«VLADIMIR? ARAZO BAT DAUKAGU»

Petrolioaren merkatzea eta Mendebaldearen zigor ekonomikoak Errusiako ekonomiari kalte egiten hasi dira. Errubloa amildu da, inflazioa handitzen ari da, eta atzeraldiaren ertzean dago herrialdea. Vladimir Putinek «atzoko etsaien» aurkako mezuekin lasaitu nahi ditu herritarren kezkak. Oraingoz, lortu du.

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 7
Ekaitz perfektu bat sortzen ari da Errusiaren gainean. Mendebaldeak Ukrainako gerra dela-eta ezarritako zigor ekonomikoek herrialdearen oinarri ekonomiko ahulak agerian utzi dituztenean, petrolioaren prezioaren amiltzea batu zaio gauzak gehiago okertzeko. Errubloa amiltzen ari da, inflazioa %10era hurbiltzen ari da, eta Errusia berriro atzeraldian erortzeko zorian dago.

Ekaitzak ez du, oraindik, ontziaren gidaria busti. Azken inkestek ez dute Vladimir Putinen irudi onarengan higadura handirik antzematen. Bere haizagailua funtzionatzen ari da, arazoen iturria urrundu eta atzerriko indarrei egozten diena. Gerra Hotzaren garaiko etsai kuttuna, beltzarandutako Uncle Sam bat, berriro presente da errusiarren bizitzan. Putinek berak ildo horretan sakondu zuen, joan den ostegunean Kremlinen egindako agerraldian: «Hitler saiatu zen Errusia birrintzen eta gu Uralen atzera bidaltzen. Gogoratu nola bukatu zuen. Hau guztia [Errusiak Krimea bere gain hartzea] gertatu izan ez balitz, beste aitzakia bat bilatuko zuten Errusia hondoratzen saiatzeko. Hainbat mendez gertatu da hori; Mendebaldeak, Errusia oso indartsu bilakatzen ari dela uste duen aldiro, horrelako politikak erabiltzen ditu». Putinek onartu zuen «garai gogorrak» datozela, neurri batean gogortasun hori bere atzerriko politika oldarkorraren ondorioa dela aitortu gabe.

Oraingoz, Errusiaren abertzaletasunaren banderan biltzeak funtzionatu dio Putini. Baina eutsiko al dio egoera ekonomikoa asko okertzen bada? Presidentearen ospe onaren arrazoi nagusietako bat da egonkortasuna ekarri duela eta, petrolio eta gasaren salmentari esker, herritar gehienen bizi maila hobetu egin dela bere agintaldian. Ez da gutxi hori Sobietar Batasunaren erorketaren ondoren kaosa eta pobrezia oso gertutik jasan zuten milioika herritarrentzat. Patrika bero daukatela, badirudi errusiar gehienek barkatu egiten dizkiotela Putini bere autoritarismoa, kontrakoen atxiloketa arbitrarioak eta ustelkeria hedatua.

ZER ARI DA GERTATZEN?

Errusia krisi ekonomiko gogor batean sar dezaketen hainbat faktore batzen ari dira. Aste honetan arreta gehien erakarri duena errubloaren hondoratzea da. Astelehenean, dolarrarekiko balioaren %9 galtzera iritsi zen, egun bakarreko erorketa handiena 1998an Asiako finantza krisiaren olatuak Errusia ere jo zuenetik. Maila horretara iritsi gabe, beherantz jarraitu du aste osoan errubloak; ostiralean euro bakoitzak 66,19 errublo balio zuen, duela bi urte baino %65 gehiago (40,13). Urtea hasi denetik %45ekoa da erorketa.

ZERGATIK ARI DA AMILTZEN ERRUBLOA?

Bi dira arrazoi nagusiak. Bata petrolioaren merkatzea da. Ekainetik hona %40 inguru jaitsi da upelaren balioa. Sekulako arazoa da hori petrolioaren eta gasaren salmentatik bizi den ekonomia batentzat. Bi hidrokarburo horiek betetzen dute Moskuren aurrekontuaren erdia baino gehiago. Orain arte, diru sarrera horren jaitsierari aurre egin ahal izan dio Errusiak, urte oparoetan erreserba handiak pilatu zituelako. 430.000 milioi ziren azaroan, baina horien zati bat erabili beharko du hurrengo hilabeteotan kontuak orekatzeko eta finantzaketa beharrean diren enpresak salbatzeko. Zorpetzea da beste aukera bat, Errusiak oso txikia baitu, bere BPGaren %13koa baizik ez.

Berez, petrolioa merkatu aurretik ere hasi zen errubloa ahultasun zantzuak ematen. Jaitsiera hori biziagotu zen 2014 hasieran, Putinek Ukrainako gatazkan esku hartzea erabaki zuenean. Krimearen anexioarengatik eta Ukraina ekialdean piztutako gerrarengatik zigor ekonomikoak ezarri zizkieten EBk, AEBek eta beste herrialde batzuek Moskuri: petrolioaren industriak beharrezkoak dituen osagai batzuen bahimendua ezarri zuten, eta finantza merkatuen sarrera debekatu zieten Errusiako bankuei. Ondorioa? Atzerriko kapitala alde egiten ari da Errusiatik —100.000 milioi euro aurten—, eta, errubloetan dauden aktibo asko saltzen ari direnez, diruaren balioa jaisten ari da. Debaluazio horrek are gehiago gutxitu du kapitalen etorrera. «Errusian inbertitu nahi dutenen zerrenda ez da luzea», onartu du Sberbank bankuko buruak. Barne inbertsiorako ere ez da pizgarri; Moskuko metroa eta hiria lotzen dituzten tren gehiagoren erosketa geratu berri da, dolarretan pagatzea gero eta zailagoa delako enpresentzat.

