Tentsio handia eta informazio gerra jabetu dira Venezuelako mugaz

Nazioarteko aliatuek bidalitako «laguntza humanitarioa» sartzen ahalegindu da Guaido Kolonbiatik, eta liskarrak piztu dira. Maduro presidenteak aldarrikatu du «estatu kolpea garaitu» dutela

Juan Guaido Venezuelako oposizioko liderra kamioi batean, atzo, Kolonbiako Cucuta hirian. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Aurrekari gutxi dituen operazio politiko-mediatikoa gertatu zen atzo Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugan —eta neurri txikiagoan, Venezuelaren eta Brasilen artekoan—. Elikagaiz eta bertze hainbat produktuz kargatutako kamioiak Venezuelara indarrez sartzen saiatu zen oposizioa, eta gobernuak polizia hesi batekin eragotzi zuen hori. Tentsio handia eta liskarrak piztu ziren, baina indar fisikoak bezainbertzeko garrantzia hartu zuen gertatzen ari zena kontatzeko borroka mediatikoak. Juan Guaido oposizioko kidearen nahia zen kamioi horiek Nicolas Maduro presidentearen borondatearen aurka muga gurutzatzea, hura agintetik kentzeko bidea irekiko diolakoan horrek. Edizio hau ixterakoan, ibilgailuak mugako zubietan zeuden artean ere.

Atzo bete zen hilabete bat Juan Guaidok bere burua Venezuelako presidente izendatu zuenetik—munduko 53 estatuk onartu dute Guaidoren agintea—. Duela hamabi egun jakinarazi zuen atzoko egunarekin ahaleginduko zirela herrialde horiek —nagusiki AEBek— bidalitako «laguntza humanitarioa» Venezuelan sartzen. Herenegun kontzertuak antolatu zituzten Kolonbiako Cucuta hirian, eta Guaidok agerraldia egin zuen han. Atzerrira joateko debekua ezarria dio Fiskaltzak, baina oposizioko liderrak erran zuen Venezuelako militarrek lagundu ziotela muga gurutzatzen.

Hain zuzen, militarren babesa da Maduroren eta Guaidoren arteko lehiaren gako nagusietako bat. Oposizioko liderrak atzoko eguna desertzioak sustatzeko erabili zuen. Goizean goiz, Guardia Nazional Bolibartarreko bi ibilgailu blindatuk Venezuelako Poliziaren giza hesia indarrez gurutzatu zuten, eta Kolonbian sartu ziren. Ibilgailuetatik hiru militar atera ziren lasterka, eta Guaidorekin bat egin nahi zutela adierazi zuten. Egun osoan bertze zenbait uniformatuk lasterka gurutzatu zituzten mugako herrietako zubiak, harat joandako hedabide andanak irudietan erakutsi zutenez.

Tentsioa hagitz handia izan zen pasaleku horietan, gehienbat Kolonbiako aldean zeudenek Venezuelako polizien hesiari presio egin ziotenean kamioiei bidea ireki ziezaieten —negar eragiteko gasa jaurti zuten poliziek jendetza sakabanatzeko—. Venezuelako aldean, Ureña hirian, liskar gogorrak izan ziren oposizioko jarraitzaileen eta Poliziaren artean.

Autobus batek eta kamioi batzuek su hartu zuten bi herrialdeak banatzen dituzten zubietan. Gaby Arellano oposizioko diputatuaren arabera, «laguntza humanitarioa» zeramaten kamioiei su eman zien Venezuelako Poliziak. Telesur katearen eta Venezuelako Mision Verdad hedabidearen arabera, ordea, Kolonbiako aldean hartu zuten su, Venezuelako poliziarik ez zegoen tokian.

Guaidok eta haren babesleek atzoko ekintzaren eszenaratzeari eta komunikazioari garrantzi berezia eman zioten. Goizean Ivan Duque Kolonbiako presidenteak, Sebastian Piñera Txilekoak eta Mario Abdo Benitez Paraguaikoak harrera egin zioten Guaidori Cucutan. Duquerekin batera iragarri zuen konboiaren irteera.

Arreta nagusia muga horretan bazegoen ere, Brasilgoan ere bertze fronte bat irekia zuen Maduroren aurkako aliantzak. Guaidok iragarri zuen han kamioi batek lortu zuela muga gurutzatzea, baina AEBetako Bloomberg hedabideko berriemaileak gezurtatu egin zuen hori, eta Telesurrek hainbat zuzeneko konexio egin zituen, erakusteko bi kamioi txikik mugitu gabe segitzen zutela.

AEBen deia militarrei

Atzoko operazioaren diseinatzaile nagusiek, AEBek, ez zuten adierazpen anitzik egin. John Bolton Etxe Zuriko segurtasun nazionalerako aholkulariak, hori bai, bertan behera utzi zuen Hego Koreara egitekoa zuen bidaia, Venezuelako gertakariak jarraitzeko, eta Twitter bidez Venezuelako militarrei eskatu zien Maduroren kontra lerratu eta «demokraziaren bidea» hartzeko.

Venezuelako presidenteak Caracasen egin zuen agerraldia, ekitaldi jendetsu batean. «Estatu kolpea garaitu» zutela erran zuen, eta hagitz haserre mintzatu zen Kolonbiaren aurka. Herrialde horrekin «harreman guztiak» eteteko agindu zuen, eta 24 ordu eman zizkien diplomazialari kolonbiar guztiei Venezuelatik alde egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.