Buruzagi subiranistentzat 15 urteko zigorrak eskatzekotan da fiskaltza

25-30 urtekoa izan liteke zigorra matxinadagatik, baina hedabide batek aurreratu du eskari txikiagoa egingo duela fiskaltzak. Torrentek esan du absoluzioa dela epai «onargarri bakarra»
Quim Torra —ezkerrean—, <em>Cims per la Llibertat</em> egitasmoaren barruan Puigsacalm mendira igotzen, atzo.
Quim Torra —ezkerrean—, Cims per la Llibertat egitasmoaren barruan Puigsacalm mendira igotzen, atzo. ACN

Igor Susaeta -

2018ko urriak 14
Kataluniako prozesu subiranistaren buruzagien kontrako epaiketa hilabete gutxi batzuen buruan hastekoa da. SER Espainiako irrati kateak iturri judizialak aipatuz atzo emandako informazioaren arabera, Espainiako Fiskaltza «datozen egunetan» da aurkeztekoa kalifikazio idazkia, eta matxinadagatik auzipetuta behin-behinean kartzelan dauden bederatzi lider independentistentzat hamabost urteko kartzela zigorrak eskatzekotan da. Espainiako Zigor Kodeak dioenez, matxinada delituagatik 25-30 urtekoa izan daiteke espetxe zigorra, gehienez. Fiskaltzak, horrenbestez, delitu horrengatiko gutxieneko zigorrak eskatzeko asmoa du.

Joan den ekainean PSOE Moncloara heldu zenetik, Kataluniako indar subiranistek adierazi izan diote Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu diezaiola fiskaltzari matxinada akusazioa auzitik kentzea. Independentisten ustez, kontuan hartu beharko luke instrukzioan «matxinadaren lidertzat» jotakoa, Carles Puigdemont presidente kargugabetua, delitu horrengatik Espainiaratzeari uko egin ziola Alemaniako auzitegi batek duela hiru hilabete. Sozialisten hainbat buruzagik, gainera, auzitan jarri izan dituzte behin-behineko espetxealdiak; eta, zenbait hedabidek azken hilabeteotan argitaratu dutenez, Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusia Auzitegi Goreneko fiskalekin bildu izan da kalifikazioetan arintze bat behartze aldera.

Alferrik, ordea: iazko urri amaieratik defendatutako irizpideari eusten dio estatuak. SERen arabera, Pablo Llarena instrukzio epailearen itxiera autoa baieztatuko du ondorengo egunetan Gorenak, eta fiskaltzak matxinada leporatuko die Oriol Junquerasi, Raul Romevari, Jordi Sanchezi, Carme Forcadelli, Jorxi Cuixarti, Dolors Bassari, Jordi Turulli, Josep Ruli, eta Joaquim Forni. Puigdemonti, Antoni Comini, Clara Ponsatiri eta Marta Rovirari ere matxinada egozten die, baina erbesteratuta daude. Kontuan hartu behar da, dena den, ahozko epaiketaren azken txanpan akusazioa aldatu dezakeela fiskaltzak.

Bestalde, diru publikoa bidegabe erabiltzegatik ere badaude auzipetuta buruzagi horietatik guztietatik bederatzi, eta delitu horrek eragin ditzake espetxe zigorra, inhabilitazioa, edo isunak.

Filtrazioaren berri edukitakoan, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Twitterren idatzi zuen epai «onargarri bakarra» absoluzioa izango dela. Quim Torra Generalitateko presidenteak ere behin baino gehiagotan errepikatu du absoluzioa ez den beste epairik ez duela ontzat emango. Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatua ere Twitter bidez mintzatu zen: «Gutxieneko zigorrak, badakitelako injustua dela: biolentziarik gabe ez dago matxinadarik. Legea hertsiki aplikatzeko beldur dira, kostu elektoralengatik».

Sanchezen plana

Kataluniako autogobernua handitzeari buruzko bozketa batera deitu nahi du Pedro Sanchezek. La Vanguardia eta El Periódico de Catalunya egunkariek atzo argitaratu zutenez, hori esan zien kazetariei herenegun, solasaldi informal batean. Horretara heldu aurretik, egoera «normalizatu» nahi du aurrena, eta gero «proposamen politiko bat» egin kataluniarrei. Estatutu berri bat bozkatzeak gauzatuko luke plana. Beste inoiz halakorik proposatu izan du Espainiako presidenteak, eta Torrak atzo baztertu egin zuen, berriro, «autonomista» dela iritzita. Politikari presoen askatasuna aldarrikatzeko Cims per la Llibertat egitasmoan parte hartu zuen Generalitateko presidenteak.

Bestalde, David Bonvehi PDeCATeko presidenteak nabarmendu zuen ez dutela asmorik Crida Nacional Puigdemontek hauspotutako mugimenduan «disolbatzeko». «Badaukagu alderdi bat», gehitu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna