Duquek militarrez bete du Cali, protesten argudiopean

Kolonbiako presidenteak gaitasun militarra «hirukoiztu» nahi du, eta 7.000 agente mobilizatu ditu. Hamahiru lagun hil dituzte greba nazionalaren azken egunean

Hainbat lagun, zauritutako manifestari bati laguntzen, herenegun, Calin. ERNESTO GUZMAN JR / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Kolonbiako Cali hiria protesten epizentro da oraindik ere, gobernuaren aurkako mobilizazioak hasi eta hilabetera, eta, horien intentsitate maila ikusirik, ez du ematen itzaltze bidean daudenik; Ivan Duqueren gobernuak manifestarien eskariei emandako erantzunak ere ez du bestelakorik iradokitzen. Izan ere, kaleak are gehiago militarizatzea erabaki zuen, ostiralean izandako istiluak argudiotzat erabilita. «Polizia nazionalari orain arteko laguntzarik handiena emango diote militarrek Calin eta Cauca bailaran», iragarri zuen. 7.000 agente mobilitatuta izango dituztela jakinarazi zuen, eta, horien artean, militarrak eta poliziak izango direla.

Calin bertan izan zen presidentea herenegun, segurtasun kontseiluak hirian egindako bileran, eta horren ostean eman zuen hartutako neurriaren berri. Sindikatuek eta gizarte eragileek beste greba nazional baterako deialdia egina zuten egun horretarako—protestak hasi zirenetik seigarrena—, eta istilu handiak izan ziren. Poliziaren eta manifestarien artekoak ez ezik, zibilen artekoak ere izan ziren liskarrak. Gertakari larriena La Luna auzoan izan zen. Armatutako gizon batek hainbatetan tiro egin zien errepide bat ixten ari ziren protestariei, eta haren kontra jo zuten bertan elkartutakoek. Hiru lagun hil zirela jakinarazi zuen Jorge Ivan Ospina Caliko alkateak; tartean, tiroketa hasi zuena. Francisco Barbosa Kolonbiako fiskalburuak baieztatu zuen haren heriotza, eta argitu zuen fiskaltzako kide zela, nahiz eta nabarmendu nahi izan zuen tiroketa hasi zuen momentuan ez zegoela lanean.

Hiru horiez gain, hildako laugarren bat ere bazegoela zabaldu zen hasieran, baina kopuru hori motz geratu zen geroago Ospinak berak emandakoarekin alderatuta. Atzo jakinarazi zuen gutxienez hamahiru lagun hil zirela istiluetan. «Hiriaren hegoaldean erabateko konfrontazio egoera izan dugu. Jende askok bizia galtzeaz gain, zauritu asko izan dira», erantsi zuen.

Hiri bereko Ciudad Jardin auzoan ere izan ziren liskarrak. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek eta Comunes alderdiak salatu zutenez, zibilek tiro egin zieten manifestariei, eta prentsaren aurkako erasoak ere egin zituzten, Poliziak babesten zituen bitartean.

Greba deialdiak jarraipen zabala izan zuen herrialdeko beste zenbait hiritan; hala nola Medellinen, Bucaramangan eta Cartagenan. Horietan ez zen istilurik izan. Bai, ordea, Bogota hiriburuaren inguruko Madrid hirian. Polizia oldartu egin zitzaien manifestariei, eta hainbat orduz luzatu zen bi aldeen arteko enfrentamendua.

Armada gehiago mobilizatuta, gaitasun militarra «hirukoiztu» nahi duela azaldu zuen Duquek, eta neurri horrek garrantzizkotzat jotako zenbait puntutan ikusitako «bandalismo, indarkeria eta intentsitate baxuko kaleko terrorismo» gertakariak geldiarazten lagunduko diola gobernuari. Helburutzat jarri zuen, halaber, manifestariek moztutako errepideak desblokeatzea.

Gobernua garrantzi handia ematen ari zaio afera horri, eta manifestariek moztutako errepideak lehengoratzea marra gorritzat jarri du. «Puntu hori eztabaidaezina da gobernuarentzat», berretsi zuen Emilio Archilak, greba batzordearekiko negoziazioetan gobernuaren ordezkari moduan jarduten duenak. Greba batzordeak, zeina erakunde sindikal eta sozialek osatzen duten, berriz, lehentasunezkotzat du lehenbailehen korridore humanitarioak zabaltzea.

Negoziazioak, trabatuta

Manifestariek negoziazioetan parte hartzeko jarritako baldintzetatik urrun jarraitzen du Duqueren gobernuak, eta trabatuta jarraitzen dute irtenbide adostu baterako ahaleginek, nahiz eta horretarako oinarriak finkatu zituzten duela bi aste. Polizia mobilizazioetan ez jazartzea eta segurtasun indarrek egindako gehiegikeriak salatzerakoan presidentea irmoa izan dadin eskatzen du etengabe greba batzordeak, baina beste aldeak dio errepideetako blokeoak desegin arte ez dela mahaiaren bueltan eseriko.

Erroko arazoari heldu gabe jarraitzen du gobernuak, horrenbestez, zerga erreformaren aurkako protesta moduan hasitakoa gobernuaren eta haren egiteko moduen aurkako mobilizazio bihurtu baita, hasi zenetik hona. Gobernuaren eta oligarkia handien arteko harremanen salaketari segurtasun indarren gehiegikeriena batu zaio, eta protesten irudiek higatu egin dute Duqueren gabinetearen irudia.

Horrek ez du atzerarazi Duque oraingoz, ordea. Asteon, gainera, gobernuak indarrak bideratu ditu lan diplomatikoa egitera, eta Marta Lucia Ramirez presidenteordea AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin bildu zen herenegun. Kolonbiako protestetan izandako heriotzengatik «kezka» agertu zuen Blinkenek, eta herritarrek «modu baketsuan protesta egiteko eskubidea» dutela adierazi zuen. Hala ere, babesa adierazi zion Bogotari, eta gobernuak manifestariekin hasitako negoziazioa txalotu zuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.