Kalifa herria bukatu da

Siriako Indar Demokratikoek jakinarazi dute Estatu Islamikoak ez duela eremurik kontrolatzen, eta Damaskori ohartarazi diote negoziatzen hasteko garaia dela
SDFren komandante Mazlum Abdi kalifa herriaren amaieraren berri ematen, atzo, Siria ekialdeko Al-Omar petrolio gunean.
SDFren komandante Mazlum Abdi kalifa herriaren amaieraren berri ematen, atzo, Siria ekialdeko Al-Omar petrolio gunean. AHMED MARDNLI / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko martxoak 24
Amaitu da: Estatu Islamikoak (EI) ez du eremurik kontrolpean. Sirian eta Iraken aldarrikatu zuen kalifa herriaren azken kilometro koadroa berreskuratu zuten atzo Siriako Indar Demokratikoek (SDF), eta amaiera eman, besteak beste, genozidioak justifikatu, exekuzioak orokortu eta esklabotza legeztatu zuen proiektuari. «Siriako Indar Demokratikoek deklaratzen dute kalifa herria deiturikoa guztiz ezabatu dutela, eta EIren lurralde porrota %100ekoa dela», adierazi zuen atzo goizean Mustafa Bali SDFren prentsa bulegoaren arduradunak, Twitter sare sozialaren bidez. Ia bost urte iraun du muturreko talde sunitak aldarrikatu zuen kalifa herriak.

SDFk iragan otsailaren 9an hasi zuen EIren aurkako «azken borroka», muturreko talde sunita Siria hego-ekialdeko Baghuz hirian zokoratuta geratu zenean. Hiri horretako erasoaldia hasi aurretik ere gauza jakina zen kalifa herriaren bukaera denbora kontua zela, eta, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak garaipen militarra bitan deklaratu zuen arren, SDFren jakinarazpenik gabe inork ez zuen amaitutzat jo borroka. Azkenean, atzo iritsi zen albistea: SDFren bandera Baghuzen eskegi zuten.

AEBen babesa izan duen aliantza militarrak —kurduak dira gehienak— EIren aurkako garaipena irudikatu zuen atzo arratsaldean, Siria ekialdeko Al-Omar petrolio gunean; SDFren eta AEBen banderak atzean zituela, Mazlum Abdi komandanteak «martiriei» eskaini zien kalifa herriaren amaiera. Sirian, 11.000 borrokalari inguru hil dira muturreko talde sunitaren aurkako gerran, eta, Iraken, jihadistek 1.800 bat pexmerga hil dituzte.

Eremurik kontrolpean ez duen arren, EIren mehatxuak bizirik jarraitzen du, taldeak oraindik badituelako armak eta borrokarako prest dauden jihadistak; Nazio Batuen Erakundearen arabera, 14.000 eta 18.000 borrokalari artean daude Sirian eta Iraken —horietako 3.000, atzerritarrak—. Gainera, erakunde horrek dioenez, muturreko talde sunitak 44 milioi eta 265 milioi euro arteko aurrekontua du, «bere aktibitateak finantzatzeko». Errealitate horren adibide dira azken hilabeteotako gertakariak: iazko abendu erdialdetik aurtengo otsailera, EIk 180 eraso egin ditu Sirian.

Arazo horretaz mintzatu zen atzo SDFren bozeramaile Kino Gabriel: «EIren aurkako operazioa amaitu arren, Daexen [arabierazko akronimoa da] aurkako gerra ez da amaitu. Hainbat militante ditu ezkutatuak eremu askotan, eta gure indarrei eta eremuei eraso egiteko asmoa dute». Trumpek iragan abenduan adierazi zuen AEBek EI garaitu zutela, eta hori zela 2.000 soldaduak Sirian edukitzeko «arrazoi bakarra»; erabaki horrek ezustean harrapatu zuen aliantza militarra, AEBen tropen laguntza ezinbestekotzat izan baitu kalifa herria amaitzeko.

Muturreko talde sunitaren berpiztea eragozteko, beraz, SDFk tropa horien laguntza izaten jarraitu nahi du. «Gaurtik aurrera, EIren aurkako borroka fase berri batean sartu da. Daexen terrorismoaren aurkako borrokak jarraituko du garaipen osoa lortu arte, eta [AEBak buru dituen] koalizioko indarrei dei egiten diegu gurekin bat egitera», eskatu zuen Abdik.

«Berezitasunen» aitortza

SDFren komandanteak beste bi eskari garrantzitsu egin zituen atzoko prentsaurrekoan. Batetik, Siriako presidente Baxar al-Assadi ohartarazi zion negoziazioak hasteko garaia zela, Siriako Kurdistanen «berezitasunak» aitor ditzan: «Elkarrizketaren prozesua hasteko eskatzen diogu Damaskoko gobernuari, eta pauso praktikoak eman ditzala irtenbide politiko bat lortzeko, Siria ipar-ekialdeko administrazioaren aitortza oinarri lukeena».

Bestetik, Turkiari eskatu zion Siriaren «barne arazoetan» ez sartzeko, eta mehatxuak amaitzeko. Izan ere, AEBen soldadu guztiak Siriatik aterako balira, litekeena da Turkiako armada Sirian sartzea, SDFren eremuetara. Oraingoz, 200 bat soldadu geratuko dira Sirian.

Agur eta ohore

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria