Espero baino lasaiago bozkatu ahal izan dute Afganistango bozetan

Hauteskunde Batzorde Independentearen arabera, «arrakastatsuak» izan dira bozak. Zenbait eraso egin dituzte talibanek, eta hiru pertsona hil. Nazioarteko begiraleen ustez, txikia izan da parte hartzea

Afganistango segurtasun indarretako zenbait kide bozkatzeko prest, atzo, Jalalabad hirian. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bi aldagaik baldintzatu dituzte Afganistango presidentetzarako hauteskundeak. Batetik, talibanen mehatxuek eta horrek eragindako segurtasun gabeziak. Muturreko islamistek bozak boikotatzera deitu zuten, «atzerritarrek» antolatzen dituztela eta «faltsuak»direla iritzita. Horrenbestez, erasoak iragarri zituzten—dozenaka pertsona hil dituzte kanpainan—. Bestetik, herrialdean egindako azken hauteskundeetan iruzur salaketak ugariak izan zirenez, herritarrek ez dute gehiegizko federik bozen eraginkortasunean. Bozen testuingurua hori izanda ere, atzo hauteslekuetara jo zuten afganistandarrek espero baino lasaiago bozkatu ahal izan zuten. Bai, talibanek egin zituzten eraso batzuk, eta, Defentsa Ministerioaren arabera, hiru pertsona hil zituzten, bi polizia eta zibil bat, eta 40 bat pertsona zauritu. Nolanahi ere, eguna ez zen talibanek iragarri bezain odoltsua izan.

Horregatik, behin hauteslekuak itxi zituztenean —09:00etatik 17:00etara egon ziren irekita—, Hawa Alan Nuristani Hauteskunde Batzorde Independenteko buruak nabarmendu zuen «arrakastatsuak» izan zirela bozak. «Aurrekoekin konparatuz gero, hauek osasuntsuagoak eta justuagoak izan dira». Gardentasuna bermatzearren arazo tekniko batzuk konpondu behar zituztela argudiatuta, presidentetzarako bozak bi aldiz atzeratu dituzte azkeneko urtean.

Hauteskunde batzordearen asmoa da urriaren 19rako aurreneko emaitzak iragartzea, eta azaroaren 7rako kontaketa itxita edukitzea. Ez dago parte hartzeari buruzko daturik, baina nazioarteko begiraleek eta diplomazialariek berri agentziei adierazi zieten uste dutela txikia izan dela. 2014ko presidentetzarakoetan %39koa izan zen, eta joan den urrian parlamentua osatzeko egindakoetan ez zuen daturik eman batzordeak. International Crisis Group thinktank-aren arabera, 3,6 milioi boto bildu zituzten iazko bozetan. Atzo 9,6 milioi lagunek zuten botoa emateko aukera. Bi zenbakiak aintzat hartuta, eta, hirukotearen erregela erabiliz, ondorioztatu daiteke parte hartzea %37,5ekoa izan zen zela iazko urrian, punturen bat gorabehera.

Bozkatzaileek hamabost hautagairen artean aukeratu behar zuten. Teknokratak, goi funtzionarioak izandakoak... Faboritoak hiru dira. Axraf Gani azken bost urteotan presidentea izandakoa, Abdullah Abdullah 2014az geroztik gobernuburua izan dena, eta Gulbuddin Hekmatyar gerra jauna. Hautagai bat bera ere ez bada botoen %50 gainditzeko gauza, boto gehien biltzen duten bi presidentegaiak bozen bigarren itzulira igaroko dira. Kanpainan ez dute programarik aurkeztu, ia ez dute eztabaidatu; nahikoa eduki dute elkar gutxiestearekin.

Presidente berriak hainbat erronkari aurre egin beharko die. Baina batez ere 2001az geroztik luzatutako gerrak kentzen die loa herritarrei. AEBak eta talibanak bake akordio baterako zirriborro bat negoziatzen aritu dira azken urtean, eta irail hasieran bi aldeek elkarrizketen markoaren berri eman zuten. Horren arabera,AEBetako tropak Afganistandik aterako dira—14.000 soldadu daude han, NATOren Erabateko babesa misioarekin bat egin zuten 38 herrialdetako 8.000 soldaduez gain—, talibanek bermatzen badute herrialdea ez dela «terroristen»babesleku bihurtuko.

Baina hilaren 8an Donald Trump AEBetako presidenteakesan zuen negoziazioak bertan behera geratu direla, aitzakia gisa erabiliz talibanek AEBetako soldadu bat hil zutela berriki. Aitzakia, Unama Nazio Batuen Erakundeak 2009tik Afganistanen duen misioak duela hiru hilabete datu argigarriak eman zituelako: aurtengo lehen sei hilabeteetan Kabulgo indarrek eta atzerriko tropek 717 zibil hil zituzten, eta talibanek, 531.

Ez dago argi berriro negoziazioei helduko ote dieten. Gani kexatu egin izan da ez dutelako gonbidatu muturreko islamistek eta AEBek Dohan (Qatar) egindako bileretara. Talibanek betoa jarri diote, iruditzen zaielako «atzerritarren txotxongilo bat» dela. Hori bai, negoziazioek aurrera egin, eta bai alde batek eta bai besteak orain arte adostutakoa betetzen badute, hurrengo pausoa litzateke talibanek Afganistango Gobernu berriarekin negoziatzea.

72.000 polizia mobilizatuta

Segurtasuna da arazorik handiena Afganistanen. BBC hedabideak egindako zenbaketa baten arabera, joan den abuztuan batez beste 74 pertsona hil zituzten egunero herrialdean. Eta hauteskundeen egunean balizko erasoak saihesteko, gobernuak 72.000 polizia mobilizatu zituen atzo, Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Erasoak ez ziren bereziki larriak izan, kontuan hartuta talibanen mehatxua, eta parekatuz gero duela hamabi egun gertatutakoarekin: 50 lagun inguru hil zituzten bi erasotan. Tadamichi Yamamoto Unamaren zuzendaria aurreko astean bildu zen talibanekin, eta eskatu zien erasorik ez egiteko.

Eta, segurtasunaz gain, Afganistanen beste arazo larri nagusia pobrezia da. NBEren ikerketek diote afganistandarren ia %55 pobreak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.