Indarkeria matxistaren salaketak, gora

Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoekin lotutako salaketa gehiago jaso ditu Ertzaintzak otsailera arte: iaz baino %7 gehiago

Bilboko balkoi bat, joan den astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Aurtengo lehen bi hilabeteetan 607 andrazkok jarri dute salaketa bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bildu eta Emakundek plazaratutako datuen arabera, iaz epe berean gertatutako erasoekin alderatuz gero, %7,2ko igoera bat gertatu da salaketa kopuruan. Izan ere, iazko urtarrilean eta otsailean 566 salaketa erregistratu zituen Segurtasun Sailak.

Herrialdeak kontuan hartuta, zenbaketa horri dagokionez Bizkaian izan da igoera nabarmenena: %18,7koa. Aurtengo urtarrilean eta otsailean 356 emakumezkok jarri zuten salaketa indarkeria matxistagatik, eta iazko epe berean, 300ek. Araban, berriz, beherakada bat izan da: 86 aurten, eta 98 iaz. Gipuzkoan ere beherakada izan da, baina ez da hain nabarmena izan: 165 eraso zenbatu zituen Segurtasun Sailak aurtengo lehen bi hilabeteetan, eta 168 iazko epe berean.

Koronabirusaren krisia dela-eta Espainiako Gobernuak itxialdia agindu zuenetik, joan den martxoaren 15etik, eraso matxistengatik egindako salaketak erdira jaitsi dira, Emakundek joan den asteazkenean jakinarazi zuenez. Emakumearen Euskal Institutuak adierazi zuen, halere, oraindik ere goiz dela «balorazio sakonak» egiteko.

Foruzaingoak herenegun azaldu zuenez arabera, Nafarroan indarkeria matxistarekin loturiko hamar salaketa ikertu ditu Foruzaingoak konfinamendua hasi zenetik. Gainera, indarkeria matxistagatik arreta ematen dieten telefono zerbitzua indartu dute Nafarroan, «osasun krisiaren ondorioz sortutako behar berriei erantzuna emateko». Indarkeria matxistaren biktima izandako 359 emakumezkori egiten die jarraipena Nafarroako Foruzaingoak. «Esan nahi diegu ez daudela bakarrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.