ZERBAIT EGIN AL DUTE ERORKETA GERATZEKO?

Errusiako banku zentralak 25.000 milioi euro gastatu du orain arte bere diruaren balioari eutsi nahian. Baina saio horiek antzuak zirelakoan, joan den azaroaren 10ean errublo erosketa utzi zuen. Aste honetan berriro ekin dio, odolustea geratzeko.

Hurrengo egunotan Putinek hain gogoko dituen atxiloketa ikusgarrietako bat gertatzea ezin da guztiz baztertu. Izan ere, osteguneko hitzaldian Putinek hizkera gogortu zuen dibisen salerosketan aritzen direnen aurka. «Banku zentralari neurriak eskatu dizkiegu espekulatzaileak aprobetxa ez daitezen. Badakigu pertsona horiek zeintzuk diren, eta bitartekoak baditugu kontrolatzeko. Erabiltzeko garaia da».

HAIN LARRIA AL DA ERRUBLOAREN AMILTZEA?

Bai eta ez. Alde batetik, ondorio onak ditu. Errusiak dolarretan saltzen du petrolioa atzerrian, baina errubloetan ordaintzen ditu industria horrek sortzen dizkion kostuak (langileak, inbertsioak...). Hortaz, petrolioa merkatzen bada ere, hein batean euts diezaioke upel bakoitzeko lortzen duen etekinari.

Errubloaren merkatzea ona da Errusiaren industria esportatzailearentzat ere. Arazoa da petrolioa eta gasa ez diren produktuak Errusiaren atzerriko salmenten %30 baizik ez direla. Egurra, produktu kimikoak eta armak dira, esaterako.

Turismoarentzat ere aho biko ezpata da: jadanik porrot egin dute turistak Europako hirietara edo Mediterraneoko hondartzetara eramaten zituzten agentzia gehienek, baina berri ona izango da barneko turismoarentzat.

Debaluazioaren arriskuak, berriz, oso handiak dira. Batetik, inportazioen garestitzea dago. Munduko herrialde handiena den arren, haren klima gogorrak eta hidrokarburoei lehentasuna emateak ekarri dute elikagai askoren ekoizpena txikia izatea eta janari asko kanpotik ekarri behar izatea. Inportazio horiek garestiagoak dira orain, inflazioa handitzen ari dira, eta, batez ere, herritar pobreenei egingo die kalte.

Beste arrisku bat finantza egonkortasuna da. Herritarrek beren dirua bankuetatik atera eta euro edo dolarretan truka ez ditzaten, interes tasak %9,5era igo ditu Errusiako banku zentralak. Banku sistemaren porrota ekarriko lukeen ihesik ez da izan oraingoz, agian herritarrek gogoan dutelako Errusia oso bizkor irten zela 1998ko eta 2008ko dibisaren krisietatik. Baina bi kasuetan petrolioaren prezioa igo egin zen berehala. Oraingoan, ez dirudi.

Berez, herritarrena baino gehiago, eliteen kapital ihesa da Errusiaren arazo nagusietako bat. Ostegunean, Putinek amnistia fiskal bat eskaini zien kapitala errusiaratzen dutenei: beren dirua eta ondasunak legeztatzen dituztenei ez diete jazarriko, eta ez zaie galdetuko nola lortu duten dirua. Amnistia hori azkena izango dela ohartarazi zuen Putinek, «kapital ihesaren garaia» amaitu behar delako.

Enpresentzat eta bankuentzat arriskutsua da errubloaren balio galtzea, zor handiak dituztelako atzerrian, dolarretan horietako asko. Guztira, 54.700 milioi dolar pagatu behar dituzte hurrengo hiru egunetan, eta 614.000 milioi guztira. Eta atzerriko merkatuen iturria itxia dutenez, estatuaren erreserbetatik lortu nahi dute.

ETA ZIGOR EKONOMIKOAK?

Kalte handia egiten dutela onartu zuen Putinek Kremlingo hitzaldian. Moskuk kalkulatu duenez, 110.000 milioi euroko kaltea eragin dute orain arte. Mendebaldearen zigor ekonomiko horiei erantzuteko Moskuk hartutako neurriek ere ondorioa dute eguneroko bizitzan. Putinek espero zuen herrialde batzuetako elikagaien inportazioa debekatuta bertako ekoizpena sustatuko zuela, eta hala ari da gertatzen, baina prozesu motela da. Badira ordezkatzeko zailak diren produktuak —Frantziako gaztak—, baina aurretik ere eliteentzako janariak ziren horiek. Errusiar arrunta gehiago kezkatzen du arto beltzaren eskasiak. Oinarrizko elikagaia da, gosaltzeko, haragiari laguntzeko, zopak loditzeko eta pastelak egiteko erabiltzen baita. Uzta txarragatik, espekulatzaileen mugimenduengatik edo eskasiaren beldur diren herritarren erosketa masiboengatik, arto beltza desagertu egin zen dendetatik, eta prezio bikoitzarekin itzuli zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna