Iranen 25 lagun hil dituzte azken urteotako atentaturik handienean

Desfile militar bati tiroka eraso diote Ahvaz hirian. Agintariek Ekialde Hurbileko estatu batzuk eta AEBak egin dituzte erantzule. Estatu Islamikoak eta talde arabiar batek hartu dute erasoa beren gain

Iranen 25 lagun hil dituzte azken urteotako atentaturik handienean.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hassan Rohani Irango presidenteak hitzeman zuen atzoko atentatuari erantzun gogorra emanen diotela. «Iranek mehatxurik txikienari ere emanen dion erantzuna erabatekoa izanen da». Tiroz eraso zioten desfile militar handi bati hego-mendebaldeko Ahvaz hirian, eta gutxienez 25 pertsona hil eta 57 zauritu zituzten. Desfilea telebistaz ematen ari ziren, eta tiroketaren uneko irudiak mundu osora zabaldu ziren berehala. Ali Khamenei aiatola Irango agintari gorenak erran zuen atentatua izan dela «Estatu Batuen txotxongilo diren eskualdeko [Ekialde Hurbileko] estatuen konploten jarraipen bat». Atzo bi taldek hartu zuten beren gain erasoa: EI Estatu Islamikoak alde batetik, eta, bertzetik, Irango gutxiengo arabiarrarentzat independentzia aldarrikatzen duen talde batek. Iranek azken urteotan jasan duen atentaturik handiena izan da.

Irango agintarien arabera, lau pertsonak eraso zioten armada eta Guardia Iraultzailea Iraken aurkako gerraren (1980-1988) hasiera oroitzeko egiten ari ziren desfileari, eta estatuko indarrek laurak hil zituzten. Hildako biktimen artean, berriz, hamabi inguru Guardia Iraultzaileko kideak zirela adierazi zuten berri agentzia ofizialek, eta gainerakoen artean zibilak —adingabeak barne— eta soldaduska egitenari ziren gazteak ere bazeudela argitaratu zuten. Guardia Iraultzailea 1979ko iraultza islamikoaren ondoren sortu zuten, eta errepublikaren indar militar nagusia da. Fars agentziaren arabera, erasotzaileek hamar minutu inguruz tiro egin zioten desfileari. Irudietan soldaduak eta ikusleak lasterka ihesean edo makurtuta babes hartzen ikus zitezkeen, tiro hotsak aditzen ziren bitartean.

Irango agintariek —bai militarrek, bai zibilek—, Ekialde Hurbileko bertze estatu batzuei leporatu zieten erasoa egitea, izenik aipatu gabe adierazpen gehienetan; eta AEBak, berriz, erantzuletzat jo zituzten. «Haien helburua gure herrialde maitean segurtasunik eza sortzea da», esan zuen Khamenei lider gorenak. Rohani presidenteak ez zuen akusazio zuzenik egin, baina erran zuen «terroristen aliatuek» erantzun egin beharko dutela. Israel eta Saudi Arabia dira Iranek Ekialde Hurbilean dauzkan etsairik handienak. Israelek hamarkada hasieran hainbat atentatu egin zituen Irango programa nuklearrarekin zerikusia zuten zientzialarien aurka, eta zenbait talde armaturen laguntzailea izatea leporatzen dio Teheranek. Saudi Arabiarekin, berriz, lehia ideologiko-erlijioso bortitza du —monarkia arabiarrak islam sunitaren muturreko interpretazio bat defendatzen du, eta Teheranek, berriz, errepublika konfesional xiita bat—, eta lehia hori hainbat herrialdetara hedatu dute: Siriara, Yemenera, Libanora, EIren aurkako borrokara...

Khuzestango arabiarrak

EIk Amaq News bere agentziaren bidez aldarrikatu zuen erasoa. 2010etik Iranen izandako atentaturik handiena EIk egindakoa zen atzora arte —iaz hemezortzi lagun hil zituen Teheranen—. Bertze aldarrikapena Ahvazeko Erresistentzia Nazionalak egin zuen, Reuters agentziaren bidez. Ahvaz Khuzestan probintziako hiriburua da, eta Khuzestango eremu anitzetan arabiarrak dira biztanle gehienak, ez persiarrak (Irango etnia nagusia). Diskriminazioa salatu eta independentzia aldarrikatu izan dute hainbat taldek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.