Errusiako Munduko Kopa

Nolako erdilariak, halako jokoa

Frantziak eta Kroaziak gaur jokatuko dute Munduko Kopako finala. Zelai erdian egon daiteke partidaren gakoa: Kante eta Pogbaren indarra, Rakiticen eta Modricen irudimenaren aurka

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko uztailak 15
Iritsi da egun erabakigarria. Txapeldunaren loria 90 minutura dute Frantziak eta Kroaziak. Bietako bat izango da, 18:45 inguru, —luzapenik eta penaltirik ez bada— munduko kopa altxatuko duena Moskuko Luzhniki estadioan. Bi estilo oso desberdinak dituzten taldeak dira. Frantziaren ahalmen fisikoa, soiltasuna eta pragmatismoa Kroaziaren irudimenaren, joko harilkatuaren eta sufritzeko gaitasunaren aurka ariko dira. Selekzio bakoitzaren zelai erdia dira estilo horren isla, eta zelaiko eremu horretan nagusi denak asko izango du irabazia. Frantziak bigarren izarra nahi du elastikoan, eta Kroaziak, lehendabizikoa. Irabaziko balu, Munduko Kopa lortzen duen bederatzigarren selekzioa izango litzateke.

Frantziari joko ikusgarria ez egitea leporatu zioten Munduko Kopa hasi aurretik. Didier Deschamps hautatzaileak kritikak jaso zituen horren erruz. Txapelketan, Argentinaren kontrako final-zortzirenetako partidan izan ezik, ez du aparteko jokorik egin. Baina itxura sendoa eman du atzean, indartsua erdialdean eta bizia aurrealdean.

Kylian Mbappek eta Antoine Griezmannek osatutako aurrealdeak sortzen du ikusminik handiena. Baina, zalantzarik gabe, zelai erdian egon da Frantziari finalera iristea ahalbidetu dion sendotasunaren oinarria. N'Kolo Kantek eta Paul Pogbak osatutako euskarria horma gaindiezina izan da aurkarientzat. Fisikoki mendean hartu dituzte kontrario guztiak. Kantek gehiago egin ditu euskarri lanak. Joko motz eta posizionalean harena izan da ekimena. Pogbak hartu izan du aginte makila, berriz, joko zuzena eta bizkorragoa egin behar izan dutenean. Hala oreka eman diote taldeari, eta zulo guztiak itxi dituzte.

Ahalmen fisiko hori ezartzen saiatuko dira gaur, Kroazia nekatuago ailegatu dela baliatzeko. Izan ere, Zlatko Dalicek zuzentzen duen taldeak penaltietan gainditu zituen final-zortzirenetako eta final-laurdenetako kanporaketak, eta finalerdiak, luzapenean. Horrenbestez, Frantziak baino 90 minutu gehiago jokatuta, eta 116 kilometro gehiago korrituta iritsi da finalera.

Hain zuzen ere, Kroaziaren jokoaren iparrorratz diren Luka Modric eta Ivan Rakitic jokalariek izango dute horma hori gainditzeko ardura. Biak ere gaitasun fisiko handikoak, baina gihar gutxiagokoak; eta batez ere, jokatzeko oso modu diferentea dutenak. Modric da Munduko Kopan denbora gehien jokatu duen jokalaria, 643,23 minutu, hain zuzen; halaber, korrika kilometro gehien egin duena: 63,03 km. Atzetik dago Rakitic: 62,85ekin. Bartzelonako jokalaria sasoi honetan partida gehien jokatu duen jokalaria da: 70.

Haien jokoak irudimena du oinarri, eta hori ezartzen saiatuko dira. Partidan fisikoa gailenduz gero, jakitun dira aukera gutxiago izango dituztela irabazteko. Horren ordez, baloia edukitzen eta hura bizi mugitzen saiatuko dira, Frantziaren atzealdean zuloak topatzeko asmoz. Gainera, golak sartzeko ahalmen handiagoa dutela aprobetxatzen saiatuko dira. Bien artean hiru sartu dituzte, Dalicek gora iristeko ematen dien askatasuna baliatuz. Frantziarren bikoak, aldiz, ez du bakar bat ere sartu. Deschampsek eusteko agintzen die, eta Matuidiri ematen dio gora egiteko aukera gehiago.

Estiloak estilo, dena den, bada laurek duten ezaugarri komun bat: ahalegina eta talentua. Laurak nekaezinak dira, ez dute nola hala etsitzen; gainera, baloia oinetan dutela, gai dira norgehiagoka bat erabakitzeko.

Entrenatzaileak baikor

Faborito izatearen zama eduki dezake Frantziak, eta Kroaziak, nekearena. Baina sendotasunarekin eta ilusioarekin arinduko dute. Dalicek argi adierazi du zein mezu emango dien jokalariei atera aurretik: «Gozatzeko esango diet». Frantziak maila handiko taldea duela onartu arren, bere taldearen jokoari erreparatu nahi izan dio: «Ideiak garbi baditugu, eta gure aukeretan sinesten badugu, irabaz dezakegu. Baloia eduki eta bizi jokatzea izango da gakoa».

Deschampsek, berriz, «lasaitasuna eta arreta» eskatu die jokalariei. «Goi mailako taldea da Kroazia. Talentu handiko jokalariak ditu. Hori dela eta, adi ibili behar dugu. Baina taldea sasoiko ikusten dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna