Sanchez eta Turull gose greban daude, justiziaren «blokeoa» salatzeko

Auzitegi Konstituzionalak Estrasburgora jotzeko aukera eragotzi nahi diela argudiatu dute bi buruzagi katalan independentistek. Espainiako presidenteak erantzun die ez dutela grebarako arrazoirik
Lledonersko kartzelan dauden buruzagi katalan independentistak.
Lledonersko kartzelan dauden buruzagi katalan independentistak. OMNIUM CULTURAL

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 2
Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunya alderdiko presidenteak eta Jordi Turull JxCren Kataluniako Parlamentuko diputatuak Espainiako justizia estu hartzeko ekinaldi bat hasi dute: Lledonersko espetxean (Sant Joan de Vilatorrada, Herrialde Katalanak) behin-behinean preso dauden bi buruzagi independentistek gose greba abiatu zuten atzo, euren eskubide judizialak urratzen ari direla argudiatuta. Zehazki, biek leporatzen diote Auzitegi Konstituzionalari Giza Eskubideen Europako Auzitegira joateko aukera eragotzi nahi diela: «Auzitegi [Konstituzional] inpartzial bat aldarrikatzen dugu, gure eskubideen jarduna oztopatuko ez duena», jakinarazi zuten biek, haien abokatu Jordi Pinak irakurritako manifestu baten bidez. Urriaren 1eko erreferendumaren aurkako epaiketa egiteko hilabete inguru falta dela —data zehazteko dago— eman dute erabakiaren berri.

Auzitegi Konstituzionalaren «blokeoa» salatzeko hasi dute gose greba, Pinak jakinarazi zuenez. Sanchezek eta Turullek Estrasburgora jotzeko asmoa dute, baina, horretarako, auzitegi horretan aurkezturiko babes helegiteen inguruan erabaki behar du aurretik Espainiako justiziak. Oraindik ez du hala egin, eta bi buruzagiek uste dute erabaki hori nahita atzeratzen ari direla, «nazioarteko justiziara» jo ez dezaten; izan ere, Estrasburgora joan aurretik, Espainiako baliabide juridiko guztiak agortu behar dituzte espetxeratuek. Babes helegite horiek iazko azaroan aurkeztu zituzten, Auzitegi Nazionalak emandako espetxeratze aginduen aurka, eta gainontzeko buruzagi katalan independentisten helegiteak ere onartuak ditu auzitegiak, baina oraindik ez du horien inguruko erabakirik hartu; beraz, gutxienez urtebetez atzeratzen ari dira erabaki horiek, ohi baino gehiago.

Bien bitartean, grebalariek ez dute baztertu beste buruzagi independentista batzuek ere bide beretik jotzea edo bestelako protesta neurri batzuk hartzea, nahiz eta epe motzera begira ez duten horrelako asmorik; hainbat hedabide katalanek jakinarazi dutenez, protesta ekintza mailakatua egingo dute.

Pinarekin batera, ekinaldiaren xehetasunen berri eman zuen Jaume Padros Kataluniako Medikuen Eskolako presidenteak: «Gertakariaren garrantzia kontuan harturik, maila goreneko adituen batzorde bat eskatu dugu». Batzorde hori, hain justu, gose grebaren jarraipena egiteaz arduratuko da, eta herritarrei eta hedabideei ekinaldiaren egoera azaltzeaz —gose grebak ez du epemugarik—.

Ordea, badirudi bi buruzagi katalan independentisten asmoak ez diola kezka handirik sortu Espainiako presidenteari. Pedro Sanchezek, G20koen bilera amaitzean, adierazi zuen Sanchezek eta Turullek ez dutela grebarako arrazoirik. «Argi dago ez dela albiste on bat, baina ez dago arrazoirik gose greba egiteko; epaiketa justua izango dute».

Argazki sinbolikoa

Jakinarazpenarekin batera, Omnium Culturalek argazki bat zabaldu zuen atzo, eta bertan ageri dira Llenoresen dauden espetxeratuak. Herritarrek, beraz, urtebetean lehenengoz ikusi ahal izan dituzte Sanchez, Oriol Junqueras, Turull, Joaquim Forn, Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raul Romeva —Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Kataluniako Lan kontseilari ohia espetxe banatan daude, bata Gironan eta bestea Tarragonan—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna