Iragarritako tragedia

Presa bat apurtu da Brasilgo Minas Gerais estatuan, eta baliteke 400 pertsona egotea desagertuta. Elkarte batzuek jarriak zituzten hainbat salaketa presaren egoeraz

Iragarritako tragedia.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Katastrofea itzela da. Brasilgo Minas Gerais estatuan meatze hondakinen presa baten dikea apurtu eta milioi bat metro kubo ur zikin eta burdin hondakin isuri dira, lokatzez eta hondakin mineralez osatutako itsaso gorri bat sortuz. Desagertuak ehunka dira. Vale enpresak kudeatzen du azpiegitura, eta, jakinarazi duenez, 427 langiletatik 412 desagertuta daude. Kopuruak, hala ere, gora egin dezake; izan ere, ikusteko dago isuriak inguruko komunitateetan eragin duen hondamena zenbaterainokoa den.

Romeu Zema Minas Geraisko gobernadoreak adierazi du zaila izango dela basatza artean bizirik dauden lagunak aurkitzea: «Tamalez uste dut soilik hilotzak topatuko ditugula». Suhiltzaileek ehun bat lagun erreskatatu dituzte azken orduetan, eta 34 hildakoren berri eman zuten atzo. Hainbat informazio iturriren arabera, lokatz artean harrapatuta zeuden eta laguntza eskatzen ari ziren hainbat lagun ikusi dituzte airetik.

Feijao presaren haustura ostiralean gertatu zen, 12:00 eta 12:20 bitartean. Ordu horretan jantokian zeuden langileetako asko. Oraindik ez dute argitu zerk eragin zuen horma apurtzea, baina isuriak beherago zegoen beste urtegi bateraino iritsi zen, lokatz tsunami moduko bat sortuz, eta enpresaren eraikinak eta langileen etxebizitzak harrapatuz. Lokatzak errepideak ere estali zituen.

Jail Bolsonaro Brasilgo presidentea kaltetutako eremua ikusten izan zen atzo. Helikopteroz egindako bidaiaren ostean adierazi zuen justizia eskatuko duela, eta bere esku dagoen guztia egingo duela «biktimak laguntzeko, kalteak arintzeko, gertatutakoa ikertzeko eta tragedia gehiago saihesteko». «Zaila da horrelako gertaleku baten aurrean egon eta ez hunkitzea», idatzi zuen Twitterren.

Alerta sistema

Brumadinho 40.000 biztanleko hiritik 30 kilometro hegoaldera dago presa, eta han ezarri dute operazio zentroa. Vale enpresako arduradunek prentsaurrekoa eman zuten atzo han bertan argibideak emateko. Fabio Schvartsman presidenteak «atsekabea» agertu eta zehaztu zuen oraindik oso goiz dela «istripua» zerk eragin zuen jakiteko. Alarma sistemak huts egin ote zuen galdetuta, azaldu zuen litekeena dela dena azkarregi gertatu izana eta horregatik alarmak jo ez izana, horren baieztapenik izan ez arren.

Schvartsmanen arabera, duela hiru urtetik geldirik zegoen instalazioa, baina hondakin mineralak zituela oraindik; bereziki, silizea: «Kutsadura arriskua oso txikia da; gehinbat lur lehorrra zegoelako; hortaz, masa hori ezin da oso urrun iritsi».

Bi meategi artean zegoen presak iazko abenduan pasatu zuen azken ikuskaketa ofiziala, eta meatze hondakinak berriz erabiltzeko eta biltegia eraisteko baimena jaso zituen. ANA Ur Agentzia Nazionalak 2017an egin zuen txostenaren arabera, presa hausteko arriskua ez zen «kritikoa». Arriskua txikia zela ondorioztatu zuten ikerlariek.

Ingurumen eta gizarte elkarteen iritzia oso bestelakoa da. MAB Isurketak Kaltetutako Mugimenduak jakinarazi du azken hiru urtetan hainbat salaketa jarri zituztela presaren egoeraz ohartarazteko, eta, hala ere, enpresak presa handitzeko baimena jaso zuela abenduan. Paraopeba ibaiaren arroan dauden 48 udalerriek zuten arriskuen berri ere eman zuten. Brasilgo meatzaritza eredua bera jarri dute auzitan. Gobernuak «enpresak pribatizatzen eta multinazionalak babesten» dituela salatu dute, eta horiek «etekinak» baino ez dituztela aintzat hartzen. Adituen arabera, presak eraikitzeko teknika merkeenak erabili ohi dira, askotan hondakinekin zutitzen baitira dikeak, eta hori segurtasunaren kaltetan da.

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak «premiazko ikerketa inpartziala, independentea eta zehatza» egitea eta «erantzuleak identifikatzea» eskatu du.

Natur hondamen handiena

Brumadinhokoa ez baita herrialdean presa baten hausturaren ondorioz izandako hondamendi bakarra. Samarco presak 34 milioi kubo hondakin mineral isuri zituen 2015eko azaroaren 5ean. Lokatz isuriak 663 kilometro zeharkatu zituen, 39 udalerri harrapatuz. Bento Rodrigues herria mapatik desagertu zen. Hemeretzi lagun hil ziren ordukoan, baina ingurumenari eragindako kalteak izugarriak izan ziren. Brasilen inoiz izandako ingurumen hondamendi handiena izan zen.

Presa hura ere enpresa beraren esku zegoen —Vale eta BHP enpresek kudeatzen dute—, eta epaiketa egin bada ere, oraindik ez da inor zigortu. Kalte-ordainik ere ez da eman.

Brasilek 23.000 presa dauzka, energia sortzeko, ura biltzeko edo hondakin mineralak biltzeko, eta presen segurtasunaren inguruko azken txostenaren arabera, azpiegitura horietatik 45 apurtzeko arriskuan daude. Minas Gerais estatuan bakarrik 450 presa daude, denak meategietan sortutako hondakinak biltzeko, eta horietako 22tan ez dago segurtasuna bermatuta.

Vale munduko burdin ekoizle handiena da. Brasilgo Gobernuak 1997an pribatizatu zuen, eta herrialdeko enpresa oparoenetako bat da. Burdina ekoizteaz gain,nikela, potasioa eta kobrea ekoizten ditu. Brumadinhon burdin mineralaren %7 ekoizten du enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.