Gobernuak eta islamistek akordioa egin dute, eta Bibi ezingo da Pakistandik irten

Herrialdea blokeatu duten protestak eten ditu TLP muturreko alderdi islamistak. Emakumezko kristauaren abokatuak alde egin du, hilko duten beldur delako
Asia Bibiren absoluzioaren kontra Islamabaden herenegun egindako mobilizazioetako bat. Manifestarietako batek Bibiren argazkia darama eskuan.
Asia Bibiren absoluzioaren kontra Islamabaden herenegun egindako mobilizazioetako bat. Manifestarietako batek Bibiren argazkia darama eskuan. T. MUGHAL / EFE

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 4
Asia Bibiri heriotza zigorra ezarri zioten 2010eko azaroan, bizilagunen arteko sesio batean ustez Mahoma profeta blasfematzeagatik. Baina emakumezko kristau hori absolbitzea erabaki zuen Pakistango Auzitegi Gorenak, joan den asteazkenean. Pakistanen bermatuta dago erlijio askatasuna, bai, baina herritarren %96 musulmanak dira, eta konstituzioak dio islama dela erlijio ofiziala. Absoluzioak islamista muturrekoenen berehalako kontrako erreakzioa eragin zuen. TLP Tehreek-e-Labbaik Pakistan muturreko alderdi txikiak deituta, azken egunetan milaka lagun mobilizatu dira, eta herrialdeko hiri nagusiak blokeatu dituzte. Protestak baretzeko intentzioarekin, gobernua TLPko kideekin batzartu zen, eta bi aldeek bost puntutan oinarritutako akordio bat egin zuten atzo goizaldean. Beraz, muturreko islamistek azken egunetan piztu duten sua apaltzearen truke, gobernuak ez dio Pakistandik alde egiten utziko Bibiri, epaiaren kontra muturreko islamistek jarritako helegitea Gorenean aztertzen duten bitartean. Agintariek jakinarazi dute TLPkoek mobilizazioak eten dituztela.

Pakistandik alde egin duena Saif Malook Bibiren abokatua da. AFP berri agentziari atzo esan zionez, Europarako bidea hartzekoa zen. Absoluzioa iritsi zen egunean adierazi zuen «historikoa» zela Gorenaren epaia. Mehatxatu egin dute, ordea, eta hilko duten beldur da. «Bizirik jarraitu beharra daukat, oraindik ere Bibirengatik borrokatu behar dut eta», azpimarratu zuen. Abokatuak baieztatu du Bibi espetxean dagoela oraindik.

Giza eskubideen aldeko taldeek txalotu egin zuten joan den asteazkeneko erabakia. Gobernua kritikatu zuten atzo, baina, iritzita agintariek amore eman dutela muturreko islamisten eskaeren aurrean. Fawad Chaudhry Pakistango Informazio ministroak gobernuaren jarrera defendatu zuen, eta gaineratu «beharrezko neurriak» hartuko dituztela Bibiren segurtasuna bermatzeko. Malook abokatuak jopuntuan jarri zuen gobernua: «Herrialdeko gorte gorenaren erabaki bat ezartzeko gai ere ez dira».

Imran Khan da Pakistango lehen ministroa, joan den abuztuan hautatua. Gorenak erabakia kaleratu zuenean, nabarmendu zuen horrek konstituzioarekin bat egiten zuela, eta ohartarazpen bat egin zien protestei ekin zieten islamistei: «Ez ezazue hasi konfrontazio bat estatuarekin. Ez dugu sabotajerik onartuko». Hiru egun geroago, halere, islamisten eskaerei men egin die. Akordioan jaso dute, gainera, azken egunetako protestetan atxilotutako islamistak askatzeko konpromisoa hartuko duela gobernuak.

Zera gertatu da: protesta horiek herrialdea paralizatu dute ia. Hiri nagusietako errepideak blokeatu dituzte absoluzioaren kontrako manifestariek, telefono sareak moztu dituzte, eta, besteak beste, eskolak itxi. Mobilizazioak egin dituzte bai Lahoren, bai Karatxi hiriburu ekonomikoan, baita Islamabad hiriburuan ere. Eta orduan hasi ziren erreakzionatzen agintariak. Izan ere, Parlamentuaren eraikinera daraman bidea hartu zuten manifestariek, eta eraikin instituzionalen eremuan sartu ziren bete-betean.

Tentsioak gora egin zuen orduan. Islamistek une oro eskatu dute Bibi absolbitzeko erabakia hartu duten hiru epaileak urkatu ditzatela. Eta Bibiren kasuak hildakoak eragin zituen bere garaian. Punjab eskualdekoa da Bibi, eta, heriotza zigorra ezarri ziotenean, Salman Taseer hango gobernadorea zena erabakiaren kontra agertu zen. Hil egin zuten 2011ko urtarrilean. Shahbaz Bhatti gutxiengo erlijiosoen Indiako ministroa zena ere ez zegoen ados, eta hura ere hil zuten, bi hilabete geroago.

Bibik beti ukatu izan du Mahoma blasfematu zuela. 2009an salatu zuten bi emakumezkok, eta urtebete geroago zigortu zuen Lahoreko —Punjabeko hiriburua da— auzitegi batek. Helegitea jarri zuen, baina, lau urte geroago, hori atzera bota zuen Lahoreko Auzitegi Nagusiak. Harik eta joan den urriaren 8an Gorenak horri heldu zion arte. Auzitegiak deliberatu du «kontraesan larriak» dituela akusazioaren eskaerak, eta, gainera, lekukotzetan «gezurrak» esatea leporatu die Bibi salatu zuten bi emakumezkoei.

Blasfematze kontzeptuaz

Britainiako Inperioaren kolonia zenetik, blasfematzea legez zigortuta dago Pakistanen. Erlijioen arteko liskarrak saiheste aldera hartu zuten erabaki hori. 1980ko hamarkadan erreforma batzuk egin zizkion Mohammad Zia-ul Haq diktadoreak, eta arau horren gehiegikeriak hauspotu zituen. Halere, legeak ez du argi definitzen blasfematze kontzeptua. Milaka herritar salatu dituzte blasfematzeagatik, baina oraingoz inor ez dute urkatu delitu hori egiteagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna