Israelek 1.550 palestinar etxegabetu nahi ditu Jerusalem Ekialdean

Ehun etxebizitza inguru botako dituzte orotara. Eremu horretan turistentzako esparru arkeologiko bat jartzeko asmoa duela iragarri du Jerusalemgo Udalak

Manifestazio bat Jerusalem Ekialdeko Seikh Jarrah auzoan, palestinarren etxegabetzeen aurka. BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Jerusalem Ekialdeko Silwan auzunean Israelgo erregeen omenezko parke arkeologiko bat egin nahi du udalak. Horretarako, baina, palestinarrek bertan eraikitako ehun bat etxebizitza bota behar dituzte. Egitasmoa ez da berria. 2010ean, Jerusalemgo orduko alkate Nir Barkatek iragarri zuen asmoa zutela The King's Garden izeneko parke arkeologiko bat eraikitzeko, turistentzat. Plana urte hartan bertan onartu zuten, baina kritikak eragin zituen, bai Jerusalemen bertan—Meretzeko zinegotziek dimisioa eman zuten—, baita nazioartean ere. Auzokoek, berriz, protestekin erantzun zieten kaleratze aginduei.

Ordu hartan, udal gobernuak ezohiko urratsa egitea erabaki zuen, eta negoziatzen hasi zen etxea galtzear zeuden palestinarrekin. Elkarrizketa horiek hamar urte iraun zuten, isilean. Azkenean, palestinarrek onartu egin zuten etxeetako gehienak botatzea, eta udalak, trukean, hitzeman zien etxegabetuek etxebizitza berriak eraiki ahal izango zituztela handik gertu. Eraikin zaharrak ez zituzten suntsituko berriak amaitu arte. Hala, udalak parke arkeologikoa egin ahal izango zuen lehen palestinarren etxebizitzak zeuden tokian.

Bi aldeek adostutako gaiak dokumentu batean bildu zituzten, zeinaren arabera proposatutako planak auzoan geratzeko aukera emango baitzien palestinarrei, «etxebizitza egokiak» eskainiz. Testuan jasotzen zen auzoko hainbat etxebizitza eraberritu egingo zituztela, eta berriak eraiki botatakoak ordezkatzeko; hala, parkea eraiki aurreko etxebizitza kopuru bera izango zuen auzoak.

Adostutakoan oinarrituta, etxegabetzeak atzeratzea lortu zuten palestinarrek. Azken astean, ordea, auzitegiek uko egin diote atzerapen gehiago onartzeari, argudiatuta «nahikoa denbora» igaro dela eta auzotarrek ez dutela tarte horretan pausorik eman. Ziad Kawarrek, auzotarren abokatuak, udalaren jarrera salatu du, eta egotzi dio negoziazioen berri eman ez izana etxegabetzeen auzia daraman epaitegiari: «Beste urtebete behar du planak. Auzo jendetsua da Silwan, eta denbora behar dugu denontzako balekoa izango den egitasmo bat adosteko. Udal ordezkariek prozedura hau babestu beharko lukete, oztopoak jarri beharrean».

Auzotarrek salatu dute udalak jakinarazi diela auzo osoa suntsituko dutela parkea egin ahal izateko. «Esan digute gurekin egindako hitzarmenak ez direla lotesleak», salatu zuen joan den astean Fakhari Abu Diabek, auzo elkarteko buruak. Haren esanetan, 18 urtetik beherakoak dira etxegabetuko dituzten 1.550 palestinarretatik %63.

Udalak, berriz, ukatu egin du inolako akordiorik urratu izana, eta «baimenik gabe» eraiki izana egotzi die Silwan auzoko bizilagunei. «Auzitegiek erabaki dute etxe horietako hainbat bota egin behar direla. Aldi berean, auzotarrak egitasmo bat prestatzen ari dira, baina, aurrera egiteko, hirigintza batzordearen onespena behar dute. Beraz, udalak auzitegien agindua beteko du lehenik, eta hirigintza batzordearen esku utziko du herritarren proposamena».

Okupazioa zabaltzen

Jerusalem ekialdea ez da Israelek nahieran baliatzen duen eremu bakarra. Giza eskubideen aldeko B'tselem erakundeak martxoan argitaratutako txosten baten arabera, azken hamarkadan 440.000 israeldarrentzako 280 kokaleku eraiki dituzte Zisjordanian. Ondorioz, bi milioi metro koadro lur galdu dituzte palestinarrek. Izan ere, Tel Avivek, kokagune berriak eraikitzeaz gain, horiek elkarrekin lotzeko errepideak eta bestelako zerbitzuak ere jarri ditu, eta palestinarren lur eta herriak banatu. Kokalekuetarako baliatutako lurrak ez ezik, haien inguruko eremuak ere desjabetu egiten ditu maiz Israelek, «estatuarenak» direla aldarrikatuz edo «segurtasun arrazoiak» argudiatuta.

Txostenean jasotzen denez, Israelgo Gobernuak erraztasun ekonomikoak eskaintzen dizkie kokaguneetara bizitzera joaten diren juduei, eta horrek errazten du kokalekuak handitzea. «Etxebizitza bat erosi nahi dutenentzat ez ezik, Zisjordanian lantegiak eraiki nahi dituztenentzat ere laguntzak eskaintzen ditu gobernuak».

Erakundeak egozten dio Israelgo Gobernuari Mediterraneo itsasoaren eta Jordan ibaiaren arteko lur eremu osoa beretzat hartu nahi izatea, eta bertan apartheid politiketan oinarritutako sistema bat ezartzea. «Lehendik dauden kokalekuak handitu edo berriak eraikitzeko baliatzen dute lurra, eta, aldi berean, jende pilaketak nagusi diren eremu txiki eta itxietara mugatzen dituzte palestinarrak. Tel Avivek politika horiek bultzatu ditu 1948an herrialdea sortu zutenetik», salatu du B'tselemek.

Dokumentuaren arabera, azken urteetan azkartu egin dituzte israeldarrek okupazio lanak, «aurrez inoiz ikusi gabeko neurrian». Horien helburua da Zisjordaniara ahalik eta kolono gehien bidaltzea; erakundearen aurreikuspenen arabera, epe motzean milioi batera helduko dira kolonoak. «Honek guztiak argi uzten du zein den estatuaren helburua: palestinarren lurraldea gero eta txikiagoa bihurtzea, aldi berean haien aldarrikapenak ere lurperatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.