BULEGOETAKO GURUTZE BIDEA

23.000 langile ordezkatzen ditu Bizkaiko bulegoetako sektoreak, eta, 2012. urteaz geroztik, lan hitzarmenik gabe daude. Itun berria adosteko negoziazio mahaia zabalik dute patronalarekin, baina alde bien jarrerak ez dira ia gerturatu. Langileek betea dute datozen asteetarako mobilizazio agenda.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Sei urte igaro dira Bizkaiko bulegoetako langileen lan hitzarmena iraungi zela, eta, denbora tarte horretan, sektoreko gatazkak gora egin du etengabe. «Otsailaren 1ean egin zen greba eguna historikoa izan zen», azaldu du Agus Carazok, Bizkaiko bulegoetako ituna negoziatzeko mahaian ELAk duen arduradunak. «2012an egin ziren bi greba egunetan baino jende gehiago mobilizatzea lortu genuen; esan daiteke sektorea ez dela duela sei urte zen bezalakoa, jendea aktibatzen hasi dela». Eta horren lekuko izan daiteke apirilerako sindikatu denek adostu duten mobilizazio agenda: bihar gatazka gizarteratzen hasiko dira, eta hilaren 25ean eta 26an greba egunak egingo dituzte. «Negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago, maiatzean ere mobilizatzen jarraituko dugu». Langileek indarra hartzen ari direla sumatzen dute.

Beste hainbat lan gatazkaren jatorriak bezala, Bizkaiko bulegoetakoenak ere 2012ko lan erreformarekin zerikusi zuzena dauka. 2010ean sinatutako lan ituna bi urte geroago iraungi zen, eta, urtebeteko ultraaktibitatea izan eta gero, ez zen lortu itun berria sinatzeko akordiorik. Beraz, 2013an hitzarmena indarrik gabe geratu zen. Ordutik, sektoreko langileen lan baldintzek bide ezberdinak hartu dituzte: langile zaharrei 2012ko ituna aplikatzen zaie oraindik ere, baina horietako askok soldatak izoztuta dauzkate, eta kontratu berriagoak dituztenei Espainiako ituneko baldintzak ezarri dizkiete. Hau da, lan ordu gehiagorekin, eta soldata txikiagoekin. Horregatik, «enpresa berean bi kolektibo» sortu direla salatu du Txaber Gartziak,Landa LABeko ordezkariak. Bulegoetako langileek, horregatik, itun berri bat adostu nahi dute Cebek patronalarekin, baina, oraingoz, aurrerapauso gutxi eman dituzte egindako bileretan.

Areago, negoziazio mahaia blokeatuta dagoela ere esan daiteke. 2017. urtarrilean, sindikatu nagusi guztiek Confebaskekin sektore arteko akordioa sinatu eta hango itunei lehentasuna emango zietela adostu zutenean, Bizkaiko bulegoetako hitzarmena negoziatzen hasteko mahaia osatu zuten alde biek. Ordutik, hainbat bilera egin dituzte, baina jarrerak ez dira ia gerturatu. Sindikatuek salatzen dute patronalak itun berri bat adostu nahi duela, aurrekoarekin zerikusi txikia izan dezakeena, eta, hitzarmen berri horretan, antzinatasuna eta gutxieneko bermea kendu nahi dizkie beharginei. «Guretzat, marra gorriak dira horiek», azaldu du Gartzia Landak.

Sindikatuen muga

Finean, soldaten igoera KPIaren hazkundea baino handiagoa izateko tresna bat da gutxieneko bermea. «Soldata hazkundea erreala izateko modu bat da; horrekin eta antzinatasunik gabe, soldatak izoztu egingo lirateke, eta egoerak bere horretan iraungo luke», dio Carazok. Horregatik, bi kontzeptu horiei eustea litzateke sindikatuen muga. Gartzia Landaren arabera, gainera, sindikatuak eskuzabalak izan dira bi elementu horiekin: «Lur hartzeko proposamen bat ere aurkeztu genion patronalari; hau da, egoera okerragoan dauden enpresek hitzarmen berritua aplikatzeko garaian malgutasuna eskaini genuen. Hori mahai gainean jarri dugunean, bi elementu horiek ezabatzearen alde egin zuen patronalak, joan den uztailean lur hartzeko proposamenak eskatzen zituen arren». Enpresen egoera zaila baita oraintxe, Cebeken arabera.

Kontu horretan, ordea, ez dute bat egiten sindikatuek. Gartzia Landak, behintzat, argi dauka: «Sektoreko enpresak oraintxe oso ondo daude; are gehiago, krisi garaian ere ez zuten ia galerarik izan. Enpresa batzuk gaizki egon ziren arren, gaur egun ordezkaritza daukagun enpresetan sekulako hazkundeak izaten ari dira». Eta azaldu du kasu askotan irabazi horiek langileen baldintzak izoztuta daudelako lortu dituztela.

Izan ere, oraintxe sektore estrategikoa da bulegoetako langileena. Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan aritzen dira horietako behargin asko, eta beste asko ingeniaritzaren esparruan. Hau da, etorkizunera begira gero eta estrategikoagoak diren esparruetan. «Informatikak pisu handia hartu du gaur egun, eta etorkizunean handitu egingo da; niri neuri, etorkizuneko industria izango dela iruditzen zait», Carazoren arabera. Horregatik, etorkizuneko lanpostu asko horretara bideratuko direlako, baldintza horiek ahalik eta duinenak izateko borrokan ari direla nabarmendu du.

