Gerra Ukrainan

Zelenskirentzat, Ukrainako gerraren amaiera «diplomatikoa» izango da

Erresuma Batuak Moldaviarentzako laguntza militarra biltzeko aukera ekarri die hizpidera aliatuei. Finlandiak esan du elkarrizketa «ireki eta zuzenekoak» hasi dituela Turkiarekin NATOn sartzeaz

Zelenski Ukrainako presidentea —eskuinean— Costa Portugalgo lehen ministroarekin batzartu zen atzo, Kieven. EFE.
ander perez zala
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren ustetan, gaur egun, haren herrialdeko gerra amaitzeko bidea «diplomatikoa» da, eta, horren aurretik, guda «borrokaren bidez» irabaziko dute: «Garaipena luzea izango da, odoltsua. [...] Baina gauza batzuk negoziazio mahaian besterik ezin dira konpondu».

Zelenskik atzo egin zituen adierazpenok, Ukrainako estatuburu kargua hartu eta hiru urtera, Horien bidez, agerian utzi zuen oraindik baduela elkarrizketaren bidez konponbide bat lortzeko itxaropena, nahiz eta orain arteko saiakerek huts egin duten. «Guk ez genuen gerra hasi, baina guk amaitu behar dugu guda», adierazi zuen agintariak, Ukrinform eta Unian albiste agentzien arabera.

Horrekin batera, Ukrainako presidenteak baieztatu zuen Kievek eta Moskuk beste negoziazio sorta bat abiatuko dutela, nahiz eta ez zuen datarik eman, ezta zer formatutan egingo den eta lantaldeak nork osatuko dituzten ere—azken elkarrizketak iragan apirilaren 22an egin zituzten, Kremlinek esan duenez—. Hori bai, Zelenskik oroitarazi zuen haren gobernuak aurrebaldintza bat duela negoziazioak berriz hasteko: Errusiako armadak ez dezala hilAzovstal altzairutegia (Mariupol) defendatu duten soldadurik. Moskuren arabera, hilaren 16az geroztik altzairutegi horretan zeuden 2.440 bat soldadu ukrainar errenditu dira; horietako 500 inguru, herenegun.

Ukrainako presidenteak, hortaz, negoziazioetan jarri nahi du arreta, baina, bitartean, Errusiako armadari aurre egiten jarraitzeko asmoa du, militarki. Estrategia horren harira eskatu zion Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bideni, atzo, laguntza militar handiagoa bidaltzeko Ukrainara; Bidenek 38 mila milioi euro bideratzea erabaki du herrialde horretara.

Erresuma Batuko Atzerri ministro Liz Trussek, berriz, Moldaviarentzako funts militar bat osatzeko aukera ekarri zien hizpidera aliatuei, Mendebaldeko herrialdeek uste baitute Errusiako armada estatu horretan sartzen saiatuko dela. Trussen arabera, Moldaviako armada «NATOren [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen] estandarren arabera» tresnatu beharko lukete.

Hain justu, Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, Suediak eta Finlandiak NATOn sartzeko eskatu dute, baina bi herrialdeak aliantza militarrean sartzeko lehen pausoak oztopatu ditu Turkiak, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta. Recep Tayyip Erdogan herrialde horretako presidenteak bi baldintza ezarri dizkie Stockholmi eta Helsinkiri: batetik, talde armatu kurduak «erakunde terroristatzat» jotzea, eta, bestetik, Turkiaren arma esportazioei jarritako murrizketak kentzea.

Oraingoz, Europa iparraldeko bi herrialdeek ez dute aurrerapausorik eman auzi horietan, baina Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak atzo jakinarazi zuen elkarrizketa «ireki eta zuzenak» abiatu dituztela Turkiarekin.NATOk ekain amaieran du aurtengo goi bilera, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.