Gerra Ukrainan

Macronek esan du negoziatzeko Errusia ez dela «umiliatu» behar

Frantziako presidentearen adierazpenak hautsak harrotu ditu. Kieven arabera, Sievierodonetsk hiriaren zati bat berreskuratu du. NBEren arabera, ia 7 milioi lagunek ihes egin dute Ukrainatik

Haur ukrainar bat, atzean eskola eraikin bat guztiz txikituta dagoela, Kharkiv eskualdeko Merefa herrian. SERGEY KOZLOV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ukrainako gatazkari konponbide diplomatikoa emateko Errusia ez dela «umiliatu behar» esan zuen atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Hori bai, erantsi zuen Putinek «hutsegite historiko bat» egin duela otsailaren amaieran Ukraina inbadituta. Presidentearen hitzetan, Errusia herrialde «handia» da oraindik ere, baina Putin «bakartuta» dagoela gehitu zuen. «Bakartzea gauza bat da, baina zaila da egoera horretatik irtetea». La Depeche du Midi Frantziako egunkariak jaso zituen Macronen adierazpenok.

Bada, Ukrainako Atzerri ministro Dimitro Kulebak gogor erantzun zion Frantziako presidenteari: «Errusia ez umiliatzeko eskatzeak Frantzia bera eta gainerako herrialde oro umilia ditzake. Errusia baita bere burua umiliatzen duena», laburbildu zuen Twitterren.

Politikariak ika-mikan ari diren bitartean, errefuxiatuen ihesak ez du etenik. UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, jada 7 milioi lagun atera dira Ukrainatik otsailaren 24an Errusiak erasoaldia hasi zuenetik. Horrez gain, ia hamalau milioi ukrainarrek ihes egin behar izan dute etxetik.

Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak nazioarteari eskatu dio Ukrainako herritarrei eskainitako «tratu bera» emateko ahaztuta dauden beste milioika errefuxiatuei. Ahaztutako krisien zerrenda bat egin zuen atzo, eta lehen hamarretan Afrikako herrialdeak azaltzen dira. Hiru irizpide nagusi erabili dituzte zerrenda hori osatzeko: giza laguntzarako diru funtsen gabezia, hedabideek arretarik ez eskaintzea eta gatazken konponbiderako politika falta.

Errusiak eta Ukrainak Donbass eskualdean dituzte borrokarik latzenak; Kremlinen helburuetako bat baita eskualde hori hartzea, «bertako jendea babesteko», Errusiako presidente Vladimir Putinen esanetan. Bi aldeen arteko oldarraldirik gogorrenak Sievierodonetsk hirian izaten ari dira azken egunotan; hiriaren zatirik handiena Errusiak okupatua du, eta, guztia hartuz gero, Luhansk probintzia osoa kontrolatuko luke. Halere, Moskuri hiriaren kontrola hartzea kostatzen ari zaio; Ukrainako soldaduek ez baitute amore ematen. Hain zuzen, Kievek atzo jakinarazi zuen hiriaren «%20» berreskuratu duela, eta Errusiako armadak «galera handiak» izan dituela.

Putinek, berriz, atzo esan zuen AEBek Ukrainari bidalitako «dozenaka arma» suntsitzen ari direla Errusiako soldaduak. Donetskeko Herri Errepublikako defentsako buruzagiak, berriz, atzo iragarri zuen errusiazaleek Sloviansk hiriaren (Donetsk oblasta) «erabateko» kontrola hartu zutela. Horrez gain, Errusiaren menpean dagoen Mariupol hiriko (Donetsk probintzia) portura beste zamaontzi bat heldu zen atzo, hango lantegietatik altzairua atera eta Errusiara garraiatzeko, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Moskuk jada 2.500 tona altzairu eraman ditu. Kievek «baliabideak lapurtzea» leporatu zion Moskuri.

«Militarki sendotzea» xede

Ukrainako talde negoziatzaileak, bestalde, atzo adierazi zuenez, «militarki sendotu» egin nahi dute Errusiarekin elkarrizketei berrekin aurretik; egoera blokeatuta dago oraindik Errusiaren eta Ukrainaren artean. Bi aldeak martxoaren 29an bildu ziren azkenekoz negoziazioetarako, eta ordutik ez dituzte bilera gehiago egin, uste baitute ez direla hitz egiteko gutxieneko baldintzak betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.