«Gatazkaren bila doaz»

Sektoreko sindikatu denek antolatu dituzten mobilizazio horietarako, ordea, ez du arrazoirik ikusten Cebek patronalak. Areago, «sektorean gatazka sortu» besterik ez dute nahi. Apirilaren 25erako eta 26rako adostutako greba egunen berri eman bezain pronto prentsa oharra bidali zuen patronalak, esateko negoziazioak ez daudela blokeatuta: «ELA eta LAB ez daude prest negoziatzeko; gai guztiei buruz hitz egiteko prest daudela errepikatzen dute behin eta berriz, baina euren gaiei buruz hitz egin nahi dute soilik». Horrez gain, soldatak izoztu nahi izatearen kritikei aurre egin zien ohar horretan bertan: «Datozen lau urteetarako soldatak %6,38 handitzeko proposamena egin dugu; horregatik uste dugu sindikatuek gatazka besterik ez dutela nahi, enpresek dituzten beharrak betetzeko negoziazio bat bideratu beharrean». Antzeko mezua igorri zuen Cebekek otsailaren 1eko greba egunaren ondoren. Sindikatuen helburu bakarra gatazka sustatzea eta negoziazioa blokeatzea dela adierazi zuen. Haren arabera, negoziazioak ez daude blokeatuta, baina bistakoa da bi aldeen artean ez dagoela giro onik.

Kritika horiek direla eta, sindikatuek euren defentsa egin dute: «Jendaurrean gauza bat esaten dute, eta pribatuan beste bat; lan baldintzak kaskartuta lortu nahi du patronalak bulegoetako enpresen lehiakortasuna». Alde bien diskurtsoak elkarrengandik urrun daude, baina sindikatuek euren aldarrikapenak entzunaraztea lortu dute behintzat. Edo hala sumatzen du Carazok: «Duela sei urte lehen mobilizazioak egin genituenetik, patronalak sekula ez du ezer esan jendaurrean gatazkaren inguruan». Otsailaren 1eko grebaren ostean, eta apirileko mobilizazioen berri eman eta gero Cebekek bidalitako bi ohar horiek, horregatik, beren garrantzia daukate: «Erantzun positiboa iruditzen zaigu, orain arte ez zutelako ezer esaten; greba egunean ikusi zuten zer-nolako erantzuna izaten ari zen sektorean, eta erantzun beharra sentitu zuten. Zerbaitegatik izango zen. Aurrerantzean jarrera hori areagotu egingo dela iruditzen zaigu».

Langileen aldetik ere gatazkak babes zabalagoa baitauka. Gartzia Landak horren arrazoia zein den aztertu du: «Informatika munduko langileek uste genuen egoera sozial hobeagoan geundela, eta lan baldintza hobeak genituela; baina jendea orain jabetu da zein den egoera, eta ahalduntzen hasi da». Izan ere, lan hitzarmena bertan behera geratu eta lehen urteetan, erosteko ahalmena apenas galdu zuten informatika eta ingeniaritza arloko beharginek, «baina bost urteren ondoren egoera bestelakoa da». Horretaz jabetzen hasi dira langileak, eta horregatik hasi dira erantzuten. Hala dio Carazok: «Duela sei urte esaten genuen berbera esaten dugu orain ere, baina orain jendeak hobeto ulertzen du esaten genuen hori». Eta horrek berarekin ekarri du sektorean gero eta babes zabalagoa izatea. «Otsailaren 1eko mobilizazioa horren lekuko izan zen, eta apirilaren 25ekoak eta 26koak ere mugarriak izango direla aurreikusten dugu».

Erakundeen ardura

Cebek duela gutxi hasi da gaiaren inguruan jendaurrean hitz egiten, prentsa oharren bidez bada ere, baina erakunde publikoak oraingoz isilik daude. Zuzenean eragiten dien gatazka bat da Bizkaiko bulegoetakoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak Lantik, Ejie eta arlo horretako beste enpresak azpikontratatzen dituzte informatika lanetarako. Horregatik, Gartzia Landak uste du erakundeek presio egin beharko lioketela patronalari negoziazio mahaian irtenbide bat lortzeko. «Eurek azpikontratatzen dituzte enpresa horiek prezio txikian; beraz, eurek ere gatazkan ardura zuzena daukate».

Carazoren ustez, erakunde publikoek zein bestelako enpresa pribatuek ere berandu baino lehen eskatuko diote patronalari gatazkari irtenbidea emateko. «Otsailaren 1eko greban sumatu zuten zer-nolako eragina izan dezakeen gatazka honek, eta hilaren 25 eta 26koetan ere nabarituko dute; greba egun hauek zuzenean eragingo dienez, enpresa pribatu zein erakunde publikoek irtenbidea eskatu beharko dute».

Hori horrela izanda ere, itxaropen apalak dauzka Gartzia Landak, iraganean zeukaten hitzarmena berreskuratzea baita euren helburua. Hala ere, etorkizuneko lan esparru bat izango denez, lan baldintzak bermatuta uztea garrantzitsua izango da bai langileentzat bai enpresarientzat. Bulegoetako beharginek martxoaren 22an egin zuten manifestazioan irudikatu zuten bezala, gatazka hori etorkizunean berriz ere gurutze bide bat izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.