Libiari buruzko konferentziari eusteko intentzioa dauka NBEk

G7 taldeko herrialdeek Haftar buruzagi militarrari adierazi diote eten dezala Tripoli hartzeko oldarraldia. Errusiak eta Egiptok elkarrizketa mahaian esertzeko eskatu diete fakzio etsaituei

Misrata hiriko miliziek Tripoli babestea dute asmo. Argazkian, milizianoak, atzo, Tripoli inguruan posizioak hartzen. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldian lurralde ezegonkorra da Libia, eta azken egunotan are gehiago ezegonkortu da. Khalifa Haftar buruzagi militarrak Tripoli hiriburua hartzeko oldarraldi bat agindu zuen joan den ostegunean, eta geroztik borrokan ari dira haren indarrak eta Tripoliko gobernuaren aldeko miliziak —NBE Nazio Batuen Erakundeak aitortzen eta babesten du gobernu hori—. NBEk orain dela bi aste pasa iragarri zuen konferentzia bat egingo dutela herrialdeak jarraitu beharreko bide orria zehazteko, eta, azken egunetako gertakariak gorabehera, Ghassan Salame erakundearen Libiarako ordezkariak atzo nabarmendu zuen konferentziari eusteko asmoa duela. Hilaren 14tik 16ra egitekoak dira konferentzia, Ghadamesen, herrialdearen mendebaldean.

«Badakigu zaila dela konferentzia hori egitea borrokaldiek gora egin duten honetan, baina iragarritakoa betetzeko asmoa daukagu», azpimarratu zuen Salamek Tripolin, kazetarien aurrean egindako agerraldian. Adierazi zuen «urtebete» daramatela konferentzia prestatzen, eta ez dutela epe horretan egindako «lan politikoa» bertan behera utzi nahi. Onartu zuen, dena den, balitekeela konferentzia atzeratu behar izatea, «zirkunstantziak» direla eta. NBEren arabera, parlamenturako zein presidentetzarako hauteskundeak deitzea da herrialdea konponbidean jartzeko modua, eta modu horiei buruz eztabaidatzekoak dira konferentzian.

Libian gertatzen ari denak nazioarteko herrialdeen arreta erakarri du. Munduko zazpi herrialde industrializatuenek —Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua, eta AEB— osatzen dute G7 taldea, eta klubeko Atzerri ministroek goi bilera egin dute Dinarden (Frantzia). Libiaren egoerari buruzko ohar bat kaleratu zuten atzo, eta oldarraldi militarra eteteko eskatu zioten Libiako armadako jeneral ohiari: «Libiako gatazkan irtenbidea ez da militarra». G7koek «konpromisoa» eskatu zieten borrokan ari diren fakzioei, eta lehenets ditzatela Libiako herritarren «interesak». AFP berri agentziaren arabera, Tripoliko herritarrak hasi dira elikagaiak eta erregaia pilatzen. Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak bileran parte hartu zuen, eta, haren esanetan, nazioarteak presio egin behar dio Haftarri. Militarki esku hartzea ez dago mahai gainean oraingoz, baina, Enzo Moavero Italiako ministroak azpimarratu zuenez, «ikusiko» dute «zer egin» Haftarrek ez badie nazioarteko ohartarazpenei kasurik egiten.

Haftar Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiarekin eta Salamerekin bildu zen herenegun, Benghazin (Libia), eta adierazi zuen ez duela oldarraldia etengo bere indarrek «terrorismoa» mendean hartu arte.

Hainbat estatuk Errusiari leporatzen diote Haftarri laguntzen ari zaiola. Moskuk hori gezurtatu zuen herenegun, eta atzo Sergei Lavrov Atzerri ministroak «elkarrizketa mahaian» esertzeko eta maniobra militarrak eteteko eskatu zien Haftarri eta beste fakzioei. Sameh Xukri Egiptoko Atzerri ministroarekin bildu zen atzo Kairon, eta Xukrik ere eskaera bera egin zien aldeei. Egipto ere jopuntuan dago, Haftar babesten duela egotzita.

2011n Muammar Gaddafi buruzagia kargutik kendu eta hil zutenetik, huts egindako estatua da Libia. Petrolio erreserba handiak ditu, eta, gainera, EB Europako Batasunaren diruarekin egindako migratzaileentzako atxilotze zentroak dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.