«Bonba bat erori zen etxean»

Munduan 41,3 milioi desplazatu daude: inoizko kopururik handiena. Iaz, 28 milioi desplazatuk utzi behar izan zuten etxea: 10,8 milioik gatazken eraginez, eta 17,2k hondamendi naturalen ondorioz

Yemengo emakume bat seme-alabekin, desplazatuen gune batean, Sanan. Yemengoa munduko krisi humanitariorik larriena da; 26 milioi lagunek behar dute laguntza. YAHYA ARHAB / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Huthiak Itsaso Gorriko bi portutatik erretiratzen hasi dira, elkarrizketak ahalbidetze aldera, azaroan gobernuarekin egindako akordioaren harira. Yemengo Hudaida portu estrategikotik, berriz, bihar dira erretiratzen hastekoak. Fadiak, baina, aspaldian egin behar izan zuen ihes matxino huthien esku dagoen hiritik. «Erasoengatik egin genuen ihes; gure etxearen bi alboetan erortzen ziren bonbak. Ezin genuen lorik egin, eta gure seme-alabak izututa zeuden; gauero ezkutatu egiten ziren».

Saudi Arabiak zuzentzen duen nazioarteko koalizioak duela bost urte hasi zuen matxinoen kontrako erasoaldia, eta ordutik gerra betean dago herrialdea. Yemengo krisi humanitarioa munduko larriena da, eta hori desplazatuen testigantzetan islatzen da. «Ahizpak eta ama abaya janzten ari ziren bitartean, eta neba atea ixten ari zenean, bonba bat erori zen etxean». Leilaren hitzak dira. Emakumea Taiz hirian bizi zen, eta haren lekukotasuna jaso du Amnesty Internationalek. Aita eta Leila baino ez ziren bizirik atera. Sendia Ramadana ospatzera joana zen etxera, bi hilabetez beste auzo batean babestuta egon ostean. «Astebete generaman etxean, baina bezperako gauean aire erasoak hasi ziren, eta goizaldean eskolari eraso zioten; horregatik alde egitekoak ginen berriz ere».

Leila munduan dauden 41,3 milioi desplazatuetako bat da. IDMC Barne Desplazamenduak Ikuskatzeko Zentroak argitara eman duen txostenak zehazten du inoizko kopururik handiena dela. Desplazatuak jaioterriaren muga zeharkatu gabe etxea utzi behar izan duten iheslariak dira, errefuxiatuak ez bezala. 2018an, 28 milioi lagunek alde egin behar izan zuten etxetik: 17,2 milioik hondamendik naturalen ondorioz, eta 10,8 milioik gatazken ondorioz. Beste 25 milioik, etxea uzteaz gain, herrialdeko muga ere zeharkatu dute; errefuxiatuak, alegia. Orotara, 66 milioi iheslari baino gehiago dago munduan.

Zaurgarrienak

Vicente Anzellini txostenaren egilea, dena den, zuhurra da datuekin: «Gure kalkulua oso kontserbadorea da, jende askoren kokalekua ez baitago jakiterik. Edonola ere, duela hiru urtetik desplazatuen kopurua ez da 40 milioiko zifratik jaitsi, eta, aurreneko aldiz, 41 milioiko kopurua gainditu dugu».

Desplazatuak zaurgarrienen artean zaurgarrienak direla uste du ikerlariak: «Errefuxiatuez asko hitz egiten da, nazioarteko politiken beharra dutelako, baina desplazatuentzat ez dago araudirik, eta, ez dutenez muga zeharkatzen, tokian tokiko politiken esanetara daude, eta jasotzen duten arreta negargarria da».

Etiopia (2,9 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (1,8) eta Siria (1,6) daude aurrenekoak gatazken eta gerren ondorioz desplazatu gehien dituzten herrialdeen zerrendan. Somalian, Libian eta Yemenen ere itzelak dira gerra zibilen ondorioak. Txostenak, hala ere, agerian utzi du gero eta gehiago direla klima aldaketaren eraginez etxea utzi behar izan dituztenak: lehorteengatik, zikloiengatik, tifoiengatik... Indian, esaterako, milioika lagun daude aterperik gabe, duela astebete zikloi batek herrialdearen ekialdea astindu baitzuen.

Ikerlariek ohartarazi dute, halaber, desplazatuek gero eta denbora luzeagoa ematen dutela etxetik kanpo. Siriarren kasua da hori, askok zazpi urte luze baitaramatzate etxetik kanpo. Eta gerrak ez du etenik: apirilaren amaieraz geroztik, 180.000 lagunek egin dute ihes ipar-mendebaldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.