Toxicowatch kutsadura neurtzen ari da, bigarrenez

inaki petxarroman
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiaren inguruko kutsadura neurtzeko iaz hasitako kanpainaren bigarren faseari ekin dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Hain zuzen ere, laginak hartzen ari da plantaren inguruko hainbat etxaldetan, gero laborategira bidali eta Herbehereetako Toxicowatch fundazioak analiza ditzan.

Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Toxicowatch fundazioari (TW) eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa bat egiteko, eta iaz egin zituen lehen ikerlanak. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak uste du herritarrak ezin direla fidatu erraustegia kudatzen duten enpresak eta Gipuzkoako agintariek egiten dituzten kontrolekin, eta horren adibide gisa jarri dute maiatzean Arkaitzerrekan izan zen amoniako isurketa, zeinean ehunka arrain hil baitziren —batzuk, desagertzeko arriskuan diren espezieetakoak— .

Kontrol independentea egiteko, herri mugimenduetako kideek Toxicowatch fundazioari eskatu zioten laguntzeko. Toxicowatchek parte hartzen du NBEren hainbat proiektutan, eta adituak dira erraustegien inguruko dioxina eta metal astunen kutsadurak neurtzen. Iazko udazkenean egin zituen lehen neurketak Toxicowatchek, eta orain eskaini dituzte analisien emaitzak. Guztiak ere erraustegiaren inguruko etxaldeetan egin dituzte. Biomonitarizazio ikerketa horretarako honako hauek aztertu dituzte: erraustegitik hurbil bizi diren amen esnea, oiloen arrautzak, landareak eta hostoak, goroldioa, lurra, erreketako sedimentuak eta ura.

Erraustegiaren inguruko bost kilometroko tartean hamar oilategi aukeratu ziren arrautzak aztertzeko, denak ere herritarrek beren autokontsumorako dauzkaten oilategiak. Asmoa da erraustegia martxan jarri aurreko datuak eta martxan jarri ondorengoak konparatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.