Talkaren abiapuntura

Sanchezek adierazi du «sekula» ez dutela onartuko autodeterminazioa. Torrak «ausardia» eskatu dio autodeterminazio eskubideaz hitz egin eta negoziatzeko
Quim Torra Generalitateko presidentea, atzo, kazetarien galderak erantzuten, Soto del Realen, Madrilen.
Quim Torra Generalitateko presidentea, atzo, kazetarien galderak erantzuten, Soto del Realen, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2019ko otsailak 10
Moncloaren eta Generalitatearen arteko talka abiapuntura itzuli da, aste eskas batzuetan bien jarrera irmoak, porlanezko blokeak nola, milimetro batzuk mugitu ostean. Negoziazioaren zirrikitua, baina, berriro itxi da. Kataluniako Gobernuak Espainiakoari elkarrizketak amaitzea leporatu eta biharamunean, adierazpenik hertsienekin erantzun du Madrilek. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak adierazi du «sekula» ez dutela onartuko autodeterminazioa. Hitzez hitz, horrela esan du: «Kataluniako independentismoak aldarrikatzen duen autodeterminazioa ez da Konstituzioan sartzen, eta ez dugu sekula onartuko». Sanchezen alternatiba «autogobernua» da.

Kataluniako preso politikoen kontrako epaiketaren atarian, esanahi berezia duten adierazpenak dira Sanchezenak. Haren ustez, eztabaida ez da independentzia bai ala ez; «eztabaida da elkarbizitza bai ala ez». Zehaztu du Konstituzioaren barruan «dena» sartzen dela, eta handik kanpo «ezer ez», «elkarrizketak monologoak» bilakatzen direlako. Elkarrizketa defendatu du, «bide luzeena izan arren, zeharkatu daitekeen bakarra delako», haren hitzetan, irtenbidea ez baita «gauzak dauden bezala uztea, ezta independentzia ere». Kataluniako autogobernuaren mugak gainditzea da bidea, horretarako «blokeen dinamika» gainditu behar dela iritzita.

Eztabaida, bada, betikoa da. Katalunian 2006an egin zuten estatutu berriari buruzko erreferenduma, eta onartu egin zen, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean moztu zituen ardatz nagusiak. Sanchezek, bederatzi urte geroago, uste du «inora ez doan bidaia» egiten ari dela independentismoa.

Quim Torra Generalitateko presidentearen erantzuna zehatza izan zen. Sanchezi «kemena eta ausardia» eskatu zizkion «elkarrizketarekin jarraitzeko» eta «auzi politikoari irtenbidea bilatzeko»; betiere, «bermeekin, egutegi batekin eta eduki zehatzekin». Torraren iritziz, jada ez da «denaz» aritzeko garaia, baizik eta «autodeterminazio eskubideaz» hitz egitekoa garaia da. Madrili, bada, negoziazioak bertan behera utzi izana leporatu zion.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak herenegun eman zituen amaitutzat elkarrizketak, argudiatuta alderdi katalan independentistek ez zutela onartu aurkeztu zieten elkarrizketarako esparrua. Bezperan publikatutako dokumentuan ez zen ez autodeterminazio eskubideaz eta ez erreferendumaz mintzatzen. Torrak, hala ere, berretsi du «elkarrizketa mahaira torlojuz lotuta» daudela, zehaztuta «nazioarteko kontalaria» ezinbestekoa dela. Madrilek, baina, uko egin dio figura horri, eta, antza, auzi horrek zapuztu ditu elkarrizketak.

Torrak Soto del Real kartzelaren atarian egin zituen adierazpenak. Asteartean Espainiako Auzitegi Gorenean abiatzekoa den prozesuko auzipetuak bisitatu zituen han, eta aurreratu zuen epaiketa ez dela «justua» izango, «bermerik» ez dagoelako: «Elkarrizketarekin defendatuko dugun askatasun eta autodeterminazio ideia bat akabatzeko eratu den azpijoko da, fartsa bat».

Sanchezen aurrekontuak

Moncloaren eta Generalitatearen arteko desadostasuna ulertzeko, dena den, haratago joan behar da. Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzeko ezintasuna dela eta, ataka zailean dago Sanchez. PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanak eta ERC Esquerra Republicanak babesa kendu diote, eta horrek hauteskundeen atarian utzi du.

Asteartean eta asteazkenean eztabaidatuko dituzte aurrekontuak Kongresuan. Osoko sei zuzenketa aurkeztu dituzte PDeCATek, ERCk, PPk, C's-ek, Coalicion Canariak eta Foro Asturiasek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna