Irlandako Errepublikan ez dute gobernurik espero apirila baino lehen

Hilabete eta erdi pasatu da hauteskundeak egin zituztenetik, eta alderdiak oraindik ez dira ados jarri gobernabidearen inguruan. Bi indar tradizionalak negoziatzen hasi dira koalizioa osatzeko

AL DRAGO / POOL / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Irlandako Errepublikako bipartidismoa hautsita dago, baina horrek ez du esan nahi hamarkada luzez boterean egon diren bi alderdi politikoek azken hitza esan dutenik. Sinn Feinen azken bozetako garaipena mugarri bat izan zen irlako politikan, ateak ireki baitzizkion alternatibari, hori gauzatzeko testuingurua oso zaila den arren. Asmo hori elikatu zuen, gainera, Fine Gaelek eta Fianna Failek hasieran elkarrekin gobernatzeko uko egitea erabaki izanak; pilota Mary Lou McDonald buru duen alderdiaren teilatuan utzi zuten, ezkerreko koalizio gobernu bat osatu nahi zuela adierazi baitzuen hauteskunde gauean bertan.

Otsailaren hasierak testuinguru hori utzi zuen. Hilabete eta erdiren ostean, erabat aldatu dira paisaia politikoa eta protagonista bakoitzaren asmoak: Sinn Feinek ez du lortu ezkerreko koalizio bat osatzea, eta Fianna Failek ere ezezkoa eman dio, nahiz eta une batean edo bestean elkarrekin lan egiteko prest agertu den. Beste aldean, agintaldi honetan inoiz ados jarriko ez zirela behin eta berriz errepikatu duten bi alderdi tradizionalek negoziazioak hasiak dituzte, eta gobernabidea bideratzeko eta bermatzeko akordio bat lortzekotan dira.

Hori bai, iragan legealdian oposizioko indar nagusi izan den Fianna Fail eta Leo Varadkar jarduneko lehen ministroaren Fine Gael ziur daude ez direla ados jarriko Pazko astea baino lehen. Egutegi hori beteko balitz, Irlandako Errepublikak bi hilabete beteko lituzke gobernurik gabe, duela lau urte gertatu bezala, baina oraingoan osasun krisi larri baten erdian; koronabirusaren mehatxua izan baita, hain justu, bi alderdi horiek mahai beraren inguruan esertzera behartu dituzten faktoreetako bat. Eta, aldi berean, datozen lau urteetarako programa adostea ahalbidetu ez dien gertakaria, estatuaren indar guztia birusaren aurkako borrokan nahi baitute.

Sinn Fein, oposizioan?

Oraingoz, bi alderdi horiek koalizioa osatuta ere, gobernuak ez luke behar adina babes izango behe ganberan: Fianna Failek 37 diputatu lortu zituen bozetan—Sinn Feinek bezala—, eta Fine Gaelek, 35; biak batuta, zortzi ordezkariren faltako litzaizkieke 80ko gehiengora iristeko. Apustua zen Alderdi Berdearekin elkartzea, hark hamabi ordezkari lortu baitzituen, baina ekologistek uko egin zioten negoziazioetan parte hartzeari; beste aukera bat litzateke gutxienez zortzi diputatu independenteren babesa lortzea inbestidurarako.

Bi alderdi tradizionalek ez dute erabat arrotza elkarrekin aritzea, iragan legealdian Fianna Failek behe ganberatik eman baitzion babesa Enda Kennyri, batetik, eta Varadkarri, bestetik; halere, koalizio-gobernu formularik ez dute inoiz adostu.

Sinn Feinentzat, hasi berri den legealdirako patuak oposizioko indar nagusia izatea dirudi. Jarduneko lehen ministroak atzerrian ospe handia duen arren, batez ere brexit-aren negoziazioengatik, etxean ez du dena aldeko izan, eta egoera horretaz baliatu zen McDonalden alderdia iragan otsaileko bozetan lehentasunezko boto gehien jaso zuen indar politikoa izateko.

Alderdiak berak ez zuen arrakasta hori espero, eta diputatugai gehiago ez aurkezteagatik ez zuen lortu ordezkaritza handiagoa. Asteotako inkestak ere aldeko ditu, iradokitzen baitute duela hilabete eta erdi baino emaitza hobeak izango lituzkeela. Fianna Failentzat eta Fine Gaelentzat, horra hor beste arrazoi bat ados jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.