Erevanek eta Bakuk indarrean sartu bezain laster urratu dute su-etena

Armeniako eta Azerbaijango Atzerri ministroek Moskun izandako bilkuran hitzartu dute menia, arrazoi humanitarioengatik. Bi aldeek elkarri leporatu diote borrokekin segitzea

Stepanakert Karabakh Garaiko hiriburuko etxeak suntsituta, egunotako borroken ondorioz. AREG BALAYAN / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Arnasa hartu zuten Karabakh Garaiko herritarrek, eta argi izpi bat sartu zen egoera beltzean zegoen lurralde horretara. Izan ere, Armeniak eta Azerbaijanek atzoko ordu txikitan jakinarazi zuten su-eten bat adostu zutela, arrazoi «humanitarioengatik». Ez zuen luze iraun, ordea, gatazka baretzeko itxaropenak, eta menia indarrean sartu eta gutxira urratu zuten; bi aldeek elkarri egotzi zioten adostutakoa ez bete izana.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eman zuen su-etenaren berri, eta bi herrialdeetako Atzerri ministroekin izandako hamar orduko negoziazio trinkoen emaitza izan zen. Herenegun bildu ziren hiru aldeak, Moskun, Errusiak antolatutako bilkuran. Hala ere, parametro espezifikoak «elkarrizketa bereizietan» adostuko dituztela aitortu zuen Lavrovek.

Hainbat puntu itundu zituzten: su-etena larunbateko 12:00etatik aurrera izatea, hildakoen gorpuak eta presoak trukatzea, eta negoziazioei berrekitea.

Erevanek eta Bakuk elkarrizketekiko konpromisoa berretsi zutela adierazi zuen Moskuk, eta gatazkari irtenbide baketsu bat ematea zela asmoa; ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen Minskeko taldeko kide diren Errusia, Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuek kontrolatuko dute prozesua. Hala, Karabakh Garaian egiten ari diren erasoak eteteko urrats garrantzitsua egin zuten bi aldeek, baina azkar urratu zuten adostutakoa.

Aurrez ere, itxura txarra hartu zuen horren berehalako egikaritzeak. Azerbaijango eta Armeniako gobernuek elkarri egotzi zioten menia indarrean sartu aurreko orduetan borroka operazioak abiatu izana, eta euren kontra egindako hainbat eraso salatu zituzten. Su-etena indarrean sartu izanak ez zituen gauzak aldatu, eta bide beretik jarraitu zuen kontuak: bi herrialdeetako agintariek elkarri leporatu zioten borrokekin segitzea.

Shushan Stepanian Armeniako Defentsa Ministerioko bozeramaileak jakinarazi zuen unitate azerbaijandarrek eraso bat egin zutela Karajambeyli izeneko gune batean, menia indarrean sartu eta bost minutura. «Horri erantzuteko, Armeniako armadak beharrezko neurriak hartu ditu etsaiaren erasoak gelditzeko», aitortu zuen. Bestelakoa da Azerbaijanen bertsioa, eta Terter eta Agdam eskualdeak bonbardatzea leporatu zien Armeniako indar militarrei. Lekuko batzuen arabera, Stepanakert Karabakh Garaiko hiriburuan sirena hotsak entzun ahal izan ziren atzo ere.

Horiek horrela, ikusi beharko da egunotan zer-nolako norabidea hartzen duen gatazkak, eta ea su-etena errespetatzeko pausoa ematen duten bi aldeek.

Irailaren 27an piztu ziren Bakuren eta Erevanen arteko borrokak, eta, geroztik, egunero izan dira horien arteko liskar armatuak, Karabakh Garaiko eskualdearen gainean duten lurralde gatazkari lotuta. Atak Beglarian arartekok jakinarazi duenez, lehen datuen arabera, «herritarren erdiek eta emakume eta haurren %90ek ihes egin dute beren etxeetatik».

Erreakzioak

Nazioartea hasieratik ari zen su-eten bat eskatzen, eta akordioa lortu izana txalotu zuen Frantziak. «Orain, zorrotz aplikatu eta errespetatu behar da, bi herrialdeen arteko liskarren etete iraunkor baterako baldintzak sortzeko», gaineratu zuen.

Turkiak, berriz, urrats garrantzitsua izan dela adierazi zuen, baina ez duela «konponbide iraunkor bat» ordeztuko. Atzerri Ministerioak zabaldutako komunikatu batean esan zuen su-etena Azerbaijanek Armeniari emandako azken aukera dela hura «okupatutako eremuetatik joateko». Ankara Bakuren alde lerratu da hasieratik, eta bera da haren aliaturik nagusiena.

Karabakh Garaiak, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteak onartu ez. Erevanek ere ez dio aitortzen nazio izaera, baina laguntza ematen dio, eta irtenbide baterako negoziazioetan eskualdeko ordezkarien parte hartzea eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.