailuari begira. Guztia dute bertan: janari piska bat, koltxoia, ordenagailua... Abenduaz geroztik, hotzari garrantzirik eman gabe, hor dago aktibista gazte talde hori, txandaka eguneko 24 ordutan memoriala zaintzen. Sexu esklabo izan ziren emakumeak zaharrak dira orain, eta 32 daude bizirik. Beraien heriotzarekin batera beren istorioa ere desagertuko den beldur dira. Baina Hego Koreako gizarteak ikusi du hutsik dagoen aulkia, eta erantzun du; ez dute emakume horien istorioa ahaztuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.